Ander Barrenetxea, mendi korrikalaria: “Abuztua baino lehen lasterketaren bat egitea oso zaila ikusten dut”

Ander Barrenetxea, mendi korrikalaria: “Abuztua baino lehen lasterketaren bat egitea oso zaila ikusten dut”
2020/04/20 22:25
eta kitto!
Mendian bikaina moldatzen da Ander Barrenetxea Leyaristi. Han egiten du kirola eta maila handia erakusten du, baina koronabirusak etxean egotera behartzen dio. Mendi korrikalari eibartarra Euskal Selekzioaren kidea da eta Euskal Mendizale Federazioak elkarrizketatu egin du bere egoera zein den ezagutzeko.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x300

- Nola daramazu berrogeialdia?

Egia esan, nahiko ondo daramat egoera berri bezain ezberdin hau. Garbi dago ez dela nahi edota aukeratu dugun egoera, baina hau da etorri zaiguna, beraz, ahalik eta ondoen kudeatzea tokatzen zaigu.

- Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?
Momentu hauetan sasoia ahalik eta ondoen mantentzeko arrabola erabiltzen dut gehien bat. Indarrezko eta kore ariketa dezente ere egiten ari naiz, eta TRXa eta Bosu moduko tresnak erabiltzen ditut horretarako. Batez ere urtean zehar gutxiago egiten ditudan edo pixka bat nahigabe alde batera uzten ditudan ariketa horietan nago murgilduta.

- Aurten zein egutegi egiteko asmoa zeneukan?
Hasiera batean Espainiako Kopa, Espainiako Linea eta Ultra txapelketak, eta nola ez, Zegama Aizkorri egitea zen nire asmoa, tartean beste bi edo hiru lasterketa sartuaz prestakuntza moduan.

- Ekainetik edo uztailetik aurrera zerbait jokatuko denaren esperantzarik baduzu?
Berrogeialdiarekin hasi ginenean Zegama egiteko aukera ere ikusten nuen, baina egunak pasatzen joan diren neurrian abuztua baino lehen lasterketaren bat egitea oso zaila ikusten dut. Nire kasuan behintzat, orain, lasterketetan ez pentsatzen ahalegintzen naiz, oso egoera berezia zein berria bizi baitugu. Momentu hauetan nire helburua da eskura ditudan baliabideekin ariketa egitea eta ahalik eta sasoirik onenean mantentzea. Normaltasunera gerturatzen goazen neurrian izango dut lasterketetan pentsatzeko denbora.

- Zein ziren 2020rako zure helburuak?
Esperantzarik handienak Espainiako Ultra Txapelketan eta Zegaman nituen jarriak. Helburuak, berriz, ultra txapelketan iazko 8. postua hobetzea, eta Zegaman 4 ordu eta 20 minutuko denbora jaistea ziren.