Andoni Mayo: “Txakurrentzat joko modukoak dira lasterketak, asko gozatzen dute korrika egiterakoan”

Andoni Mayo: “Txakurrentzat joko modukoak dira lasterketak, asko gozatzen dute korrika egiterakoan”
ETA KITTO 2022, Ots 18

Domekan jardunaldi berezia izango dugu gurean, Amaña auzoan bereziki. Bigarren aldia da horrelako zeozer hain gertutik ikusteko aukera duguna, orain dela bi urte pasata Arraten ere egin zelako beste lasterketa bat. Gainera, proba honekin amaituko da oraingo Euskadiko Txakurkros Liga, horrek ziurtatzen duen parte-hartze bikainarekin. Eibartarrak ere izango dira tarteko eta, hori aprobetxatuz, Andoni Mayo gure herriko goi mailako ordezkariarekin izan gara. Podiumean izatea ez du baztertzen Dexter txakurraren bikoteak.

 

Eibarren antolatzen den bigarren txakur-krosa izanda, zergatik azaltzen duzue kartelean lehenengoa bezala?

Orain dela bi urtekoa Arraten egin genuelako eta oraingoan Amañan prestatu dugulako. Aurrekoan Klub Deportiboa izan genuen lagun antolatzeko eta oraingoan Amaña es la Cañakoak izan dira inplikatu direnak domekako proba egiteko. Azken batean, bagenuen asmoa txakur-krosa herrira jaisteko eta hori lortu dugu. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraitu nahi dugu eta proba herrian finkatzea nahiko genuke. Unbe ingurura eramatearena ere hor dago… Hurrengo edizioetan ikusi behar.

 

Zenbat parte-hartzaile aurreikusten duzue gutxi gorabehera?

80 kirolaritik 100era izango dira, seguru. Astelehenerako 60 ziren izena emandakoak. Gainera, aurtengo Euskadiko Txakurkros Ligako azken proba izango da gurea. Urrian hasi genuen Liga hori eta aurreko asteburuan Hondarribian jokatu genuen bederatzigarren proba, azkenaurrekoa. Eibarren Liga amaitzeak sari-banaketa ekitaldia luzatzea ere ekarriko du, probaren beraren emaitzen araberako sarietatik kanpo Ligaren azken sailkapenei dagozkienak ere banatuko direlako. Ziriako Agirre kalean, Amañako plazaren erdigunean, hasi eta amaituko da proba.

 

Zenbat proba jokatuko dira guztira?

Probei dagokienez, benetako lasterketaren hasiera goizeko 11:00etarako dugu iragarrita. Sei kilometroko luzera izango du eta igoera metatua 300 metrokoa izango da; hori da kirolariek gainditu beharko dutena euren txakurrez lagunduta. Behin proba nagusia amaituta, haurren lasterketari ekingo diogu, 12:30ean, eta hor edozein umek hartu ahal izango du parte, txakurra izan edo ez. Lasterketa txiki hori Ospitaletik Amesti tabernaraino doan Berdintasunaren Pasealekuko zati horretan egingo dugu. Azken batean, jendea animatzeko egiten dugu, horrelako lasterketak herritarren artean zabaltzeko.

 

Aurretik, dena dela, goizeko 08:30ean albaitari kontrola duzue. Txakurrek kontrol berezirik pasatu behar izaten dute?

Ez da gauza berezirik eskatzen; baina, jakina, gutxiengo batzuk betetzea beti komeni da. Txerto batzuk hartu dituzten begiratzen da eta, horrez gain, ea txakurrak egoera onean dauden. Bestalde, erabiltzen dugun materiala ere begiratzen dute. Behin guzti horretatik pasatuta, 10:30ean lasterketa aurreko bilera egingo dugu, gauzak zehazteko eta sortu daitekeen edozein zalantza argitzeko.

 

Eibartik zenbat izango zarete parte hartzen?

Nirekin batera, Sonia Dominguez, Unai Fernandez eta Josu Villar izango dira. Kirol honetan ere orden horretan hasi ginen: ni izan nintzen aitzindaria, Soniak jarraitu ninduen, eta Unai eta Josu geroago hasi dira, baina badoaz esperientzia hartzen.

 

txakur eibarko hirukotea

 

Zein asmorekin hartuko duzu domeka goizeko proba? Jaioterria izanda, erantzukizun gehiago akaso?

Euskadiko Txakurkros Ligako sailkapenean, laugarren edo bosgarren nago orain. Eta gustatuko litzaidake orain dela bi urte eskuratutakoa, hau da, podiumean sartzea lortzea berriro ere. Orduan hirugarren geratu banintzen, ea lasterketa ona ateratzen zaigun antzerako emaitza lortzeko.

 

Zuk zeuk zenbat urte daramatzazu txakur-krosean?

Lau-bost izango dira dagoeneko. Zeus txakurrarekin hasi nintzen eta orain Dexter-ekin hartzen dut parte. Ondo konpontzen nintzen harekin eta bikain nabil gaurkoarekin ere.

 

Zelan entrenatzen duzue? Txakurrek prestaketa berezia eskatzen dute?

Bakoitzak bere estiloari jarraitzen diola esango nuke, ez dago guztiok jarraitzen dugun gidalibururik. Ni txakurra solte eramatearen aldekoa naiz, erosoago sentitzen naiz eta baita bera ere. Berak badaki tiratzen tiratu behar duenean; gainera, txakurrentzat probak jokoa dira, gisa horretara hartzen dituzte lasterketak, besteei jarraitzeko modura, ez gehiagorik.

 

Bizikleta gaineko probetan ere hasi zara azken aldian. Bide horretatik jarraitzeko asmoa duzu?

Probatzen hasi eta gustura nabil. Eta jarraituko dut, zergatik ez? Aixolako urtegiaren inguruan, han gainean ibiltzen naiz askotan, baina hemen inguruan ez dugu aukera askorik, leku aproposen falta nabaria da. Ikasten dihardugu, baina zailagoa da txakurrentzat.

 

Zein arrazatako txakurrak dira aproposenak txakur-kroserako?

Guztiek balio dute, korrika egiteko prest ez dagoen txakurrik ez baitago. Hori bai, arnas-kontuei ere erreparatu behar diegu, eta arlo horretan mutur planoa dutenek, bull-dog-ek eta halakoek, arazoak izan ditzakete. Brakoak ikusten ditut nik aproposen, Dexter ere arraza horretakoa da, baina badira gero eta nahasketa gehiago arlo horretan ere. Garrantzitsuena bizkorra eta iraupen askokoa izatea da, askoz hobeto moldatzen dira halakoak. Hor ere bakoitzak ikusi behar du zeinekin moldatzen den egokien, aldapetan ere gorantz izan, edo beherantz, ez delako gauza bera… Batez ere, 30 kiloko txakur handia baduzu. Setter-ak eta pointer-ak ere asko ikusten dira, baita collieak ere.

 

Eta ehunekotan neurtzen hasita, zenbateko pisua edo meritua emango zenioke txakurrari horrelako lasterketetan? Zuona baino handiagoa?

Aldapa goran %80 bai behintzat. Ondo tiratzen badu, oinkada handiagoak ematera behartuko zaituelako. Egia esateko, tenperatura zenbatekoa den ere garrantzitsua da horrelako probetan, eta txakurrentzat ere egun guztiak ez dira berdinak izaten. Berbarik egiten ez dutenez… Zuk erreparatu behar diezu horrelako kontuei. Eurek %100 emango dute beti; zuri jarraitzea tokatzen zaizu.

 

Zer esango zenieke modalitateaz jakinmina izan eta lehen urrats hori emateko beldurrez daudenei?

Kentzeko beldur hori, askotan ezjakintasunak sortutakoa delako. Probatzeko, ez izateko beldurrik. Txakurrek ere bikain pasatzen dutela, gustura ibiltzen direla, jokoa balitz hartzen dutelako. Gero eta zabalduago dagoen kirola da, gero eta herritartuago bihurtzen diharduena. Etzi Amañan gertu-gertutik ikusteko parada bikaina eskainiko dugu, Euskal Herriko onenak tartean daudela.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »