Gaztelerarekin arazoak dituzten euskaldun zaharren Kluba Eibarren

Gaztelerarekin arazoak dituzten euskaldun zaharren Kluba Eibarren
ETA KITTO 2015, Mar 06

– Zer da “Erdaldun berrien kluba”?
Batetik, Erdaldun Berrien Kluba, Arrasateko AED elkarteak ekoiztutako bakarrizketa da. Euskararen inguruko gogoeta sortu eta erabilera sustatzeko ekintza; bestetik, Irantzu, bakarrizketako protagonista, sortzen saiatzen ari den klub bat da. Gaztelerarekin arazoak dituzten euskaldun zaharrek osatuko luketena.

– Zer du “Erdaldun berrien klubak helburu?
Alde batetik, gizartean edo erdaldun berri ez direnengan erdaldun berrienganako kontzientzia sortzea; eta, bestalde, erdaldun berri direnei elkartasuna adieraztea eta baztertuta edo lotsagarri sentitzetik askatzeko laguntzea.

– Nolakoa da Irantzu? Berarekin identifikatutasentitzen zara?
Irantzu neska gazte euskaldun eta umoretsua da. Indartsua, finkatuta dagoena aldatzeko prest dagoena. Eta bai, testua irakurri nuenean guztiz identifikatuta sentitu nintzen. Nik ere izan nituen Irantzuren gertaera antzekoak 18 urterekin Bilbora ikasten joan nintzenean, eta horregaitik iruditzen zait era batean sendagarria dela. Bestalde, uste dut oso ona dela antzerkisendagarri hau Euskal Herrian zehar banatzen ibiltzea. Euskaldun berrientzako ere bai!! Eurek ere badute zatitxoa bakarrizketan…

– Nola sentitzen zara oholtzaren gainean zu bakarrik egotean?
Oso ondo, egun guztiak ez dira berdinak;baina bai, oso gustora. Gainera esan beharreko zerbait esaten ari naiz, entzuleren bati on egingo diona… terapeutikoa.

– Nola hasi zinen antzerkigintzan?
Eskoriatzan Selektibitate azterketa gainditu eta Getxoko antzerki eskolan ikasi nuen lau urte. Amaitu eta Eskoriatzara bueltatu nintzen. Urtebete fabrikan lan egin ondoren, automobila erosi nuen eta segituan hasi nintzen lanean Deabru Beltzak konpainiarekin. Beno, aurretik kale antzerkia egiten nuen “Los Barruetabeña”, beste talde batekin. Gero “Kanpanolue” ikuskizunarekin ibili ginen plazarik-plaza. Eta batekin eta besteekin… gaur arte!!

– Orain arte zer nolako lanak egin dituzu?
Antzerki mota asko egin ditut, aretoan zein kalean. Haur zein helduentzako, Txontxongilo antzerkia ere egin dut, itzalena…

– Zein egoeratan dago gaur egungo antzerkigintza Euskal Herrian?
BEZ-aren igoera oso kolpe gogorra izan zen eta da. Bestalde, eta hau nire iritzia da, teknologia berriek eta bizitza bizkor honek ez du laguntzen antzerkira joateko. Ea joera aldatzen den, kultur-sortzaileak baloratzen diren! Baina antzerkia sortu sortzen da eta batzuk joaten dira ikustera.

– Etorkizunari begira proiekturik edo asmorik bai?
Bai. “Sendagarria” banatzen jarraituko dut (kar,kar..), gonbidatzen jarraitzen nauzuen bitartean… eta horrez gain beste pare bat proiektu entsaiatzen ari naiz, pare bat lagunekin… ea maiatzean estrenatzen dugun!!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude