FERNANDO BLANCO (Argiola): “Heriotzari buruz naturaltasunez eta giro atsegin batean berba egitea beti da aberasgarria”

FERNANDO BLANCO (Argiola): “Heriotzari buruz naturaltasunez eta giro atsegin batean berba egitea beti da aberasgarria”
ETA KITTO 2021, Urr 25

Gure kultura eta ohituren arabera, azaroaren lehen egunean ospatu ohi dugu Domusantu eguna eta horrek aitzakia ematen die askori hilerrietara gerturatzeko. Hala ere, aukeran, asko dira kanposantura gerturatu nahi ez dutenak. Paradoxikoki, laster ikusiko ditugu denda askotan mamu, eskeleto, sorgin eta kalabazak, haur eta nagusien jostagarri. Eta hildakoei eskeinitako giro horretan antolatu ditu “Death Cafe” edo heriotzaren-kafe saio bi gure elkarrizketatuak.

Noiztik ari zara heriotzarekin lotutako horrelako saioak egiten? Nola hasi zinen?
Orain dela 12 bat urte nire bizitza goitik behera aldatu nuen. Yoga eta meditazioa egiten hasi nintzen, eta hor hasten zara pentsatzen nondik gatozen, nora goazen, zertarako gauden hemen… horrelako galdera existentzialak egiten. Eta iaz, pandemia hastearekin batera, lana laga nuen. Iaz hilzorian daudenei laguntzeko ikastaroa egiten hasi nintzen eta irailean amaitu dut. Berehala hasi nintzen “couching” ontologikoaren inguruko beste ikastaro bat egiten, hori uztailean amaitu nuen, eta tartean beste hainbat ikastaro egin ditut, energia eta horrelako kontuen ingurukoak, baina bereziki ospakizunei buruz ikasten aritu naiz

Ospakizunak esaten duzunean, zer esan nahi duzu?
Elizak egiten dituen ospakizun guztiak, baina  elizatik kanpora egiteko, horrelakoak egiteko aritu naiz ikasten. Nik berez ez daukat inolako arazorik Elizarekin, nahiz eta nire iritziak izan, baina ikusten dut kalean horren beharra dagoela. Gizarteak Elizatik kanpora aukerak izatea eskatzen du. Pandemian bideokonferentzia asko egin ditut eta horrelako batean 30 urte Mallorcan bizitzen daramatzan emakume britaniar bat ezagutu dut. Berak 15 urte inguru daramatza horrelako ospakizunak egiten eta berarekin ikasi dut. Denetariko ospakizunak dira: bataioak, jaunartzeak, ezkontzak eta baita funeralak ere, norbait hiltzen denean hori moduren batean ospatzeko ekitaldiak. Orduan, une honetan buru-belarri nabil funeraria, tanatorio eta horrelakoekin.

Eibarren bi saio antolatu dituzu azarorako. Noiz eta non egingo dira?
Azaroan, bigarren astean, bigarrenez egingo dugu “Dando vida a la muerte” izeneko festibala. Asmoa ahal dugun herri guztietan heriotzarekin lotutako dinamikak antolatzea da. Hortik Eibarren “death cafe” edo heriotzaren-kafea deitzen den hori antolatzea. Hainbat ate jo eta gero, azkenean Arrate Kultur Elkartean pare bat saio lotzea lortu dut: azaroaren 2an euskerazkoa egingo dugu eta azaroaren 4an, berriz, gaztelerazkoa. Biak hasiko dira 18:30ean eta partehartzea doanekoa izango da (informazio gehiago 677559682 zenbakian).

Eta zer egiten da horrelako saioetan? Nolakoak izaten dira?
Bertara joaten den jendeak heriotzari buruz berba egiten du. Horretarako giro atsegina eta lasaia egotea garrantzitsua da, jendeak modu librean, lasai berba egiteko. Eta, ahal dela, kafetxoren bat hartzeko aukera badago, primeran!

Ez gaude ohituta heriotzaren inguruan horrela berba egitera. Jendeari hastea kostatzen zaio?
Noski, ez gaude horretara ohituta eta kostatu egiten da. Beste edozein aldaketa emateko gertatzen den bezala, honetan ere denbora beharko da gauzak aldatzeko, horretan zalantzarik ez dago, aldaketa ez da datorren asterako izango. Baina, dena dela, Euskal Herrian bertan, norbait hiltzen zenean beste modu bateko ospakizunak, gaur egun ezagutzen ditugunekin zerikusi gutxi duten hileta-ospakizunak egiten zirela gauza jakina da. Beraz, lehenago bide bat hartu genuen bezala, bidea kontrako norantzan edo egiteko ahalmena daukagu, atzera botatzeko. Eta, neri behintzat, hala izatea gustatuko litzaidake. Baina, horretarako, jendeak heriotza onartu behar du.

Ezagutzen ez dugunaren aurrean beldurra izan ohi dugu. Horrelako saioak antolatzeko orduan horrelakorik sentitu duzu? Nolako harrera izaten dute?
Lehen esan dudan moduan, ni erlijiotik kanpora nabil, berdin  dit besteak sinesdunak izan ala ez, hortik kanpora dagoen zerbait delako. Bakoitzak bere sinismenak izango ditu, baina honek ez dauka zerikusirik horrelako kontuekin. Egia da heriotzari buruzko zerbait antolatu nahi duzula esatean batek baino gehiagok mesfidantzaz begiratzen dizula, sektaren batekoa izango ote zaren edo, horren beldur. Hortik gauzak argi eta garbi, besteek ondo ulertzeko moduan azaltzearen garrantzia. Azken batean kafetxo bat hartu, pasteltxo batekin edo pasta batekin, eta horretaz hitz egin, besterik ez dugu egiten. Atzo bertan hori egin genuen Tolosan, 12 bat lagun elkartu eta horretaz hitz egiten egon ginen. Bakoitzak bere esperientziak kontatzen ditu, gaur egungo egoera pertsonala zein den, berak heriotza nola ikusten duen, eta aberasgarria izaten da. Azkenean bakoitzak bere iritziak dauzka, baina taldean, bakoitzak berea komentatzen hasten bagara, konturatzen hasten gara beste batek esandako zerbait interesgarria dela guretzat, adibidez. Edo guri pasatzen zaizkigun gauzak beste batzuei ere gertatzen zaizkiela konturatzen gara.

Nolako jendeak hartzen du parte heriotzaren-kafe horietan?
Lehenik eta behin, etortzen den jendea askatasun osoz etorri behar da, eta parte hartzen duten beste guztiekiko errespetuarekin. Eta bere iritziak bere iritziak dira, hau da, ez dira eztabaidatzeko gauzak. Norbaitek komentatu edo bere iritzia eman nahi badu, ondo, baina iritzia besterik ez da. Inork ezin dio esan hori horrela ez denik, edo oker dagoenik. Hau ez da eztabaidarako tokia. Denok ulertzeko moduko adibide bat ipintzearren, txikiteoan dabilen lagun koadrila batek foballaz aritzen denean? Ba horren parekoa litzateke, baina foballari buruz hitz egin beharrean, heriotzari buruz berbetan, hori litzateke aldea.Eta esperientziak partekatze horretatik abiatuta, batzuk besteen berri izatea beti da aberasgarria norberarentzat, bakoitzak ditugun beldurrak gainditzeko, laguntza behar izanez gero norengana jo dezakegun eta beste gauza asko ikasten dira eta. Eta oso garrantzitsua izaten da arduraduna, noizean behin beti egoten delako partaideren bat besteak berera eramateko gogoz joaten dena, eta horrelako jarrerak mozteko arduraduna egotea oso garrantzitsua da. Horrelakoak asko zaindu behar dira, azkenean jende guztia gustora egon ahal izateko, babestuta dagoela sentitu behar du. Saioek ez daukate iraupen finko bat, baina normalean pare bat ordukoak izaten dira. Bestela, nahi izanez gero, hurrengo egunera arte luza daitezke, eta hori ez da komeni

Gure artean horrelako gauzak nahiko berriak izan arren, beste herrialde batzuetan hedatuago daude…
Death Cafe izeneko eredu hau 2011n garatu zuten Jon Underwood eta Sue Barsky Reid sortzaileek, Bernard Crettaz, Suiza Romanceko ikerketa tanatologikoen elkarteko soziologo suitzarraren ideietan oinarrituta. Izan ere, suitzar horrek 1989an sortu zituen “Cafe Mortel” izenekoak. Edozein modutan ere, izen batekin edo beste batekin, funtsa ez da aldatzen: heriotzari buruz libreki hitz egitea da helburua, leku atsegin batean, kafea edo infusioa eta bizkotxoa dastatu bitartean. Azken batean, horrelakoekin lortu nahi duguna gizarte mailan heriotzaren inguruan ikusgarritasuna piztea eta tabuak apurtzea da, beste gai batzuetaz bezala, heriotzari buruz ere naturaltasun osoz berba egitea .

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »