AMAIUR MAYO: “Finalerdietara iritsi gaitezkela uste dugu eta tituluaren bila joango gara”

AMAIUR MAYO: “Finalerdietara iritsi gaitezkela uste dugu eta tituluaren bila joango gara”
2022/01/14 eta kitto!
Abenduaren 31an 26. Eibarko Kirol Sariak banatu zituen ...eta kitto! Euskara Elkarteak eta Amaiur Mayo errugbilariak jaso zuen sari nagusia. Herriko errugbiaren ikur eta emakumezko taldearen liderra, Eibar Rugby Taldeko jokalariak esker onez jaso zuen saria eta familiarekin partekatu zuen lorpena.

 

Zorionak Eibarko Kirol Sarietan sari nagusia jasotzeagatik!

Saria emango zidatela esan zidatenean harritu egin nintzen, ez nuen espero. Hala ere, sari banaketan esan nuen bezala, saria ez da niretzat bakarrik, taldean lortutako zerbait da. Bai, ni hartu naute erreferente moduan, baina errugbia talde-kirola da eta talde barik ezinezkoa izango litzateke sari hau lortzea. Oraindik ezin dut sinetsi sari hau lortu izana, demaseko ohorea da!

 

Gainera, sari banaketan familia izan zenuen alboan: anaia Andonik beste sari bat jaso zuen eta Aitziber ahizpari lora-sorta eskaini zenion. Nola bizi izan zenuen?

Polita izan zen. Andonirena... beti egon da niren gainetik! (barreak) Oso kirolaria da eta zentzu horretan bera izan da erreferentea familian. Orain, txarkukrosean demaseko lana egiten dihardu eta polita da horrelako kirolak ezagutzera ematea.

 

Lehen errugbian egiten zuen berak ere. Zerikusia izan zuen zuk errugbian hasteko?

Berak foballean egiten zuen lehenik eta errugbian hasi zenean aitari esaten nion nik ere errugbian egin nahi nuela. Sasoi hartan oso txikia nintzen, baina aurrerago jakin nuen nesken taldea sortu behar zutela eta probatzera joan nintzen. Gero beste erreferente batzuk izan ditut, baina nire anaia izan da gakoa nik errugbian jokatzeko.

Amaiurren familia

 

Zein beste erreferente izan duzu?

Hasierako urteetan ez nuen emakumezko errugbilaririk erreferente moduan, ingurukoez aparte. Gero, Getxoko taldean jokatzen duen neska bat ezagutu nuen, Barbara Pla, eta bera izan da erreferentea niretzat.

 

Orain zu zara erreferentea ume askorentzat. Horrela ikusten duzu zure burua? Ardura ematen dizu horrek?

Ez nintzen hortaz jabetzen, baina eskoletara errugbiari buruz berba egitera joan izan garenean bai ikusi dut ezagutzen nautela edo sare sozialen bitartez jarraitzen nautela. Klubeko umeen taldeetako jokalariekin bai sentitzen dut ardura puntu hori, eurentzat erreferentea naizelako. Beraz, gauza asko zaindu egin behar dira, baina norberaren izaerari eutsiz gero ez dago arazorik. Demasa da umeek horrela ikustea.

 

Nolakoak izan ziren zure hasierak errugbiaren munduan?

Lehenengo entrenamenduak 30 neska baino gehiago elkartu ginen eta bigarrenean zazpi besterik ez (barreak). Ez du zerikusirik gaur egun dugun jardunarekin, baina polita izan zen. Ez genuen entrenatzaile finkorik ere! Guretzat zerbait berria zen eta motibatuta geunden.

 

Sasoi hartan errugbia denbora-pasa zen edo serio hartzen zenuten?

Nahiko denbora-pasa zen. Astean birritan entrenatzen genuen eta batzuetan hiru lagun besterik ez ginen elkartzen. Horregatik, Arrasateko neskekin elkartzen ginen taldea osatzeko. Ondo pasatzeko egiten genuen errugbian eta ez zegoen lehiakortasun handirik. Urteekin aldatu egin dugu izaera hori, lehiakortasuna irabaziz eta ondo pasatzeari uko egin barik.

 

Nola bizi izan duzu taldeak izan duen eboluzioa?

Poliki-poliki eman den eboluzioa izan da eta aldaketa hori ez da bat-batekoa izan. Cristina Guntin entrenatzailea etorri zenean demaseko aldaketa eragin zuen klubean eta gure taldean: entrenamendu motak aldatu zituen, gimnasioan gogor hasi ginen lanean... Lehen urtea izan zen zailena, gauzak modu batean egitera ohituta geundelako, baina niri asko gustatzen zait lan fisikoa egitea eta asko motibatu ninduen.

 

Cristinaren etorreraz gain, zein izan da taldearen arrakastaren gakoa?

Talde guztiaren iraunkortasuna eta gogoa. Askotan partiduetan esaten dudan bezala, erdia baino gehiago gogo kontua izaten da.

 

Azken urteotan hainbat fitxaketa egin dituzue, nazioarteko jendea iritsi da taldera, baina oinarrian Eibarko blokeak jarraitzen du. Nolako garrantzia du horrek?

Berebizikoa da harrobiaren lana. 16 urtez azpikoak entrenatzen ibili nintzen eta jokalari batzuek lehen taldean jokatzen dute dagoeneko. Atzerritik datozen jokalarien ekarpena asko eskertzen dugu, esperientzia eta beste ikuspuntu bat ematen digutelako, baina gure oinarriak sendoak izatea garrantzitsua da. Beste talde batzuekin alderatuz Eibarren zerbait berezia izan dugu, beti egon gara batuta eta zelaian igartzen da.

 

Iazkoa zuen estreinaldiko denboraldia izan zen Iberdrola Ligan eta finalerdietara iritsi zineten. Demaseko emaitza da, baina zer falta izan zitzaizuen gehiago lortzeko?

Pentsatzen dut estreinako urtean liga irabaztea nahiko zatarra izango litzatekela (barreak). Psikologikoki ez geunden prest. Finalerdietako partiduan ez genuen jakin neurketa eramaten. Irabazten hasi ginen, atsedenetik bueltan berdindu egin ziguten eta azkenengo momentuan galdu genuen tontokeria batengatik. Hala ere, uste dut ondo egon zela ez irabaztea, bestela erretiratzeko moduan egongo ginateke! (barreak).

 

Nola ekin diozue aurtengo denboraldiari?

Liga hobeto ezagutzen dugu eta asko aldatzen dela dakigu. Hori bai, iazkoa ikusita, aurten are gogo gehiagorekin egin diogu aurre denboraldiari, gauza handiak lortzeko asmoz. Orain lehen lau sailkatuen artean gaude eta liga luzea da. Bigarren itzuliarekin hasi berri gara, baina finalerdietara iritsi gaitezkela uste dugu eta tituluaren bila joango gara.

 

Maila pertsonalean zein helburu jarri dizkiozu denboraldiari?

Pandemiaren ondorioz iazko denboraldia murriztu egin zuten eta motza egin zitzaidan. Entrenatzea eta teknika hobetzea asko gustatzen zait, eta taldearekin aipatutako helburuak lortzeko egingo dut lan.

 

Euskadiko eta Espainiako selekzioarekin ibili zara. Espainiakoarekin, gainera, hondartza-errugbian eta zazpiko errugbian. Nola moldatzen zara modalitate horietan?

Hondartza-errugbiaren arauak guztiz ezberdinak dira, guk ere nola jokatzen zen ikasi behar izan genuen. Zazpiko errugbia, bestetik, hamabostekoa baino gehiago gustatzen zaidala esan dezaket. Errugbiaren oinarriak ditu (paseak, plakaketak, meleak...), baina beste gauza bat da.