DANI DE LA TORRE: “Taldeko giro ona, gure musikan igartzen da”

DANI DE LA TORRE: “Taldeko giro ona, gure musikan igartzen da”
2012/04/27 eta kitto!

-Datorren asteko zapatuan, maiatzaren 5ean, kontzertua eskainiko duzue Untzagan. Nola sentitzen zara horren aurrean?
Ondo. Lehenengo aldia izango da Eibarren arituko garena eta berezia izango da. Urduritasun pixka bat sentitzen dut. Nire herrian kontzertua eskaintzeak, Untzagan gainera, gogo handia ematen dit.
-Su Ta Gar ere egongo da Untzagako kontzertuan. Gainera, Aitor Gorosabelek zuen diskoan kolaboratu du. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso ona. Egiten duena badakien pertsona da Aitor eta guretzat pribilegioa izan da berak gure diskoan parte hartzea.
-Lehen diskoa izan da zuentzat. Nolakoa izan da ‘erditzea’?
2006an maketa egin genuen, baina hau izan da lehen diskoa. Datorren astean edukiko dugu eskuragai, eta dena ondo joango den esperantza daukagu. Nork daki, ikusiko dugu ea zer gertatzen den.
-Noiz sartu zinen Damudoten?
Orain dela urte bi. Ekinocio taldean gitarra jotzen nuen eta Damudoteko Jon abeslaria ezagutzen nuen. Gitarrajole bila zenbiltzala esan zidan eta ea eurekin aritzea nahi nuen. Horrela, Damudoteko kide egin nintzen. Bestetik, Ekinocio laga behar izan nuen, talde bitan aritzea zaila egiten zitzaidalako.
-Nola aurkitzen zara taldean?
Oso gustora, pozik. Giro polita dago taldean eta hori oso garrantzitsua da. Taldeko giro ona, musikan igartzen da. Gure artean haserreak egongo balira, gauzak ez lirateke guk nahi bezala irtengo.
-Diska kaleratuko duzuelarik, bira egitea aurreikusten duzue?
Eibarkoaz gain, Ermuan Vertigo Rock jaialdian kontzertua eskainiko dugu maiatzaren 19an. Gero, Bilbo aldean ere arituko gara eta, hortik aurrera, ikusiko dugu ea zer gertatzen den.