Iakes Perez, ‘Zaporeak’-eko boluntarioa “Eman dudana baino gehiago jaso dut Lesbosen”

Iakes Perez, ‘Zaporeak’-eko boluntarioa “Eman dudana baino gehiago jaso dut Lesbosen”
2020/09/25 eta kitto!
Iakes Perez urretxuarrak Teknikerren sortutako ‘Atten2’ start upean egiten du lan, baina abuztuan punta-puntako teknologiak albo batera laga eta Lesbosera (Grezia) joan zen, Moriako esparruan dauden errefuxiatuei laguntzeko Zaporeak elkarteko boluntario bezala. Esparruak su hartu aurreko sasoia zen eta han bizi den egoera hobeto ulertzen lagundu digu. Bestetik, gogoratu Guridi tabernan domekara arte itsulapikoa egongo dela errefuxiatuei laguntzeko dirua biltzeko eta, bestela, ES32 2095 5011 80 9115250322 (Kutxabank) eta ES71 3035 0103 88 1030035880 (Laboral Kutxa) kontuetan ekarpenak egin daitezke.

 

Espero zenuena aurkitu zenuen Lesbosen?

Espero nituen gauza batzuk aurkitu nituen, baina orokorrean imajinatzen nuena baino egoera gogorragoa eta larriagoa bizi da. Bestetik, jendea ezagutuko nuela uste nuen, baina ez nuen espero hain harreman estu eta sakona egitea eta agur esatea hainbeste kostatzea, batez ere Zaporeak-en sukaldean lan egiten duten errefuxiatuekin.

 

Errefuxiatu guztiak zaku berean sartzen ditugu, baina bakoitzak bere errealitatea bizi du, edozein pertsonak bezala. Ahaztu egiten dugu hori?

Noizbehinka han bizi den egoeraren berri ematen digute telebistan, gainetik, eta badakigu han zer gertatzen den, baina normalena da beste alde batera begiratzea edo arreta handirik ez jartzea. Gertuko kontua ez denez… Gure esku dago horren inguruan gehiago jakitea edo egitea.

 

Zuk hara joatea erabaki zenuen. Nolako esperientzia izan da?

Hasieran uste dugu errefuxiatuak laguntzera goazela, baina modu inkontzientean bilatzen duguna da egoerak berak gu laguntzea. Eman dudana baino gehiago jaso dudala esango nuke. Han gertatzen denaren inguruan kontzientzia sakonagoa hartu eta jende horrek nola sufritzen duen ezagutu dut. Bizitzako gauza garrantzitsuak zeintzuk diren jakin eta gehiago baloratzeko balio izan dit. Hemen daramagun bizimoduak faltsutu egiten du benetan garrantzitsua zer den eta zer ez. Errefuxiatuek bizi izan dutena eta dituzten arazoak kontatzean, eta horrela izanik aurrera itxaropentsu egiten dutela ikustean, hemen normalean ditugun arazoak hutsaren hurrengoa direla konturatzen zara.

 

COVID-19aren pandemiak nolako eragina izan du errefuxiatu esparruetan?

Egoera oso gogorra da berez, baina izurriak are gogorragoa bihurtu du. Martxotik konfinatuta egon dira Moriako kanpamenduan, nahiz eta Lesbos osoan inongo murrizketarik ez izan (gu libreki mugitzen ginen, Euskal Herrian baino libreago). Hilabeteak egon dira infernu hartatik irten ezinik.

 

Nolakoa da infernu hura?

Kanpamenduak su hartu aurretik 13.000 lagun bizi ziren 3.000 lagunentzat prestatutako esparruan. Ez dago nahikoa komunik edo dutxarik guztientzat, demaseko zabor pilaketak daude, ur beltzek eragindako errekak… oso egoera tamalgarrian eta penagarrian bizi dira. Gainera, sei hilabetetan ezin izan direnez handik irten, jendea burua galtzen hasi da. Hainbat GKEetako medikuek esan dute azken aldian jendeak demaseko arazo psikologikoak garatu dituela, burua galtzen eta bere buruari min egiten hasi direla. Han jendeak ezin du ikasi edo lanik egin, eta %30 inguru umeak dira.

 

Egoera horren ondorioz piztu zen sua kanpamenduan?

Gu Euskal Herrira itzuli eta pare bat egunera lehen koronabirus kasua agertu zen kanpamenduan, eta hiru egunetan 35 kasu zenbatu zituzten. Arazo psikologikoak, bizimodu penagarria, tentsioa eta birusaren agerpena batu eta egoerak lehertu egin zuen. Dirudienez errefuxiatu batzuek suteak eragin zituzten desesperazioak bultzatuta.

 

Eta orain zein egoeratan daude han bizi ziren 13.000 lagunak?

Irakurri dudanez 1.000 errefuxiatu inguru Lesboseko beste kanpamendu batera eraman dituzte, baina beste 12.000 errefuxiatuak kale gorrian daude. Europako herrialde bakoitzak errefuxiatu kopuru bat hartuko duela esan dute, baina itxurakeria hutsa da.

 

Errefuxiatuak ez atzera ez aurrera geratuko dira betiko Grezian?

Europak paso egin du gai honen inguruan eta Greziari pasa dio fardela. Greziak Lesbos, Kios eta beste irla batzuk errefuxiatuen atxikipen gune bezala erabiltzen ditu, Grezia osoan zehar ez sakabanatzeko. Bestetik, errefuxiatuak heltzen hasi zirenean Lesboseko biztanleen joera politikoa nahiko ezkertiarra zen. Jendeak asko lagundu zuen eta batzuek errefuxiatuek euren etxeetan hartzen zituzten (orain ere hainbat kasutan), baina errefuxiatuen egoera hainbeste kaskartzearen ondorioz bandalismo kasuak gertatu direnez, uhartea eskuinerantz erradikalizatzen hasi da eta eskuin muturreko joerek gora egin dute. Beraz, errefuxiatuen bizitza are zailagoa da.

 

Egoera honetan Zaporeak-ek nolako lana egin dezake?

Gu egon ginenean baino egoera zailagoa bizi da orain. Guk 2.000 otordu ematen genituen egunean eta orain 3.000 ematen dituzte. Bestetik, orain errefuxiatuak sakabanatuta daudenez, banaketa egiteko ere arazoak dituzte. Ura lortzeko ere arazo handiak daude. Ez dago edateko ura hartzeko aukerarik eta egunean botilako ur asko erosi behar da. Beraz, hemengo jendearen ekarpenak ongietorriak dira. Euskal Herrian egiten dugun oinarrizko lana oso garrantzitsua da, Lesbosen egiten den lana hemengo lanari esker egiten delako.