IKER GALARTZA: “Gure Zirkuaren karpan sartzerakoan mundu magiko batean murgiltzen zara”
Zortzi urtez Euskal Herriko hainbat txokotan egon ondoren, Gure Zirkua Eibarrera iritsiko da ekainaren 20an. Arrateko zelaian jarriko dute karpa eta uztailaren 3ra arte iraungo du bertan sortuko den magiak. Guztira 11 emanaldi eskainiko dituzte eta sarrerak salgai daude dagoeneko www.gurezirkua.eus atarian.
Joseba Usabiaga eta Iker Galartza aktoreak dira Gure Zirkuaren lantaldeko aurpegirik ezagunenak. Aurkezle-lanak egiten dituzte eta bidea ematen diete arlo ezberdinetako artistei, publikoa zirkuaren munduan murgilduarazten duten magia sortzaileei. Beraz, eibartarrontzat hain berezia den tokian ikuskizun gogoangarriaz gozatzeko aukera izango dugu.
Zortzi urte daramatzazue biraka eta azkenean Eibarrera iritsiko zarete. Nolakoa izan da Gure Zirkuaren bidaia?
Bai, zortzi urte dira dagoeneko! Batzuek esan zezaketen pixka bat nekatuta egon gintezkeela, baina gezurra izango litzateke, hasierako ilusio berarekin jarraitzen dugulako. Egia da orain atsedena hartzetik gatozela. Zirku batzuek ez dute atsedenik hartzen, baina ikusi genuen Europako batzuk gelditu egiten zirela negu inguruan, giro euritsu eta hotzarekin zirkua nahiko desatsegina bihurtu daitekeelako, eta guk ere gelditzea erabaki genuen. Beraz, hiru hilabeteko atsedena hartu genuen eta Aste Santu inguruan berriro ere jarri ginen martxan, Gabonak arte. Orain, Gure Zirkua osasuntsu eta gogoz dago. Elkarrizketa azaroan egin izan bagenu, denboraldia amaitzeko gogoz geundela esango nizuke.
Zortzi urte hauetan aldaketak egon dira taldean? Berritasunak gehitzen joan zarete?
Urtero gehitzen ditugu berritasunak. Beraz, iaz saio bat ikusi zuena Arratera joaten bada, ikuskizun berri bat ikusiko du. Hori da gure merituetako bat: jende beretsuarekin gauza berriak sortzea. Egia da, bestalde, orain dela zortzi urte gurekin hasi ziren batzuk jada ez direla ari gurekin. 40-50 urte inguru zituzten gurekin hasi zirenean, Euskal Herritik kanpo zirkua egin izandakoak ziren (Edinburgon, Londresen, Bartzelonan...) eta esan daiteke erretiratzera etorri zirela gurera. Zortzi urte hauetan jende gaztea sartzen joan da eta, badakizu, gazteek freskura, indarra eta zoramen txikiak ekartzen dituzte. Batzuetan frenatu egin behar ditugu, baina batzuen esperientziatik eta besteen indarretik oso konbinazio ona irten da.
Zuen aurretik ez zegoen zirkua euskaraz egiten zuenik eta zirkuan aritzeko aukera eman diezue hainbat gazteri.
Bai, aukera eman diegu hainbati, baina pena da zirkuan aritu nahi duten guztiei aukera eman ahal ez izatea. Zirkuak arlo asko hartzen ditu baitan: akrobaziak, dantza, antzerkia... Ahal dugun jende gehienari aukerak ematen saiatzen gara, baina denak ez dira kabitzen. Dena dela, oso pozik gaude sortu ditugun aukerengatik. Guraso batek galdetzen zidan, seme-alabak zirku-eskolara joanez gero, handik zenbat bizi ahal izango ziren zirkutik; ba ez dakit, gutxi izango dira, baina zenbat lagunek egiten dute futbolean Eibarren eta zenbatek jokatuko dute lehen taldean? Zirkua, futbola bezala, kirola da, baina baita gauza gehiago ere, artea adibidez. Gauza ona da gazteentzat, gozatzeko aukera ematen die eta afizio ona da.
Zure ustez, Gure Zirkuak nolako ekarpena egin dio euskal kulturari?
Ezerezetik kultur eragile bat gehiago izatea lortu dugu. Antzerkia dago, musika, dantza... eta horiek guztiek koktel-ontzian sartuta irteten da zirkua. Gure hizkuntzan gure herrian ez zegoen horrelakorik, nahiz eta batzuek antzerkia egiten genuen, beste batzuek dantza, besteek komedia, eta abar. Umiltasun osoz, baina zirkua beste eragile kultural bat gehiago izatea lortu dugu, besteen parekoa eta arrakasta edo erantzun berarekin.
Nola lortzen duzue publiko guztietara heltzea?
Lan asko eginda. Kontu hori oso presente edukitzen dugu parodia, sketch edo saio bat prestatzen dugun bakoitzean. Eskaleta zehazterakoan, erritmoa nolakoa izango den... “Ederra da, baina umeak puntu honetan aspertzen hasiko dira eta beste zerbait egin beharra dago”, pentsatzen dugu; edo, umeentzat gehiegi bideratzen ari garela ikusiz gero, zuzentzen dugu. Oreka bilatzen saiatzen gara beti, hori da gakoa. Umeak, gurasoak eta aiton-amonak gustura egoten saiatzen gara.
Zirkuaz euskaraz gozatzeko aukera ematen duzue, baina euskara ez dakien jendea ere joaten da ikustera. Nola lortu duzue hori?
Zentzu horretan zirkua antzerkiarekiko ezberdintzen da, adibidez. Antzerkian, hitz egiten bada (antzerki mutua ere badagoelako), hizkuntza menderatzen ez duenarentzat zaila izango da zerbait ulertzea. Zirkuan, ostera, gauza gehiago ulertzen dira, berbarik gabeko gauza asko egiten direlako. Zirku batek internazionala izaten saiatu behar du. Adibidez, Lekeition, Herbehereetako familia bat etorri zen eta ez zuten galdetu ere egin zirkua zein hizkuntzatan zen. Asko eta asko zirku-karpa ikusi eta sartu egiten dira, beste barik. Bestalde, batzuk harritu egiten dira zirkua euskaraz delako eta, gainera, kalitatezkoa. Agian, pentsatzen dute euskaraz izanagatik zirkua hala modukoa izan beharko litzatekeela.
Zortzi urtez martxan egotea seinale ona da, baina publikoaren erantzuna nolakoa izan dela esango zenuke?
Lanbide honek badauka gauza on bat, eta agian txarra ere guretzat: publikoak zure tokian jartzen zaitu. Publikoa datorren bitartean Gure Zirkuak aurrera jarraituko du. Jenderik etorriko ez balitz, gutako asko beste gauza batzuk egiten hasi beharko ginateke, baina datorren bitartean jarraitu dezakeg, eta horrela izan dadila urte askoan.
Eibarren ikusmina sortu du Gure Zirkuaren etorrerak. Gainera, toki berezian egongo zarete, Arraten!
Ez da lausengu egiteagatik, baina Eibarko kultur teknikarien alde egin behar dut. Askotan kultur teknikariek urteroko errutina zehaztuta dute eta hortik ateratzea batzuetan ez da erraza izaten, eta herritarrek tiratu behar izaten dugu. Kasu honetan, demaseko ahalegina egin dute Gure Zirkua Eibarrera ekartzeko. Orain dela pare bat urte Pospolorekin (Jose Luis Gonzalez) eta Asierrekin (Lopez de Viñaspre) berba egin genuen eta toki bila ibili ginen, aurkitu ezinik. Beste edozein herritan kultur teknikariek amore emango lukete, baina Eibarkoek jarraitu egin dute eta Arraten egitea proposatu ziguten. “Itzuliako trailerrak igotzen badira, zuenak ere igo ahalko dira, ala?”, esan ziguten. Orduan, bakoitzak bere aldetik jarri eta arriskatu du, eta horra goaz. Orain Zornotzan gaude, herriko sarrerako aparkaleku batean, denen bistara. Horrelakoetan, zirkua muntatzen duzu eta, karpa dagoela ikusterakoan, sarrerak bakarrik saltzen dira. Arraten inork ez gaitu ikusiko eta lan handiagoa egin beharko dugu sarrerak saltzeko, baina Udalak bere aldetik jarri du, guk ere, eta aurrera!
Oraindik ez dakienarentzat: Zer aurkitu dezake Gure Zirkuaren karpa barruan?
Zerbait tipikoa edo topikoa izan daiteke, baina magia aurkituko du. Gure Zirkuaren karpan sartzerakoan mundu magiko batean murgiltzen zara. Gainera, aurten magia horri alaitasuna gehituko nioke. Irribarretsu eta emozionaturik egoteko ordu eta erdi izango da, senti- menduak dantzan jartzeko modukoa.
Argazkia: Hiruka