EFREN FLORES: “Norberaren balioak aldatzen ditu horrelako esperientzia batek”

EFREN FLORES: “Norberaren balioak aldatzen ditu horrelako esperientzia batek”
ETA KITTO 2017, Mar 31

Euskal Herriko Itzuliaren aitzakiarekin, Zaporeak proiektuak ekitaldi berezia antolatu du apirilaren 7rako. Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, elkartasun pintxo-potea egingo da Untzagan, Grezian dauden Siriako errefuxiatuei laguntzeko dirua batzeko asmoz. Grezian Zaporeak-ekin egon dena Efren Flores eibartarra da. Urtarrilaren 2an joan zen Kios uhartera eta hiru bat aste egin zituen han. Esperientziak markatuta utzi zuen eta milaka bizipen ekarri zituen handik.

 

-Zergatik animatu zinen Greziara errefuxiatuei laguntzera joatera?

Errefuxiatuen gaiari bueltak ematen ibili nintzen, zerbait egin behar nuela pentsatzen. Zarauzko beteranoen arraunlari taldean nabilenez, taldekide batek esan zidan urrian Greziara joango zela errefuxiatuei laguntzera eta nik gauza bera egin nahi nuela pentsatu nuen. Orduan, abenduaren 28an Zaporeak-etik deitu zidaten ea urtarrilaren 2an Greziara joan ahal nintzen, eta horrela egin nuen. Negu latza tokatu zitzaigun!

-Zenbat pertsonarentzat sukaldatzen zenuten?

Egunero 1.200 bat errazio ematen genituen. Goizeko 6:30etan esnatu eta 7:00etarako sukaldean egoten ginen, gosaldu egiten genuen eta janari guztia prestatzen hasten ginen 10:30-11:00 arte. 11:00etan janari plateretan ipini eta bi mahai banatzen ziren. Lehen platera, bigarrena eta postrea eskaintzen genituen. Gero, 12:30etan eta 12:45etan, bi txandatan, errefuxiatu-zelaira irteten ginen. Han Norwegian Refugee Council (NRC) Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) zegoen eta eurek antolatzen zituzten janaria hartuko zuten pertsonen ilarak. Batetik, familientzat eskaintzen zen janaria zegoen; eta bestetik, bakarka zihoazenentzat. Hori amaitzen genuenean, 15:00ak aldean, sukaldera bueltatzen ginen. Han guk jaten genuen, sukaldea garbitu eta 17:00ak aldean libre geratzen ginen.

-Zer egiten zenuten denbora librean?

Batzuk apartamentuetara joaten ziren eta beste batzuk errefuxiatu zelaira bueltatzen ginen umeekin jolastera, eurekin ekintzak antolatzera…

-Zuen kontura?

Bai, baina han jende asko dago eta mila gauza egin daitezke. Itsas-salbamendukoekin, Tudelan jaio eta Bilbon bizi den Estherrekin (demaseko zen!), NRC-koekin… egoten ginen.

-Nolako ekintzak antolatu zenituzten?

Norvegiarrak eta nahiko serioak dira, eta guk, adibidez, San Ferminak antolatu genituen. Tanborrada ere egin genuen! Izugarria izan zen errefuxiatuei sokasaltoan egiteak ematen zien poza ikustea. Hain gauza sinplea izanda, hainbeste gustatu zitzaien, azkenean umeentzako eta helduentzako ilara bana egin behar izan genuela. Demasa! Ostiraletan apartamentuetan zeuden familiei eramaten genien janaria. Guk sei familiari eramaten genien eta euretako bi oso bereziak ziren. Guk janaria eraman eta eurek tea, gozoak… prestatzen zizkiguten. Eman baino askoz ere gehiago jasotzen genuen! Demaseko erlazioa egin genuen eurekin eta gogorra izan zen banatzea.

-Zenbat egun egin zenituen han?

21 egun, oso biziak, eta gero 3 bidaian. Ondo kalkulatuta dago 21 egun pasatze hori, bestela asko erre zaitezke. Azken finean, han bakarrik zaude, nahiz eta sukaldean zoragarri moldatzen ginen. Jakiak prestatzen ‘Barrikada’ ipintzen genuen, abesten, irrintziak botatzen genituen, etab. Talde bikaina egin genuen, baina oso nekatuta amaitzen genuen.

-Zer sentitzen da bertatik bertara hura ikustean?

Pentsatuta zeneukana guztiz aldatzen da. Ezberdina da, beste mundu bat. Bizi egin behar da eta gero zerbait geratzen zaizu han. Oso hunkigarria da dena. ‘Nacido en Siria’ filma, adibidez, demasa da, oso ona, baina ikusten dudan bakoitzean asko hunkitzen nau.

-Bizitza aldatzen duen esperientzia izan da?

Norberaren balioak aldatzen ditu horrelako esperientzia batek.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »