Andrea Gonzalez Caballero: “Musikari on batek jendearekin bat egiteko ahalmena izan behar du”

Andrea Gonzalez Caballero: “Musikari on batek jendearekin bat egiteko ahalmena izan behar du”
ETA KITTO 2017, Aza 23

8 urte bete zituen egunean bi gitarra berri jaso zituen Andreak. Ez zen ohiko oparia izan, berak irabazi baitzituen gitarra biak,  Jose de Azpiazu lehiaketaren sari nagusi bi irabazi zituenean. 17 urte geroago, bihar,  barixakuan (hilaren 24an), laugarren aldiz joko du bere jaioterrian. Andrea Gonzalezek “ordubete inguruko” gitarra kontzertua  eskainiko du Coliseoan, 20:30ean hasita. Estilo  ezberdinez jantziko du ekitaldia: Manuel de Fallaren doinuak, Joaquin Clerch konpositorearenak, Antonio Manjon musikagilearen “Aire Vasco” kantaren aurkezpena. Ez dira faltako Naxos nazioarteko konpainiarekin grabatu berri duen bere lehen diskoko zatiak ere. 

– Zer da zuretzat Coliseoan jotzea? Ez da lehen aldia jaioterrian jotzen duzula, ezta?
Ilusio ikaragarria egiten dit, aurretik izandako esperientziak ere oso positiboak izan zirelako. Oraindik gogoan ditut Eibarren jo ditudan hiru aldiak: 14 urterekin bakarrik jardun nuen, gero bikotea osatu nuen nire irakasle batekin eta, azkenik, orkestarekin . Guztiak izan zitzaizkidan aberasgarri eta, formatu ezberdinak eskainita ere, jendeak oso ondo hartu ninduen, hor egon zen beti nahi izan dudan gertutasun hori.

– Zelan prestatu duzu 24ko kontzertua? Egongo da inprobisaziorako tarterik?
Egitarau zehatzik prestatu ez dudan arren, eskainiko ditudan lanak ataletan banatzeko asmoa dut, guztiak ere aurkezpen labur batekin lagunduta, jendea kokatzeko. Hori bai, abuztuan kaleratu nuen nire lehen diskoko hainbat lanek protagonismoa izango dute kontzertuan eta, bestelako atalei dagokienez, musika espainiarra, Kubako konpositoreena eta beste ez dira faltako.

– Hainbeste urte kanpoan egiteak ez dizu herriminik pizten? Zenbatero etortzen zara Eibarrera?
Ahal dudanean, batzuetan gehiagotan, beste batzuetan gutxiago. Hiru bat aldiz bai urtean: Gabonetan beti, eta uda aldean askotan. 2010. urte amaieran irten nintzen ikastera eta, ordutik, kanpoan nago, Alemanian batez ere. Hala ere, nire kultura etxekoa da eta ez naiz germaniarrekin larregi identifikatzen.

– Zenbat urte geratzen zaizkizu oraindik Alemanian?
Azken urtea geratzen zait. Orain arte karrera egin dut eta baita masterra ere. Ez da bide erraza izan, baina ahalegina eginez eta konstantea izanda asmoak bete ahal izan ditut. Orain maila gorena lortzeko nabil ikasten. Ez gara asko horraino heldu garenok eta kontzertista izateko diplomaren bila dihardut; graduazioa eskuratzeko orkestarekin joko dut.

– Gitarra ikasketak eta horrelakoak ez dira izaten luzeak eta neketsuak? Zenbat ordu eskatzen dizute egunero?
Egia da prozesuak luze jotzen duela, azken batean kontuan baduzu, gainera, ikasketa horiek bizitza guztian lagunduko dizutela, zurekin eramango dituzula. Baina nik ez dut ikasten gero sari bat izateko, gustatzen zaidalako baizik, gitarrarekin gozatzen dudalako. Ez dago ezer handiagorik kontzertu bat eskaini ondoren jasotzen dituzun zorion guztiak baino. Egunerokoan, bestalde, lau bat ordu eskaintzen dizkiot gitarrari.

– Zer da beharrezko musikari ona izateko? Zelako dohaiak izan behar ditu?
Profesionalki jarduteko orduan, argi dago teknikaren jabe izan behar duela. Gero, zalantza barik, nortasuna eta publikoarekiko enpatia. Kontzertuak ez dira kirol lehiak: hemen ez du irabazten lehenengo heltzen denak, mundu hau subjektiboa da oso, pertsonala guztiz. Jendeari gustatzen zaiona misterioa bihurtzeraino.

– Baduzu idolorik zure esparruan, kontzertisten artean?
Erreparo piska bat ematen dit izenak ematen hastea, baina behin bustitzen hasita Paco de Lucia aipatuko nizuke. Bere musika flamenkoa bada ere, lehen esandako publikoarekin sortzen zuen harreman berezi horrek estilo guztietakoen idolo bihurtu zuen. Asko miresten dut Martha Argerich pianistaren lana ere, zelako indarra erakusten duen aktuazio bakoitzean.

– Eta, irabazitako saritik, zein izan da garrantzitsuena zuretzat horietatik? Zeinek piztu zizun ilusio hanen?
Azkenak, iaz irabazi nuen Alhambra nazioarteko lehiaketako lehen sariak. 14.000 euroko saria izateaz gain, aukera eman dit atera berri dudan nire lehen diskoa kaleratzeko. Ordubete inguru irauten du -63 minutu zehazki- eta hainbat mugimendutan banatuta dago. Oso pozik geratu naiz egindako lanarekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »