ANTONIO SARASKETA: “Urkizu aldean babeslekuak egiten ibili nintzen”

ANTONIO SARASKETA: “Urkizu aldean babeslekuak egiten ibili nintzen”
2012/05/11 00:00
eta kitto!

-Nola bizi izan zenuen Untzagan jaso zenuen omenaldia?
Batzokian txikitatik egon naiz sartuta, Esteban Errasti, Santi Agirrebeñarekin… Koadrilan batzuk alde batekoak ziren eta beste batzuk bestekoak. Beraz, ilusio handia egin omenaldia jasotzea, EAJko kidea izan naizelako gaztetatik, 16 bat urte nituenetik. Gero, Frankoren sasoian, alderdia debekatuta egon zen, baina 1978an berriz legeztatu eta kide izaten jarraitu nuen. Orduan lokalean batzen ginen, izkutuan, eta han bilerak eta abar egiten genituen modu klandestinoan. ELAn ere sartu nintzen.
-Eta ikurriña altsatzea nolakoa izan zen?
Ikurriña altsatzen nuen 4. aldia izan zen omenaldikoa. Aurrenekoa gaztetan egin nuen, Batzokian; bigarrena, udaletxe aurrean; hirugarrena, Batzoki berrian altsatu nuen; eta, azkena, omenaldikoa izan zen. Ea beste behin altsatzeko aukera daukadan!
-1936an, bapatean, Gerra Zibila hasi zen. Nola gogoratzen duzu?
Gerra Zibila hasi zenean, EAJ Errepublikak estamentuak emango zion edo ez zain zegoen. Orduan, alderdia Errepublikaren alde sartu zen gerran. Gauetan errepide ertzeetan izkutatzen ginen, zein etorriko zen zain. Izan ere, esaten zuten nazionalak Bilbotik arma bila etorriko zirela. Beraz, auto bat hurbiltzen zen bakoitzean izkutalekutik irtetzen ginen eta zer zeramaten aztertzen genuen. Hori laga ostean, Maltzagan ibili nintzen gauza berdina egiten. Astean 3 gauetan ibiltzen ginen hori egiten eta, egunean zehar, normal egiten genuen beharra. Nik, adibidez, aroztegian egiten nuen beharra, Martin Errasti y Compañía zenekoan, Grabadores kalean.
-Bonbardaketen 75. urteurrena bete da berriki. Non zeuden momentu hartan?
Alfan igerilekua zegoen sasoi hartan eta lehenengo bonbak erori zirenean ni han negoen. Itxura denez, bonba hura Alfan erortzeko bota zuten, baina Markeskua jauregian jauzi zen. Gero, beste bat Arragueta kalean bota zuten. Bonba horrek Murua zenari besoa kendu zion. Horren ostean, Udalak bolondresak bilatu zituen babeslekuak egiteko. Nik Urkizu aldean egiten lagundu nuen, erreka zegoen tokian. Gaur egun iturria dagoen tokiaren azpian aho bi zeuden eta horiek tapatu genituen bertan jendeak babesa topa zezan.
-Nola moldatu zinen Eibartik eta bonbardaketetatik alde egiteko?
Jendeak agian ez du jakingo, baina Rialto zinema aretoan, gaur egun merkatu plaza dagoen tokian, apalak ipini eta Bilbotik ekarritako farmazia kontuekin eritegia antolatu genuen. Bestetik, zezen-plazaren gainean antiaereoa ipini genuen, Soraluzekoa zena. Nazionalek aurrera egiten zuten eta errefuxiatuak Eibarrera iristen hasi ziren. Eurek armak ekartzen zituzten izkutuan. Aurrerago, nazionalen aurrera egitearen ondorioz, makinak desmontatzen eta Zamudiora eramaten hasi ginen, besteek erabil ez zitzaten. Eta Zamudiora joan nintzen azken aldian, han geratu nintzen. Babeslekuak egiten egon nintzen han ere. Carpinteria Galdosen ibili nintzen, ugazaba Elgetakoa zelako, nire aita moduan, eta ezagunak ziren. Gero, Aralar Batailoian sartu nintzen bolondres. Respaldiza (Araba), Balmaseda (Bizkaia), Mieres (Asturias), Santander ingurua, eta Pinillan (Kantabria) ibili nintzen, besteak beste. Lehengusua Amaiur Batiloieko kapitaina zen eta han sartu nintzen, eta euskal batailoi guztiak Laredon batu ginen. Han preso hartu ninduten eta portaera ona izateagatik berriz ere gerrara bidali ninduten, baina beste aldekoekin. Solaresen Amerika 23 Batailoia zegoen eta Iruñara bidali ninduten lehenik. Gero Jaca, Sabiñanigo, Teruel eta Murtzian aritu nintzen. Orduan, Bartzelona erori eta Gerra Zibila amaitu zen. Beraz, Murtzatik Kartagenara eta handik Castellonera joan nintzen, hango foball taldeak fitxatu zidalako. Gainera, 2. mailatik 1. mailara igo zen taldea, baina ez nuen 1. mailan jokatzeko aukera eduki. Azkenean, 1939an Eibarrera bueltatu nintzen. 1941ean, ordea, Iruñara egin nuen bidaia hango Txantrea foball taldean jokatzeko. Partidu bakoitzean 3,50 pezeta ordaintzen zidaten eta 3 hilabete egin nituen bertan. Horren ostean, etxera bueltatu nintzen.
-Nola izan zen lehenik alde batekoekin eta gero bestekeokin gerran borrokatzea?
Derrigorrez borrokatu alde batean eta bestea, ez zegoen beste aukerarik. Hala ere, toki danetan ondo hartu nindutela esan beharra daukat. Ez daukat kexarik. Bartzelona erori zenean, gurekin katalanak, balentziarrak… zeuden, eta nirekin foballean ibili zen batek beste bandoan zeukan anaia. Orduan, fabore bat egiteko eskatu zidan. Bere anaia toki batean preso zeukatela jakin zuen eta ea berarengana joan nitekeen galdetu zidan hainbat gauza (sardina latak eta abar) eramateko. Bertara joan nintzen eta aske irten zela esan zidaten. Orduan, banatu egin nituen gainean neramatzan gauzak. Bestetik, tabakoa erosteko dirua neukan, lagunak emanda, eta trena hartu nuen. Orduan, nola jendea aske geratzen ari zen, trenak bete-beteta zindoazen eta nik goiko aldean egin nuen Madrilera bidaia. Ibilde luzearen ostean, Eibarrera iritsi nintzen.