Felix Mugurutza: “Orain dela gutxira arte negua iristeak indar txarren ahalduntzea zekarren”

Felix Mugurutza: “Orain dela gutxira arte negua iristeak indar txarren ahalduntzea zekarren”
ETA KITTO 2021, Ots 15

Euskal Herriko ohiturak, mitoak eta erritualak ikertzen ditu Felix Mugurutza laudioarrak. Filologoa eta euskaltzaina da Mugurutza eta saioa Arrate Kultur Elkartean eskainiko du otsailaren 16an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Segurtasun-neurriak zaintze aldera aforoa mugatua egongo da eta, beraz, aldez aurretik eman beharko da izena 943200918 telefonora deituta. Ikerlari laudioarrak euskal tradizio zaharren jatorria izango du hizpide …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatu duen hitzaldian.

 

Zertaz egingo duzu berba datorren asteko saioan?
Orain dela hamarkada batzuk arte oso harreman estua genuen euskaldunok naturarekin; haren menpe bizi ginen, berak hautatzen zuelako gure biziraupenerako ala heriotzarako patua. Izaki kulturalak garen neurrian, historiaren uneren batean, eta naturaren erabakian eragiteko, hainbat neurri artikulatzen hasi ginen, eta horrela sortu omen ziren erritu, sinesmen eta ohiturak. Negua zen, bestalde, bizirik irauteko urtaro zailena. Horregatik da negua erritu gehien praktikatzen zen sasoia. Horiei buruz jardungo dut hitzaldian, arimen gaua, solstizioa, aratosteak… hobeki ezagutzeko eta barren-barrendik berriz sentitzeko.

Ez da kasualitatea, beraz, neguan kokatzea gure artean bizirik dauden hainbat eta hainbat ohitura eta erritu.
Orain dela gutxira arte negua iristeak, hotza, gabezia eta probrezia ez ezik, indar txarren ahalduntzea ere bazekarren, “beste aldekoena”, oso argi ordu gutxi izanik inoiz baino gehiago hedatzen baitziren. Ziurgabetasuna eta beldurra, azken finean. Bizirik irautea ere zalantzan jartzen zen eta sasoi hori gainditu beharra zegoen; gutxienez, kukuaren kantua entzun arte, urte bateko iraupena bermatzen zuen ikurra. Eta hobe zen entzutean poltsikoan dirua izatea, ordutik aurrera gabeziarik gabe bizitzearen sinboloa baitzen.

Labur bada ere, zeintzuk dira Gabonak eta Aratosteak bitartean sortutako erritu nagusiak?
Gabonetan hasten zen dena, argi gutxien zuten urteko egunetan. Etxeetako sua berritu egiten zen, detailez jositako liturgia aparta batekin. Ezin dugu ahaztu sua dela eguzkiaren etxeko errepresentazioa, gaizkiaren indarraren kontra borrokatzeko talisman bakarra erlijioa iritsi arte. Otsailaren 2an ailegatzen zen Kandelaria eguna, erritu gehien pilatzen duen urteko sasoiari hasiera emanez. Elizako kandelak bedeinkatzen ziren. Bolada labur batean piztuta egon behar zuten kandelek tenpluan, botere osoa eskura zezaten. Horren ostean, ekaitzen kontra erabil zitezkeen, haiek uzta arriskuan jar baitzezaketen.

Eta otsailaren 3an San Blas eguna ospatzen da, eibartarrondako hain esanguratua den data.
San Blas eguna gizaki eta animaliei elikagai bedeinkatuak emateko unea zen, modu horretan osasuna bermatzeko. Haria bedeinkatzea ere ohitura zen, eta da orain ere, eztarria urte osoan babesteko, sutan erretzen den arte. San Blas egunean artaburu bat bedeinkatzen zen aziendarekin partekatzeko, bereziki idi eta behiekin. Ez ziren gizakiontzako jaki bedeinkatuak soilik. Izan ere, abereak haragi errentagarri bat baino gehiago ziren, harrotasunez erakusten zen familia-ondare bat, nolabait esateko. Atseden egun baten ondoren, beste gau magiko bat dator, Santa Ageda bezpera, ugalkortasunaren aktibazioa, kristautasunak ezarria bularrak moztu zizkioten santu baten omenez. Bizitza hasten da, esnatzen da. Lokartutako lurra estimulatzeko ez dago ezer hoberik lurra erritmo etengabean makilekin jo eta koru batekin laguntzea baino. Gure nagusien esanetan, egun horietatik aurrera hasten da belarra hazten, lehen kimuak azaltzen, hegaztiak ugaltzen.

Zer daukate amankomunean sasoi honetako errituek?
Dena dago naturarekin lotuta, naturaren menpe baitzeuden. Negua oso gogorra izaten zen, eta  errituala, azken batean, zerbait lortu nahi duzunean etengabe errepikatuz egiten den zerbait da. Denboraren norabidea deskarrilatu nahi zuten; zortea edo patua aldatu nahi zuten eta euren alde jarri.

Pandemiak jai eta ospakizunak zapuztu dizkigu, baina  aratosteetan gaudela ezin dugu ahaztu.
Garizuma bitartean ezin zen ez haragirik jan, ez alkoholik edan, ez sexu harremanik izan. “Penitentzia aroa zen”, Garizuma baino lehen bazegoen era guztietako gehiegikeriak egiteko tarte bat, eta hortik dator gaur egun ezagutzen dugun mozorro festa. Mozorroen kontzeptua, baina, aldatu egin da denboraren poderioz. Lehengo mozorroak ez ziren gaur egungoak bezain landuak. Irudi grotesko bat egiteko baliatzen ziren; orain galdu egin dute lehen zeukaten xarma. Badaukagu zertaz hitz egin datorren astean. Beraz, egoera konplikatuan bizi bagara ere, animatu zaitezte eta une atsegina igaroko dugu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »