Asier Sarasua (biologoa eta filologoa): “Txori batek 15 izen ezberdin izan ditzake euskeraz lasai”

Asier Sarasua (biologoa eta filologoa): “Txori batek 15 izen ezberdin izan ditzake euskeraz lasai”
2017/02/23 eta kitto!
Euskal Herriko txori eta hegaztiek habia estreinatu berri dute:  txoriak.eus webgunea.  Orain dela 20 urte hasi zen Asier  Sarasua txorien habia prestatzen eta, garatzen jarraitzeko asmoa badu ere, 100 bat txori-espezien fitxak utzi ditu sarean eskuragai. 1996an ‘Eibarko Hegaztiak’ liburua argitaratu zuen  eta hortik abiatu zen orain argia ikusi duen proiektua. Berak dioen bezala, kondenatuta zegoen horrelako lan bat egitera.

– Izenak nahiko garbi uzten du, baina zer da txoriak.eus webgunean aurkituko duguna?
Nire asmoa Euskal Herrian bizi diren txorien inguruko informazioa ematea zen eta proiektuak bi adar ditu. Batetik, alde ornitologiko edo naturalistikoa; eta bestetik, ornitonimiaren aldea, hau da, txorien izenak. Proiektuaren lehenengo fasean bigarren alde honi eman diot garrantzi handiagoa. Hor aurkituko ditugu azken urteetan batu ditudan txori-espezie bakoitzaren izenak Euskal Herrian. Hau da, txori bakoitzari eskualde, euskalki edo hizkera bakoitzean zelan esaten zaion. Txori batek 8, 10 edo 15 izen ezberdin izan ditzake, lasai. Bestalde, nahiko galzorian dauden izenak dira, jende nagusiak ondo ezagutzen dituelako, baina gazteek ez. Alde batetik, transmisio naturalistikoa galdu delako; eta bestetik, galera linguistikoa egon delako. Azken 40 urteetan estandarizatu edo normalizatu egin da euskera, batu egin da, eta txoriak zituen 8 izenetatik, gaur egun liburu guztietan bakarra erabiltzen da.

– Zenbat txori-espezie batu dituzu?
100 fitxa aurkeztu ditut. Txori-izenak ere, jendearentzat ezagunak direnak batu ditut. Nire kalkuluen arabera, Euskal Herriko txori-espezie arrunt edo erraz topatzen direnak 200 bat dira.

– Txoriez gain, txoritokiak ere jaso dituzu.
Ornitologia eta txorizaleen mundua asko zabaldu da Euskal Herrian azken 20 urteetan. Jende gehienarentzat ezezaguna da, baina ornitologo eta txorizale talde nahiko zabala dago. Hala ere, komunitate horrek erderaz funtzionatzen du batez ere eta interneten topatu daitekeen informazio erderaz dago gehienbat. Orduan, informazio ornitologikoa interneten euskeraz egoteko ekarpena egiten saiatu naiz. Horregatik, txoritokiak izeneko atala gehitu dut eta, bertan, Euskal Herrian eta inguruan dauden txoriak ikusteko 20 bat toki jaso ditut.

– Urdaibai Bird Center eta antzekoek ornitologiaren aldeko apustua dagoela erakusten dute?
Euskal Herrian txoriak ikusteko toki garrantzitsuak ditugu. Batetik, Urdaibai. Aranzadik Bird Centerra jarri du martxan bertan eta nazioarteko sare batean sartu da. Gainera, Urdaibai txorientzat eta txoriak ikusteko toki garrantzitsua da. Bestetik, Txingudi daukagu. Oso babes txikia eta oso inguru urbanizatua dauka, eta hala ere, hegaztientzat oso toki garrantzitsua da. Gero, Araban, Salburuan parkea dago, Ataria; eta Nafarroan, Pitillasko hezegunea eta Erribera ingurua oso garrantzitsuak dira. Hauez gain, badaude beste toki txiki pila bat.

– Nahikoa babesten dira txoriak eta euren ingurunea?
Natura, berez, ez da lehentasuna erakunde eta administrazioentzat. Adibide dira lehen aipatutako guneak. Urdaibai berak ez du babes alturik, Biosferaren Erreserbaren figura du bakarrik eta oso leku humanizatua da. Berdin pasatzen da Txingudirekin ere, parke ekologikoaren erdian atletismo pistak, alboan trenbidea eta beste aldean aeroportua dituelako. Euskal Herriak oso dentsitate handia dauka eta politikarien lehentasuna ez da natura. Burgosera, Araba hegoaldera edo Nafarroa erdialdera joatea nahikoa da askoz ere txori gehiago ikusteko, eta ez da babes edo kontzientzia gehiago dagoelako, baizik eta ez dagoelako gizakiaren hainbeste presentziarik. Natura piztu egiten da horrela.

– 1996an ‘Eibarko Hegaztia’ liburua argitaratu zenuen. Proiektu honen aitzindaria?
Sasoi horretan pare bat proiektutan ibili nintzen. Batetik, aipatutako liburua gauzatzen; eta bestetik, Eibarko baserrietan bertako ondare etnolinguistikoa jasotzen. Nik biologia ikasi nuen eta liburuetan txorien izen batzuk ikasi nituen, baina konturatu nintzen izen horiek Eibarko baserritarrentzat ezezagunak zirela eta eurek erabilitako izenak ez nituela sekula liburu batean ikusi. Liburuetan agertzen ez zen eta galzorian zegoen ondarea zegoela ikusi nuen, eta horrela hasi zen proiektua.

– Hasieratik zenuen helburua bete duzu ala helburua moldatzen joan zara?
Ez nintzen zenbait izen jasotzeko asmoarekin hasi. Lehenik Eibarkoak jaso nituen, gero ingurukoak eta gutxika zabaldu nuen esparrua, helburu finko barik.

– 20 urte hauetan aldaketak egon dira hegaztien inguruan Euskal Herrian?
Orain dela 30 bat urte hasi nintzen txorien munduan eta igartzen dut txori batzuk gutxiago eta beste batzuk gehiago ikusten direla. Lehen gizakiak ehiztatzen zituen hainbat espezie ugaritu egin dira orain, babesa izan dutelako. Ostera, txori espezie askoren presentzia asko jaitsi da, laborantza eta nekazaritzarekin zerikusia dutenak, batez ere. Enararen adibidea nabaria da. Lehen baserri guztietan zeuden, baina orain baserrietan ez dago ganadurik, beraz, enararik ere ez. Bestetik, itsas-hegaztien %75 desagertu da azken 30 urteetan. Demaseko zifra da. Atzera joanda, elkarrizketatu ditudan 200 lekukoen arabera, 60-80 urtetik hona demaseko aldea ikusten dute. Txoriekin zerua beltz jartzen zela diote. Gehiegikeria da agian, baina lehen txori-espezie batzuen multzo handiak egoten ziren eta orain ale solteak ikusten dira. Txorien bizitzeko habitata suntsitzen gaudelako gertatzen da hori eta, kasu batzuetan, ehizagatik. Usatortola, adibidez, ehizatzen jarraitzen da nahiz eta demaseko beherakada izan duen azken 40 urteetan.

–Zer sentitu duzu hainbeste urteren ostean zure txoria hegan ikustean?
Badakit kontu hau nahiko minoritarioa dela, baina sarean dagoela ikustea, eta txorien izenak batzen eta txorien inguruko informazioa zabaltzen ekarpena egin dudala ikustea pozgarria da. Oso harrera ona eduki du, zoriondu eta eskertu egin naute, sare sozialetan asko elkarbanatu da eta pozik nago erantzunarekin.