Osakidetzako medikuek bigarren greba astea hasi dute

Osakidetzako medikuek bigarren greba astea hasi dute
2026/03/16 17:09
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Osakidetzako eta Nafarroako Osasunbideko medikuek greba aste berri bat hasi dute aste honetan. Protestaren bidez, Espainiako Gobernuak bultzatutako Estatutu Markoaren erreformaren aurka agertu dira, uste baitute proposatutako aldaketek ez dituztela medikuen lan baldintzak behar bezala jasotzen.

Medikuen sindikatuek salatu dutenez, erreformak ez du konpontzen sektorean aspaldidanik dauden arazoetako batzuk: lan karga handia, guardia luzeak edo lanordu kopuruaren antolaketa, besteak beste. Grebaren arrazoiak, eskualdean duen eragina eta etorkizunari begirako erronkak hobeto ezagutzeko, Mikel Arroyo, SMEko ordezkaria Mendaroko Ospitalean, elkarrizketatu dugu duela gutxi.

Greba ez da jarraian egingo, baizik eta hainbat lanuzteren bidez. Lehen mobilizazioak otsailean egin zituzten, eta martxo honetan beste greba aste bati ekin diote; datozen hilabeteetan ere protestekin jarraitzea aurreikusten dute.

Medikuen aldarrikapen nagusietako bat da euren lan baldintzak arautuko dituen estatutu propio bat onartzea, osasun sistemako gainerako langileengandik bereizita. Sindikatuen ustez, horrela hobeto aitortuko lirateke medikuen lanaren berezitasunak eta erantzukizunak.

Grebaren ondorioz, kontsulta eta prozedura batzuk atzeratu edo bertan behera gera daitezke, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak bermatuta egongo diren. Mobilizazioek eragina izan dezakete Debabarreneko osasun zentroetan ere, tartean eskualdeko anbulatorioetan eta Eibarko ospitalean.