Bihar proiektatuko dute Koldo Edorta Carranza eibartarraren lana Asier Errasti Film Laburren Lehiaketaren barruan

Bihar proiektatuko dute Koldo Edorta Carranza eibartarraren lana Asier Errasti Film Laburren Lehiaketaren barruan
ETA KITTO 2017, Aza 09

Asier Errasti Film Laburren Lehiaketaren 18. edizioan Eibarko bi ordezkari izango ditugu: Mikel Rodriguez Alberdi, “Betikoak betirako” lanarekin, eta Koldo Edorta Carranza, “Ilunpetan” zuzentzen. Carranzarekin izan gara bere lehen lanaren nondik-norakoak ezagutzeko eta laburmetraien inguruan zein asmo dituen jakiteko. Bilbon bizi denez, ezingo du jaialdia egunez egun bizi, baina barixakuan (azaroak 10) gurean izango da, bere filma emango dutela aprobetxatuz.

– Noiz grabatu zenuen “Ilunpetan”? Zenbat denbora eraman zizun proiektua amaitzeak?
Iazko ekainean grabatu genuen, hau da, urtebete pasatxo da dagoeneko lana amaitu genuenetik. Hasieratik amaierarainoko lanak, bestalde, urtebete osorik eskatuko zidan. Kontuan izan behar da ia guztia nik bakarrik egin dudala, nire kabuz egindako produktua dela; askotan gauez ibili naiz filma osatzen, lanetik irten eta gero.
– Zer da film labur horretan kontatzen duzuna? Badu mezurik?
Maitemintzen diren bi nesken istorioa kontatzen du, eurak dira protagonista bakarrak eta ez da gizonezkorik filmean. Argiarekin lotu izan nahi dut bien arteko harremana, bietako batek euren arteko erlazioan ez duelako argirik nahi. Illunpetan, itzaletan bizi dute euren artekoa. LGBT (lesbiana, gay, bisexual eta transexual) kolektiboko hainbati gertatutakoa islatu nahi izan dut eta askotan sentitutako lotsa hori adierazteko erabili dut argi -edo argi falta hori- mezu moduan. Metafora moduko bat da, homosexualek, bisexualek eta transexualek bizitutako hori kaleratzeko.
– Zenbat irauten du?
Bost minutura ez da heltzen: 4 minutu eta 40 segundo.
– Eibarrera etorri baino lehen, aurretik aurkeztu duzu beste nonbaiten?
Bai, estreinaldia Zinegoak-en egin nuen, Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian. Ondoren, Lekeitioko Euskal Zine Bileran, soilik euskerazko lanak hartzen dituen jaialdi bakarrean ere aurkeztu nuen. Bietan jasotako erantzunarekin oso pozik nago, batez ere kontuan izanda horretarako bakarrik nire baliabideekin moldatu naizela. Inguruko jendea ezagutzeko ere balio izan dit.
– Bestelako proiekturik bai esku artean?
Datorren urtera begira banabil zeozer egiten, baina ezin dut aurreratu. Gainera, nire lana dut (ingeles irakaslea da Bilbon) eta lan orduetatik kanpo moldatu behar naiz gauzak egiteko. Laburretik luzemetraira jauzia ematea ere gustatuko litzaidake, baina zaila dut: ikasten dihardut oraindik.
– Zer eritzi duzu Asier Errasti Jaialdiaren inguruan?
Aproposa ikusten dut, batez ere jende dezente gabiltzalako zinemaren inguruan. Garrantzitsua deritzot, batez ere gure artean elkartzeko balio duelako eta baita beste proiektu batzuk sortzeko bidea zabaltzen duelako ere. Gustatuko litzaidake Jaialdiaren bost egunetan Eibarren izatea, baina nire lanak ez dit horretarako aukerarik ematen eta azken egunean izango naiz, “Ilunpetan” nire fikziozko filma emateko den egunean bertan. Eta Eibartik kanpo ere banabil bestelako jaialdietan pelikula mugitzen, ahalegina beharrezkoa delako.
– Baduzu gustuko zuzendaririk laburmetraien munduan?
Bai, asko. Ia guztiei erreparatzen diet, edozein proiekturako ikastea beharrezkotzat jotzen dudalako. Gertukoenetik hasita, Koldo Almandozen lana oso gustuko dut, baita Moriarti Produkzioak ere -hortik sortu zen “Loreak” filma-, hor dago Asier Altuna bera… Orokorrean, euskal zinemagileek lan handia egin dute arlo horretan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »