Asier Arrieta (publizitate-sormenean aditua): “Publizitateak laguntza handia eskaini dezake pandemiari aurre egiteko”

Asier Arrieta (publizitate-sormenean aditua): “Publizitateak laguntza handia eskaini dezake pandemiari aurre egiteko”
ETA KITTO 2020, Aza 16

Publizitate-kanpainek pandemiari aurre egiten asko lagundu dezaketela uste du Asier Arrieta irakasle eibartarrak. Nolanahi ere, faltan bota ditu. Publizitatea sirimiria bezalakoa dela dio: apurka-apurka gauzak barneratzen laguntzen digu. Asierrek 25 urte daramatza publizitate-sormeneko klaseak ematen UPV/EHUko Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduan. Ikasgeletatik kanpo ere ibilbide luzea du eginda publizitate-sormenaren arloan.

Nola bizi du publizitatearen sektoreak COVID-19aren krisia?
Beste edozein sektoretan bezala eragina nabarmena da, edo pixka bat handiagoa. Zenbakiak egin behar direnean, eta hemendik edo handik moztu behar denean, publizitatea izaten da ezer baino lehen mozten dena.  Publizitatea sektore kaltetuenetakoa izaten da krisialdi guztietan.

COVID-19arekin gure portaerak eta kontsumitzeko moduak erabat aldatu direla baieztatu daiteke?
Krisiak beti dakar beldurra. Ez gaude krisi ekonomiko batean bakarrik, osasun-krisi bat ere bada, eta hori oso kontuan hartzekoa da ematen ari diren aldaketak ulertzeko. Pandemiaren hasieran etxean pasa genituen hilabete haiek, zer gertatuko zen jakin barik. Uda aldera, denok, edo ia denok, ahalegin bat egin genuen gure lehengo bizimodura bueltatzeko. Bizitzen ari garen guztiarekin kontsumo-ohiturak guztiz aldatu dira. Euskaldunak kalean eta tabernetan egotekoak gara, eta orain beste errealitate bat bizi dugu. Bestetik, gauzak momentu batetik bestera aldatzen direnez, egunero behar dugu informazioa; positiboak igo edo jaitsi diren jakin nahi dugu; jaitsi badira itxaropena daukagu; bitartean azalpenak behar ditugu zer datorkigun ez dakigulako… Kontsumitzaileak  linbo baten bezala gaude.

Koronabirusak ezustean harrapatu ditu sektore guztiak, tartean publizitatearena, eta egoera berrira egokitzea ez da lan erraza izan…
Inoiz ez gara horrelako egoera batean egon. Haundi geratu zaigu guztioi. Konfinatuta egon ginen sasoian publizitatearekin zer gertatuko zen galdetzen nion neure buruari. Marken erreakzioaren zain nengoen. Udaberria zen, eta momentu horretan beti hasten dira udara begirako kanpainak; esate baterako,  Coca-Colak zer egingo zuen ikusteko zain nengoen.  Mundu osorako kanpaina prest edukiko zuen, “zein zoriontsuak garen, goazen zoriontsu izatera, denok hondartzara”  eta era horretako mezuekin. Kanpainak eten behar izan zituzten marka askok. Batzuk isilik geratu ziren eta gutxi batzuk kanpaina oso interesgarriak, sormen handikoak, eta egoerara ondo egokituak egin zituzten. Aipagarriena, nire ustez,  Bankinter-ek egin zuena da (diskurtso hunkigarri batekin publikoarekin enpatizatzea bilatzen nuen).

Eta nola erreakzionatu dute erakundeek? Zertan lagundu dezakete erakunde publikoetatik egiten diren kanpainek?
Pandemiari aurre egiteko informazio-kanpaina interesgarriak egon dira mundu osoan, baina gutxi egin dira hemen. COVID-19arekin behar duguna berehalako informazioa da, egun batetik besterakoa. Publizitateak hori ezin du eman, baina asko lagundu dezake hainbat arlotan,  informazioa behin eta berriro zorroztasunez gogoraraziz (hidrogelak, maskarak, distantzia soziala…). Sirimiria bezalakoa da publizitatea, pixkanaka-pixkanaka gauzak barneratzen laguntzen digu. Koronabirusari aurre egiteko ezinbestekoak diren oinarrizko neurri horiek askotan ez dira errespetatzen eta, beraz, garrantzitsua da jendeari behin eta berriro errepikatzea.  Saturatuta daude eta ez dute publizitatean pentsatzen.  Alde horretatik ulertzekoa da euren egoera ere. Publizitatea baino gehiago publi-kazetaritza egiten dute: informazio garbia, estetikoki apur bat zaindua, baina inolako sormenik gabe.

Beste zeozerren falta igarri duzu?
Informatzea oso ondo dago, baina zenbait momentutan beldurra sartzea oso eraginkorra da. Estatu mailan zenbait kanpaina egin dira (Kanariar irletako gobernuak egin zuen kanpaina zirraragarria azpimarratu nuke), baina Euskadin horrelakoen  falta igarri dut. Denok dakigu nolako neurriak hartu behar ditugun koronabirusari aurre egiteko, baina beldur-kodeak erabiltzeak ondo funtzionatzen du (argi ikusi zen HIESaren hasierako kanpainekin eta baita trafiko-kanpainekin ere). Informatu eta, momentu batzuetan, beldur apurtxo bat sartzea ez dago soberan.

Beraz, erakundeek ez dira behar bezala egon publizitateari dagokionean…
Erakundeek uste dute fribolitate bat dela krisi-sasoian dirua publizitatean gastatzea, eta ez da horrela. Publizitateak eragin handia izan dezake eta laguntza handia eskaini dezake. Publizitatea ondo eginda badago emaitza interesgarriak  lor daitezke. Eta, bestalde, publizitatearen sektorea ere oso kaltetua dagoela hartu beharko lukete kontuan.  Industriari laguntza ematen badiogu zergatik ez publizitatearen sektoreari ere? Azkenean denok jarraitu behar dugu lanean. Zergatik kalte handiagoa egin publizitateari?

Aholkuren bat ematekotan zer esango zenieke, esate baterako, Eibarko enpresa, komertzio edo zerbitzuei?
Denei esango nieke, iragarle txiki eta handiei, euren beldurra eta arazo ekonomikoa  goitik behera ulertzen dudala. Baina hau kate bat da, eta ezinbestekoa da bata besteari laguntzea. Komunikazioaren eta publizitatearen arloan dihardugunok ere dirua behar dugu euren taberna edo dendetan dirua lagatzeko.  Bestalde, egia da horrelako egoeretan ere negozio asko berrasmatu egiten direla: tabernak hasi dira, adibidez, janaria etxera eramaten. Gauza horiek ere kontatu egin behar dira. Eta agian hedabideok prezioak jaitsi behar dituzue.

Unibertsitateko irakasle moduan nola ikusten duzu egoera ikasgelan?
Alde batetik pozik nago. Unibertsitatean gauzak oso ondo egiten ari direla uste dut. Ez da ikusi agerraldi aipagarririk. Irakasle eta ikasleok jarri dizkiguten neurriak errespetatzen ditugu. Baina ikasle batzuk gelan ditugu eta beste batzuk etxean. Eta ikasgelan dituzunei bakarrik begiak ikusten dizkiezu. Ez da erraza. Berrasmatu egin behar da klaseak emateko modua.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »