Araceli Guerrero (Daiteke Aholkularitza): "Lan bila ari direnei ahal dugun guztian laguntzen diegu"

Araceli Guerrero (Daiteke Aholkularitza): "Lan bila ari direnei ahal dugun guztian laguntzen diegu"
2018/10/19 eta kitto!
Lanbideren zentro kolaboratzaile den Daiteke Gizarte Aholkularitzaren eskutik, Debegesako orientazio zerbitzuaren bidez enplegu bila ari direnek edo lan egoera hobetu eta euren prestakuntzara egokitutako lanpostua lortu nahi duten pertsonek doako laguntza jasoko dute. Daiteke Aholkularitzako Araceli Guerrero ermuarra eta Maria Alonso arrasatearra Debegesako lokaletan egoten dira, egunero, gerturatzen direnei laguntza emateko: curriculumak egiten lagundu, lan-bilaketaren planifikazioan aholkularitza eskaini, lan-elkarrizketak gainditzeko aholkuak eman… Lan-bilaketarekin zerikusia daukaten alor desberdinak lantzen dituzte. Zerbitzua hobeto ezagutzeko Araceli Guerrerorekin elkartu gara.

- Zer eskaintzen diezue lan bila dabiltzanei?
Bi zerbitzu ditugu hemen, enplegu-zentroa eta orientazio-zerbitzua. Enplegu-zentroan interneterako konexioa duten ordenagailuak erabiltzeko eta curriculumak inprimatzeko aukera dute. Une oro, Maria nire lankidearen laguntza dute ordenagailuak erabiltzeko, bai lana bilatzeko webguneetan izena emateko edota Linkedin sare sozialean izena eman eta perfila sortzeko. Tailer edo ikastaro txikiak antolatzen ditugu. Eta lan bila ari direnei ahal dugun guztian laguntzen diegu. Edozein etor daiteke, baldintza bakarra Lanbiden erregistratuta egotea da, eta horretarako bertara joan behar dute. Beste gestio guztiak guk hemendik egin ditzakegu: Lanbideko eskaera eguneratu, datuak sartu…

- Orientazioari dagokionez zer eskaintzen diezue?
Nirekin ibilbide bat egiten dute. Lehenengo hitzordu bat ematen diegu. Elkarrizketa txiki bat izaten dugu pertsona hobeto ezagutzeko eta zertan lagundu ahal diogun jakiteko. Bigarren hitzorduan, normalean, curriculuma prestatzen da. Askotan gure curriculuma ondo dagoela pentsatzen dugu, baina hau ez da horrela izaten.

- Nolakoak dira gaur egungo curriculumak?
Urtetik urtera aldatzen doa curriculuma egiteko modua, eta desberdintasuna asko baloratzen da. Pentsatu behar dugu langile bat kontratatu behar duen pertsona batek 200 curriculum dituela esku artean. Normalean 20 segundu dedikatzen zaizkio bakoitzari. Horietako bat diseinuagatik desberdina baldin bada eta atentzioa deitzen badu, zalantza barik, denbora gehiago eskainiko dio. Gaur egun, ez dira zuri-beltzean egiten, koloretan baizik, ikonokoak asko erabiltzen dira eta argazkiak ezin dira bertan pegatu. Nik beti gomendatzen diet curriculumak euren gustokoak, originalak eta funtzionalak egiteko. Nola egituratzen den ere oso inportantea da: beti esan digute hasieran prestakuntza eta ondoren lan-experientzia joan behar dela, baina kasu batzuetan hobe da alderantziz jartzea. Curriculumak bakoitzaren potentziala azaldu behar du eta lagundu egin behar gaitu.

- Internetek aldaketa handiak ekarri ditu lana bilatzerako orduan?
E-maila edukitzea ezinbestekoa da. Lehen, kotxea hartu eta poligonoetara joaten ginen gure curriculumak banatzera. Gaur egun dena internet bitartez egiten da: curriculumak e-mailez bidaltzen dira, enpresen webguneetan erregistratu behar zara… Jende askok lana bilatzeko mugikorrak erabiltzen ditu eta horretarako lagungarri diren aplikazioak instalatzen ditu: Infojobs, Linkedin, WorkToday…

- Zein izaten da hurrengo pausua?
Askotan, motibazio falta dela eta, jendea dei baten zain egoten da, baina ezinbestekoa da lan-bilaketa estrukturatzea: modu profesional batean bilatu behar dugu lana, ordutegi bat eta leku bat finkatuz, seriotasun batekin, azken finean. Bestalde, autokandidaturak egiten laguntzen dugu. Horretarako bi metodo daude: alde batetik lan eskaintzetan apuntatu daitezke (curriculuma eskaintza konkretu bakoitzera egokituz), eta, bestetik, eskaintzak egon ez arren, interesatzen zaizkien enpresa horietan euren burua eskaini dezakete. Horretarako gidoi bat prestatuta eduki behar dugu eta garrantzitsua da enpresa horri buruzko informazioa edukitzea. Horretaz gain, lan-elkarrizketak prestatzen laguntzen diegu: nola joan behar duten jantzita, egingo dizkieten galderei nola erantzun, urduritasuna nola gestionatu...

Eurekin harremanetan jartzeko: 943 82 01 80 edo maria.alonso@daiteke.com / araceli.guerrero@daiteke.com