Eneko Lambea, gimnasta: “Hiru urterekin itzulipurdiak egiten nituen, gimnasia barrenean neraman”

Eneko Lambea, gimnasta: “Hiru urterekin itzulipurdiak egiten nituen, gimnasia barrenean neraman”
2019/10/11 eta kitto!
Ipurua kiroldegian hiru ordu inguruko entrenamendua hasi aurretik hartu digu Eneko Lambeak. Astean birritan Leioatik Eibarrera etortzen da gimnasia erritmikoko entrenamenduak egiteko, kirol honekiko duen maitasunaren adibide. Espainiako txapelduna hiru aldiz, gimnasia erritmikoan mutilei bidea zabaltzen die bere ereduarekin.

 

- Nola hasi zinen gimnasia erritmikoa egiten?

Leioako Sakoneta taldean hasi nintzen. Nire arrebak gimnasia erritmikoa egiten zuen eta bere bila joaten nintzen egunero. Orduan, gauzak probatzen hasi nintzen, gustoko nuela ikusi nuen eta entrenatzeari ekin nion.

- Berezko trebetasuna zenuen?

Amak beti esan dit psikomotrizitate ona izan dudala txikitatik eta horrek asko laguntzen du. Hiru urterekin itzulipurdiak eta horrelako gauzak egiten nituen. Barrenean neraman.

- Mutila izanik, arazorik izan zenuen talderik aurkitzeko?

Ez. Hasieran ni baino zaharragoa den mutil bat eta ni neu geunden taldean, eta nik neskekin egiten nuen gimnasia, arazo barik.

- Eta lehiatzeko orduan?

Bakarkakoan Euskadin nesken aurka lehiatzeko aukera dut eta Espainia mailan, nahiz eta nesken aurka ezin naizen lehiatu, gimnasia egiten duen mutil gehiago dago eta euren aurka aritzen naiz. Taldekakoan, bestetik, Euskadin neskekin batera hartu dezaket parte, baina Espainia mailan ez, ez digutelako uzten.

- Gimnasta bakoitzak bere estilo propioa du?

Bai. Normalean, neskak eleganteagoak dira eta mutilak indartsuagoak, baina pertsona bakoitza mundu bat da. Marjina baten barruan mugitzen gara eta horren barruan nahi duguna egin dezakegu.

- Nola amaitu duzu Ipurua taldean?

Junior mailako Eibarko gimnastekin bat egin nuen campus batean eta lagunak egin ginen. Gero, Lur Aranburuk min hartu zuenez gimnasta bila zenbiltzan eta eskaintza egin zidaten. Niretzat esperientzia berria da, Sakoneta taldean ezingo nuelako taldeka lehiatu.

- Leioakoa izanik, nola moldatzen zara Eibarrera entrenatzera etortzeko?

Eguaztenetan eta barixakuetan entrenatzera etortzen naiz, barixakuetan taldekide baten etxean egiten dut lo eta zapatuan berriz entrenatzen dugu. Leioa ez dago Eibartik urrun eta ikasturte hasieran gaudenez ez zait hainbeste kostatzen.

- Nolako entrenamenduak egiten dituzue?

Kluben artean ezberdintasunak badaude, pentsa zein ezberdina den banaka edo taldeka entrenatzea. Taldean bost pertsonek egin behar dute ondo, ez zuk bakarrik.

- Gero eta mutil gehiagok egiten dute gimnasia erritmikoa. Igarri duzu txapelketetan?

Mutil kopuru handiagoa bakarrik ez, kalitate handiagoa dagoela ere igartzen da. Gaztetxoenetan ikusten da kalitate handiagoa dagoela batez ere. Ni bederatzi urterekin ez nintzen gaur egun bederatzi urte dituztenak bezain ona. Kantitate eta kalitate altua egotea lortzen badugu, urrun iritsi gaitezke.

- Eta zuri noraino heltzea gustatuko litzaizuke?

Nire ametsa Joko Olinpikoetan parte hartzea da, baina gizonezkoek ezin dugu parte hartu momentuz. Hala ere, edozein momentutan gimnasia erritmikoa egiten duen gizonezko batek Joko Olinpikoetan parte hartzeko aukera badu, gizonezko gimnasta guztiak poztuko gara. Guztion garaipena izango da.