Eibarko Unibertsitateko Ikasle Mugimendua (EUIM): “Hezkuntza kapitalaren esanetara dago”

Eibarko Unibertsitateko Ikasle Mugimendua (EUIM): “Hezkuntza kapitalaren esanetara dago”
2020/02/17 11:41
eta kitto!
Eibarko Unibertsitateko Ikasle Mugimenduak Herri Unibertsitatearen 2. edizioa egingo du hilaren 19 eta 20an. Iazko esperientzia “aberasgarri eta arrakastatsuaren” ondoren, ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dute: mahai-ingurua, tailerrak, hitzaldiak, antzerkia, musika... Unibertsitatean eta Gaztetxean egingo dira ekintzak, eta bertan jan eta lo egiteko bonoak jarriko dituzte salgai 7 eurotan. Informazio gehiago lortzeko: euim.eibar@gmail.com

 

- Nolako ekintzak prestatu dituzue Herri Unibertsitaterako?

Iazko hainbat ekintza mantenduko ditugu (ezagutza jolasak, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta bertso-afaria) eta, horrez gain, jasangarritasunari buruzko mahai-ingurua egongo da Hilario Manzanares Bergarako aktibista ekologistaren eta Aimar Uribesalgo Oñatiko Natur-eskolako kidearen eskutik. Gainera, aurten sortu den ikerketa taldea aurkeztuko da eta landutako lehenengo tesiak plazaratuko ditu. Iaz teknologia eta kapitalismoari buruzko hitzaldi bat ematera San Mameseko ingeniariak ekarri genituen eta aurten guk geuk abiarazi dugu ikerketa talde bat. Talde honek energia berriztagarrien teknologien garapenak aztertuko ditu kapitalaren dinamikan.

- Nola joan zen iazko Herri Unibertsitatea?

Gure aldetik oso esperientzia aberasgarria eta arrakastatsua izan zen, lan handia egin bait genuen. Asanbladari bultzada bat eman zion, eta egonkortzen eta zabaltzen goaz gutxinaka. Agian, Eibarko jende gehiago erakartzea gustatuko litzaiguke, ikasleak batez ere. Horregatik, Eibarko Unibertsitatean eta Gaztetxean ospatuko dugu Herri Unibertsitatea.

- Nolako ekintzak egin dituzue urtean zehar?

Pasa den urteko esperientziarekin helburuak eta norabide finkatu ditugu aurten, eta unibertsitateko eguneroko bizitzan asanblada egonkortu egin da azken urte honetan. Gainera, ikasle berriak batu dira. Urte hasieran barne-formakuntzak burutu ditugu: feminismoa, kapitalismoaren oinarriak, euskararen auzia eta Txileko gatazka, adibidez. Horretaz gain, hainbat mobilizaziorekin egin dugu bat: ingurumenaren ingurukoak, genero indarkeria, preso politikoak, U-30-eko greba…

- Ikasleen ahotsa entzuten da unibertsitatean?

Gure fakultatea besteengandik nahiko baztertua dagoen arren, hasi gara Euskal Herri mailako antolakunde ezberdinekin harremanak izaten eta aurrerapausoak ematen ahalbidetuko digute. Alde batetik, EHUren instituzioetan parte-hartzen hasi gara, ikasle kontseiluan eta klaustroan sartuta, erreminta moduan. Hala ere, Herri Unibertsitatea bezalako ekimenak prestatzea garrantzi berezi bat duela uste dugu. Horrek guztiak apurka-apurka ahotsa ematen digu.

- Unibertsitate eredu berri baten alde egiten duzue. Zergatik?

Gure ustez, gaur egungo unibertsitate ereduak babesten ez dugun sistema hori ugaltzen du. Hau da, hezkuntza kapitalaren esanetara dago. Batetik, ideologia burgesa zabalduko duen gizarteko sektore intelektuala garatzen dute eta, bestetik, teknika eta zientzia garatuko duten adituak sortzen dituzte haien aberastasun metaketa bermatzeko.

- Nolako unibertsitate eredua ezarri nahiko zenukete?

Izenak dioen bezala, herritik sortzen den eta herriarentzako den unibertsitate baten bila gabiltza. Hau da, herritarrak heziko dituen unibertsitate batekin amesten dugu. Estatua eta botere ekonomikoetatik kanpo gelditzen dena eta gizartearen beharrak nola asetu ikertzeaz arduratuko dena.

- Zein pauso eman behar dira unibertsitate eredua aldatzeko?

Lehenik eta behin, ikasleriaren ikas eta bizi baldintzak hobetu beharko lirateke, begi-bistakoa baita hauen prekarizazioa krisiaren testuinguruan. Hortik abiatuz eta baldintza hobeak izaki, langileriaren botere hartzea antolatzea gure esku dago. Honetarako, hezkuntzaren (eta ondorioz unibertsitatearen) kontrola edukitzea estrategikoa litzateke. Dena dela, pausoz pauso goaz aurrera egiten eta aurtengo Herri Unibertsitateari egozten dizkiogun helburuak honakoak dira: komunitatea indartzea, gure arteko harremanak sendotzea, eta EUIMek konpartitzen dituen ideiak sakondu eta zabaltzea.

Herri Unibertsitatea plangintza