Ane Davila, WeWant proiektua: “Guatemalarako laguntza lortzeko jaialdian parte hartzera animatu nahi dugu jendea”

Ane Davila, WeWant proiektua: “Guatemalarako laguntza lortzeko jaialdian parte hartzera animatu nahi dugu jendea”
ETA KITTO 2019, Mai 25

19 urteko eibartarrak Mondragon Unibertsitateak Oñatin eskaintzen dituen enpresagintza ikasketak egiten dihardu eta, horren harira, Guatemalako Santa Cruz de la Lagunako familiei laguntzeko WeWant proiektua sortu du. Horretarako dirua biltzeko asmoz, ekainean jaialdia egingo dute Hezkuntza Esparruko aretoan eta ekitaldi horretan parte hartu nahi duten eibartarrei dei egiten die.

– Nolatan ipini duzu martxan horrelako proiektua?

Oñatin Lidertza, Ekintzailetza eta Berrikuntza ikasten nabil eta berez karrera praktikoa da, hau da, ikasitakoa praktikan ipintzen dugu eta, klaserako lana izan arren, proiektuak errealak dira. Nire proiektua WeWant izeneko hau da eta 16 lagunek dihardugu honetan lanean. Helburu nagusia Guatemalan, Santa Cruz de la Lagunan bizi diren emakume eta haurrei laguntzea da. Familia indigena batzuk dira, han badute eurei laguntzeko Casa Milagro izeneko elkarte bat eta eta guk horrentzat laguntza lortu nahi dugu. Baina, lagundu ahal izateko, lehenik eta behin han nola dauden jakin behar dugu eta, horretarako, hainbat jarduera egiten hasi gara. Horrez gain, uztailean hara joango naiz, hilabete osoa han pasatuko dut. Eurei lagundu ahal izateko proiekturen bat asmatzea gustatuko litzaiguke, horrela laguntza epe luzerakoa izateko.

– Eta zergatik aukeratu zenuen Guatemala zure laguntza proiekturako?

Nik ez nuen aurretik proiektu hau ezagutzen, baina sozialki garatzeko proiektu batean interesa nuen. Hala ere, umeei hezkuntza kontuekin lagundu ahal izateko, edo emakumeekin lan egiteko, eurekin berba egitea oso garrantzitsua dela uste dut eta, beraz, alde horretatik hizkuntza menperatzea beharrezkoa zela ikusi nuen. Horregatik, Erdialdeko Amerikan gaztelerarekin erreztasun gehiago izango nuela pentsatu nuen eta horrela hasi nintzen inguru horretan martxan dauden proiektuen inguruko informazioa bila, elkarte hau aurkitu nuen arte. Proiektua interesgarria iruditu zitzaidan, laguntza emateko aproposa, hango arduradunari ere nire profila egokia begitandu zitzaion eta horrela hasi ginen kontaktuan.

– Zeintzuk dira hango premia nagusiak?

Casa Milagro elkarteak 10 urte daramatza lanean, han bizi direnei laguntzen. Ume askok ez daukate eskolara joateko modurik, familia askok eskolara joateagatik eskatzen duten diru apur hori edo hartu behar duten autobusa ordaintzeko ere ez dutelako. Horrelakoei aurre egiten laguntzen diete, haurrak eskolara joan ahal izateko. Horrekin batera, ikasten amaitzen dutenean lanean (turismoan…) hasteko laguntza ere ematen dute. Eta emakumeei ere laguntzen diete. Izan ere, han andrek etxetik kanpora lan egitea oso gaizki ikusita dago, etxe barruan, familiarekin egon behar dute eta horientzat afariak eta beste gauza batzuk antolatzen dituzte.

– Udan hara joango zara. Zein da zure asmoa?

Uztailean hara joanda “enpatia-mapa” modukoa sortu nahi dugu, nola bizi diren, nolakoak diren, zer pentsatzen duten… bertan jasotzeko. Eta, horrekin batera, ni han pixka bat integratzea nahiko nuke, ez izatea kanpotik joan den norbait, baizik eta euren bizitzaren parte izatea. Hango andrek haziak batu eta artisautza egiten dute eta, eurei laguntzeko negozio bat martxan ipintzea lortuz gero, hori onena izango litzateke.

– Une honetan Eibarren jaialdi bat antolatzeko lanean ari zara, nolakoa izango da ekitaldia?

Jaialdia ekainaren 21ean izango da, Hezkuntza Esparruko areto nagusian, eta normalean horrelako ekitaldietan parte hartzeko aukerarik ez duen Eibarko jende bila gabiltza, abesteko, dantzan egiteko edo dena delakoa egitera animatzeko. Dagoeneko badauzkagu parte hartuko duten hainbat lagun: Eibarko Koru Gazteko kideren batek abestu egingo du, neska gazte batzuek dantzan egingo dute… Herriko jendea eta taldeak parte hartzera animatu nahi ditugu, boluntario modura. Animatuz gero, 680155746 telefonora deituta edo ane@bekala.net helbidera idatzita ipini daitezke nirekin kontaktuan. Bestalde, proiektuari buruz gehiago jakin nahi dutenentzat, Instagram-en profila sortu dugu (@wewant.cm).

IMG-1910 IMG-1908 IMG-1584 IMG-1541

 

 

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »