Ana Galarraga (Zientzia komunikatzailea): “Txertoa lorpen handia da, baina ez da izango erabateko konponbidea”

Ana Galarraga (Zientzia komunikatzailea): “Txertoa lorpen handia da, baina ez da izango erabateko konponbidea”
ETA KITTO 2020, Abe 30

Zientzia komunikatzailea da Ana Galarraga (Zarautz, 1970) Elhuyarren. Albaitaritzan eta elikagaien zientzian eta teknologian lizentziatua da, eta gaur egun zientziaren dibulgazioan dabil buru-belarri, irratian, telebistan, nahiz idatzizko komunikabideetan. etakitto.eus webguneak astero zabaltzen ditu haren minutu bateko informazio-pilulak. Pandemiari buruzko argibideen bila jo dugu berarengana.

Hasi dira herritarrak COVID- 19aren kontrako txertoarekin bakunatzen. Gure arazo guztiak konponduko ditu txertoak?
Txertoa lorpen ikaragarria da ikuspegi tekniko eta zientifikotik, baina zati bat bakarrik da, oraindik gauza asko daude egiteko. Denbora errekorrean egin da, inoiz baino koordinazio eta finantziazio handiagoa izan delako; aldez aurretik egindako txertoen ikerketak eta jadanik martxan zeudenak baliatu dira horretarako. Txertoak pandemian zer eragin izango duen beste kontu bat da. Ez da izango erabateko konponbidea. Baten batek hori espero badu, frustrazioa sor diezaioke, itxaropen faltsua da. Momentuz behintzat txerto hauek balio dute gaitzak bere alderik gogorrena ez izateko. Norbait kutsatzen bada ere, gaixotasun arin bat izango du, ez da izango larria eta horrela, jakina, hildako gutxiago egongo dira; ospitaleratzeak ere gutxituko dira eta horrek lasaitasun izugarria ekarriko du gizarte eta osasun mailan. Baina ez ditu konponduko beste arazo pila bat, horietako asko eta asko ez dituelako pandemiak sortu, esate baterako, ikuspegi ekonomikotik eta genero ikuspegitik gizartean dauden arrakalak, migratzaileen egoera… Arazo horiek COVID-19ak aregotu ditu, baina ez ditu berak sortu. Gaitzak batzuei beste batzuei baino gehiago eragiten die. Diferentzia horiek arrazoi sozial, ekonomiko eta politikoak dituzte, eta ez dira desagertuko txertoarekin.

Txertaketa “mailakatua” izango dela, eta, horrenbestez, “pandemiaren amaieraren hasiera” dela esan digute, eta ez “pandemiaren amaiera”. Babesten jarraitu beharko dugu, beraz?
Txertoak, esan dugun moduan, gaitzaren alderdirik larrienak eragozten ditu, baina ez du transmisioa mozten. Momentuz, tratamendu eraginkorrak sortu arte, babesten jarraitu beharko dugu. Ikuspegi mediko batetik pandemiaren konponbidea etorriko da arrisku taldeko guztiak txertatuta daudenean, eta behar duten guztiengana iristen denean. Hala ere, talde zaurgarrienetako batzuk ezingo dute hartu, hain justu horregatik, hain zaurgarriak izanda txertoak kalte egin diezaiekeelako. Beste batzuk ezingo dute hartu osasun-sistematik marginatuta daudelako. Pentsatu behar dugu beti egon daitekeela jende zaurgarria, eta haiek ez kutsatzeko gu geu babestu beharko garela.

Txertoa lorpen handia izan da eta hemen dago. Tratamendua ere aipatu duzu…
Gaitzak hiru hanka ditu: txertoa, tratamendua eta diagnostiko-kontrolak. Momentuz lehenengoa lortu dugu, txertoa. Baina oraingoz ez dago berariazko tratamendurik. Hori garatzen denean asko hobetuko dugu. Eta hirugarren pausua diagnostikoa litzateke. Autodiagnostikorako proba merke, eraginkor eta errazak lortzen baditugu (adibidez, odolarekin egin beharrean txistuarekin egitekoak), eta emaitza momentuan ematen badigute, horrekin sarrera librea izango genuke kontrolatutako guneetan,  esate baterako unibertsitateak, eskolak, ospitaleak, zaharren etxeak, kontzertuak… Hori ere lortuko bagenu askoz ere kontrolatuagoa izango genuke gaitza.

Beraz, pazientzia izan behar dugu oraindik. Prest al dago gizartea?
Oso frustantea izan daiteke jendearentzako, neke ikaragarria sortzen duelako beti kontu handiarekin ibili behar izateak: maskara egokia izan eta denbora guztian jarrita eduki, distantziak gorde, eskuak etengabe garbitu, adi egon pertsona zaurgarriekin… Hori guztia gure izaeran txertatuta dauden jokabideen kontra dago. Bai kulturalki eta bai espezie bezala, pertsonok dauzkagun ezaugarri askori uko egin behar diegu, eta hori da egin behar duguna birusaren transmisioa eten nahi badugu. Orduan oso logikoa eta ulergarria da jendea nekatuta egotea. Txertoarekin dena konponduko zela uste genuen, neurri batean horrela “saldu” digutelako. Engainatuak izan garela pentsatzea zilegizko da, eta oso arriskutsua, eta demokraziaren kontrakoa bihurtu daiteke. Haserrea, frustrazioa eta beldurra oso konbinazio egokiak dira autoritarismoarentzat eta eskubiko sektoreentzat, eta gizartea manipulatzeko erabiltzen dela ikusi dugu pandemian zehar.

Jende askok esaten du ez duela oraingoz txertoa jarriko, nahiago duela itxarotea. Zergatik sortu da txertoarekiko errezelo hori?
Txertoa oso azkar garatu da, eta nire ustez errezeloa horrekin lotuta dago. Gainera, komunikazioan nabarmen geratu da farmazia-konpainien arteko lehia bat eman dela lehenengoak izateagatik. Hori ikusita, ulertzekoa da errezeloa sortzea. Ez zait batere etikoa iruditzen horrela komunikatu izana, hau da, propaganda erabiltzea arazoa hain larria denean. Egia esan, komunikazio-akatsa egon da hasieratik alderdi askotan, eta beldur naiz ez ote duten jakingo, txertoaren kasuan, lehen esan dudana transmititzen, hau da, txertoa oso ona dela, segurua, baina mugak dituela.

Zergatik gertatzen dira horrelako komunikazio-akatsak? Hain zaila da horrelako gauzak argi eta garbi azaltzea?
Ez da gauza berria. Orokorrean gure agintariek autoritarismo handiarekin eta infantilizazio ikaragarriarekin tratatzen gaituzte. Daukagun sistemak ez gaitu gizarte bezala boteretzen. Hori horrela zen eta orain are eta gehiago gelditu da agerian. Edozein neurri ematerakoan, arrazoitu beharrean eta gizarteari parte hartzeko aukera eman beharrean, normalean beste bide bat hartzen da: “Nik agintzen dut,  goian hau erabaki dugu eta horrela izango da”. Eta arrazoiak ezkutuan geratzen dira edo, batzuetan, kontraesanean dauden arrazoiak ematen dizkigute. Horrela gaude ohituta eta pandemian ere horrela ari da gertatzen, esate baterako, prebentzio-neurriekin (maskarak, tabernak itxita edo irekita…). Ez digute ondo azaldu zein den arriskua eta arrisku horri aurre egiteko zeintzuk diren hartu beharreko neurriak, eta zein den norberaren ardura. Ardurarekin gogoratzen dira bakarrik bukaeran, errua banatzeko. Oso sentimendu arriskutsua da,  eta oso lotuta dago lehen aipatzen genuen gizartearen manipulazioarekin. Ondo azaltzen badizute zein izan behar den zure jokabidea, zuk zeuk hartuko dituzu neurri horiek, zu zarelako zeure familia arriskuan jarri nahi ez duzuna.

Nolako garrantzia du gizartearen portaerak? Herrialdez herrialde desberdintasun handiak ikusi dira pandemiaren eraginari eta garapenari dagokienean.
Pandemia bat gizartearen portaeran oinarritzen da. Herrialde bakoitzean desberdina da portaera, beraz, ezin dira konparatu. Birusaren transmisioa nolakoa den ulertzeko portaera oso ondo ulertu behar da, eta erabakiak hartu behar duten horien artean soziologo, psikologo eta antropologoek ere parte hartu behar dute. Kasu gehiena egingo diote ekonomiari, nola ez, baina ez al da harrigarria portaeren zientziei garrantzirik ez ematea? Hutsune handia ikusten dut hor.  Gauza berriak dira eta oso konplikatua da dena, eta ez badigute ondo azaltzen, oraindik gehiago. Erabaki potoloak hartzeko benetako ebidentziak behar izaten dira, jendearen ohituren kontra baldin badoaz. Bestela, atxikimendua oso txikia izango da eta ez duzu ezer lortuko.  Komunikazioan dago gakoetako bat. Bestalde, gardentasun falta, datuen manipulazioa gelditu da agerian. Orain dela gutxi jakin dugu jakinarazten zirenak baino kutsatutako gehiago zegoela ospitaletan. Eta antigenoen bidez diagnostikatzen zirenak ez zituztela komunikatzen, nahiz eta jakin positiboak zirela. Eskandalo bat da, baina ez da ezer gertatzen.

Erruduntasun-sentimendua aipatu duzu bideoetako batean. Noiz ematen da sentimendu hori eta nori eragiten dio gehien?
Batetik, osasun-langileetan gertatzen da, uste dutelako askotan ez dutela pazientea behar bezala zaindu (gehienetan denbora eta baliabide faltagatik izaten da). Bestetik, gaitz honekin eta beste batzuekin ere, beldurra izaten dute eurak kutsatzeko eta beste norbaiti transmititzeko. Sentimendu hori ematen da  ZIUra zein dihoan erabaki behar dutenean ere. Hori psikologikoki oso gogorra da eta, neke fisikoa gehitzen bazaio, hori ez bada gainditzen, traumak sortu daitezke. Gauza bera gertatzen da osasun-langileak ez diren biztanle askoren artean, batez ere ardura sentitzen duten edo ardura beraganatuta duten pertsonetan, etxekoandreak, zaintzan aritzen direnak edo bere ardurapean beste pertsona batzuk dituztenak. Horregatik kontu handiz ibili behar da arduragabeak garela esaten digutenean edo errua norbaitena izan dela esaten denean. Orain daukagun intzidentzia-tasarekin zorizkoa da kutsatzea, ez dago norberaren esku transmisioa etetea. Ahal duzun guztia eginda ere, gertatu daiteke.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »