Berangoko auzipetuen aldeko Amnistia Eguna ospatuko da zapatuan Ermuan

Apirilaren 18rako Amnistia Eguna antolatu dute Ermuan, eta bertan Berangoko auzipetuen absoluzioa eta euskal preso politikoen amnistia aldarrikatuko dute.
Berangoko auzipetuen aldeko Amnistia Eguna ospatuko da zapatuan Ermuan
2026/04/16 16:04
Silbia Hernandez Arrazola

Horretarako prestatu duten egitarauak egun osoa hartuko du, goizeko 11:00etan hasi eta gaueraino: hitzaldia, kontzentrazioa, bazkaria, bertso saioa, DJ gaua... Dena antolatzen aritu diren Ander Arrizabalagak eta Aitzol Lejardik kontatu dizkigute ekimenaren nondik norakoak.

Nortzuk dira Berangoko auzipetuak eta zer dela eta prozesatu ditu 16 lagun Audientzia Nazionalak? 
2022. urtean Ibai Aginaga preso politikoa 20 urte luzeko espetxe zigorra bete ostean kartzelatik atera zen, ondorioz, Berangoko herriak merezitako ongi etorria egin zion egindako borrokaren aitorpen gisa. Hori dela eta, audientzia nazionalak guztira 37 urteko kartzela zigorra, 171 urteko inhabilitazioa eta 76.000 euroko isuna eskatzen die 16 herritarrei, Ibai Aginaga barne. 

Zergatik antolatu duzue Amnistiaren aldeko eguna Ermuan? Zuek bezala, beste hainbatek ere antolatu dituzte elkartasuna adierazteko ekitaldiak, ezta? 
Ermua aukeratu dugu ikusten dugulako gure bailaran amnistia osoaren aldeko aldarrikapena nahiko itzalita dagoela eta gaurkotasun handia daukalako; izan ere, preso politiko asko dauzkagu oraindik espetxean eta estatu kapitalistak langileak zigortzen jarraitzen du estatuaren interesen aurka borrokatzen dutenean, Berangokoa adibidez. Amnistiaren aldarria baztertu eta espetxeratuen izaera politikoa alde batera uzteaz gain, batzuek isiltasun adierazgarria erakutsi dute Berangoko auziaren aurrean. Hala ere, badira Berangoko auziperatuen alde elkartasuna adierazten ari direnak: Tinko amnistiaren aldeko antolakundetik, Mugimendu Sozialistatik, futbolaren sektoretik (Indar Gorri, Herri Norte, Bultzada...). 

Zer aldarrikatuko duzue zapatuan Ermuan burutuko duzuen kontzentrazioan?
Lehenik eta behin Berangoko auziperatu guztien absoluzioa eta militante iraultzaileei ongi etorriak libre egiteko eskubidea. Eta bestetik, Euskal Herriaren eta sozialismoaren alde borroka egin duten militante politiko guztien amnistia osoa. Munduko beste preso politiko guztien baldintzarik gabeko askatasunarekin batera. 

Maiatzaren 30erako manifestazioa dago deituta. 
Hala da, manifestazioa 18:00etan hasiko da Algortan, Telletxe plazan, eta Berangon bukatuko da.


Nolako egitaraua antolatu duzue zapaturako? 
11:00etan hitzaldi batekin hasiko da goiza Lobiano kultur gunean, 13:00etan kontzentrazioarekin jarraituz herriko plazan. 14:00etan bazkaria izango da plazan bertan eta 15:30ean bertso saioa izango dugu Eskilarapekon Aitor Bizkarra, Txaber Altube eta Alexander Idoetaren eskutik. Ondoren jai giroan jarraituko dugu eguna Debabailarako bi DJren bitartez: Ander Gallastegi eibartarrarekin eta Imanol arrasatearrarekin. 

Nolako eguna izatea espero duzue? 
Oso parte-hartze ona espero da eta egun polita izatea espero dugu. Gainera, Ermuan Euskal Jaia da, eta jende andana espero da egunean zehar.