Mireia Alonso: “Eibarren 1.000 kilo lenteja bildu nahi ditugu Lesbosera bidaltzeko”

Mireia Alonso: “Eibarren 1.000 kilo lenteja bildu nahi ditugu Lesbosera bidaltzeko”
2019/04/05 09:58
eta kitto!
Eibarrek eta Ermuak bat egin dute Greziako errefuxituentzako 1.000 kilo elikagai biltzeko erronka gainditzeko. Eibarren kasuan pardina motako lentejak bilduko dira, eta arroza Ermuan. Lortutako guztia Zaporeak elkarteari bidaltzeko izango da, Lesboseko kanpamentuetan bizi diren errefuxiatuei jatekoa prestatzen dien boluntario taldearentzako, hain zuzen. Horrez gain, kanpamentuetan hain beharrezkoak diren produktu higienikoak ere jasoko dira (konpresak, pixoihalak eta toallita umelak). Deialdia norbanakoei ez ezik enpresa eta elkarteei ere egin zaie.

- Zein da erronka, berez?
Ermua eta Eibarren egingo da. Ermuan 1.000 kilo arroz eta Eibarren 1.000 kilo lenteja pardina jaso nahi ditugu Zaporeak elkartearen bitartez Lesbosera bidaltzeko. Zergatik lenteja pardina? Egosteko errazagoa delako eta han sua oso garestia delako. Ideia Ermuko Sagarra jatetxeko Jesus Gonzalezi azaldu nion eta eurak ere di-da batean mozibilizatu dira. Ermuan arroza biltzeaz gain, Korrikari ongietorria emateko antolatutako ekitaldian 800 paella razio salduko dira 13:30etik aurrera, eta ekitaldian leku desberdinetako sukaldariek hartuko dugu parte. Azpimarratu nahi dut nahi duenak konpresak, pixoihalak eta toallita umelak ere eraman ditzakeela, oso beharrezkoak baitira.

- Eibarren non eta noiz egingo da lentejen bilketa?
Apirilaren 13an Untzagako Jubilatu Etxean egongo gara 11:00etatik 14:00etara. Eta apirilaren 8tik 12ra oinarrizko hiru bilketa-gune egongo dira: Ipuruan Eibar KE, Urkizun …etta kitto! Euskara Elkartea eta Amaña es la Cañakoak Amañako kioskoan egongo dira. Dena dela, deialdia egin dugu elkarte eta lan-toki guztiek parte har dezaten, eta 50 kilo baino gehiago jasotzen dituzten lekuetatik gu pasatuko gara materiala jasotzera, Eguaztenean  Eibar FT-ak Ipuruan jokatu zuen partiduan bilketa egin zen, eta apirilaren 12an Coliseoko sarreran egongo gara, 20:00etatik 22:00etara, Eibarko Koro Gaztearen kontzertuan. Kontzertura ez doazenak ere pasa daitezke lentejak eramatera.

- Nolakoa da jendearen erantzuna?
Sinestezina benetan! Paella egiteko jenero guztia enpresa desberdinen kolaborazioari esker lortu da, lentejak eta arroza almazenatzen joateko lekua eta logistika eskaini digute, jeneroa gordetzeko kaxak eman dizkigute, zozketak antolatzeko kamisetak…

- Zein da Zaporeak-en lana Lesbosen?
Egunero 1.300 otordu kozinatzen dituzte Lesbosen dituzten sukaldeetan, boluntarioen laguntzarekin. Otordu horiek gero 19:30ean eguna Moriatik 500 m-tara dagoen Team Humanity proiektuan pasatzen duten emakume eta haurren artean banatzen dira. Peio Garcia Amianok abiatu zuen Zaporeak proiektua 2011an,  une hartan Etiopari laguntzeko, eta deitu zidan momentutik ekitaldi eta erronka desberdinetan jardun dut, beste hainbat sukaldarik bezala, beti jeneroa eta dirua jasotzeko asmoarekin. Gure inguruan etorkizunerako nolabaiteko irizpideak markatzen joatea nahi dugu, eta alerta edo katastrofe bat dagoenean  herri bakoitzean eklikagai mota konkretu bat biltzea.