Ibai Lazkano: “Piriniar erreferentziazko mapa bat da, Pirinioak ezagutzeko motibazioa emango dizuna”

Ibai Lazkano: “Piriniar erreferentziazko mapa bat da, Pirinioak ezagutzeko motibazioa emango dizuna”
2020/06/12 09:42 eta kitto!
Pirinioak etxeko egongelara ekarri ditu Ibai Lazkanok. Hainbat urtetako lanaren ondoren Pirinioetako mapa bat osatu du, informazioa eta diseinua modu paregabean uztartuz. Proiektua Verkami plataforman partekatu du (vkm.is/piriniar)  eta jendeari gustatu zaio proposamena, demaseko arrakasta izan du-eta.

EskuaAzkena

Zer da Piriniar?

Pirinioetako mapa bat da, baina gehien ezagutzen ditugun edo ohikoak diren mapekin alderatuz gero, nahiko ezberdina da. Informazioaren aldetik baino gehiago, diseinu aldetik da desberdina. Zerbait minimalista egitea nahi izan dut. Hasiera batean proiektu pertsonala zen eta balio erantsirik erakusten ez zuen informazioa kentzen saiatu naiz mapa ahalik eta garbien lagatzeko. Mendien, mendi-aterpeen, toki ederrenen… aukeraketa bat egin dut, eta logika horren barruan sartzen ez zen guztia kanpoan laga dut. Egia da Pirinioetako barnealdean dauden herriak, errekak, lakuak… errespetatu ditudala eta bertan agertzen direla, baina Pirinioetatik irteten den inguru guztia ezabatu egin dut. Harira joan naiz.

 

Mapa minimalista izanik, informazio asko batzen du. Nola moldatu zara hori lortzeko?

Hasieran gauza gehiago sartzeko asmoa nuen, baina informazioa eta diseinua balantzan jarrita oreka bilatzen joan naiz. Batetik, niri gehien gustatzen zaizkidan, adituek gehien gomendatzen dituzten eta Interneten sarritan erreferentzia egiten zaien 160 mendi sartu ditut. Mendi-aterpeei dagokienez, urtean zehar momenturen baten babestuta daudenak sartzen saiatu naiz, guztira 126. Aterpe libreak ez ditut sartu. Pena ematen dit, batzuk ederrak direlako, baina aterpe libreekin sartuz gero mapak ez luke amaierarik edukiko. Bestetik, 12 ibilbide sartu ditut, tartean Pirinioak zeharkatzeko lau modu (GR11, GR10, Pirinioetako Goi Ibilaldia eta Route dels Cols). Horrez gain, 60 toki eder kokatu ditut (nire iritziaren arabera), 47 eski-estazio (eski alpinoa eta snowboard egiteko dauden guztiak) eta Route dels Cols ibilbidean dauden 25 mendate sartu ditut. Informazio asko dago, baina ez da Pirinioetan dagoen guztia.

 

Nolakoa izan da lan-prozesua?

Zaletasun asko dituen pertsona naiz eta mapak txikitatik gustatu izan zaizkit. Proiektu honekin zerotik hasi nintzen orain dela hiru urte. Hasieran, Google Maps-etik ateratako ehundaka pantaila-irudirekin Pirinioetako mapa osatu nuen, baina pentsatu nuen ez zela oso legezkoa. Niretzat bakarrik izango balitz, tira, baina ez nekien nolako bilakaera izan zezakeen. Gainera, grafikoki testuak eta irudiak sartzeko oso mugatua zen. Beraz, mapak nola egin ikasten hasi nintzen eta software libreko Qgis programa aurkitu nuen. Mapa bat egiteko garrantzitsuena, ezer sartu aurretik, oinarria da. Horretarako DEM izeneko fitxategiak behar dira, mapan landuko duzun tokiaren altuerak jasotzen dituzten fitxategiak, alegia. Nik Japoniako Agentzia Aeroespazialaren DEMak erabili nituen, libre zeudelako. Behin oinarria edukita, altuerei kolorea ezarri nien. Puntu altuenei beltza eta baxuenei txuria, diseinu garbia lortzeko. Herriak, errepideak eta horrelakoak Open Street Maps-en bitartez sartu nituen. Bestetik, mendiak toki zehatzean jarri behar nituen eta horretarako Mendikat-ekoekin jarri nintzen kontaktuan, mendien inguruko informazio zehatza dute-eta. Beraz, gpx izeneko artxiboak erabiliz toki zehatzean jarri ditut. Azkenik, ibilbideak eta eski-estazioak Wikiloc bitartez sartu ditut, eta horrek lan gehiago eman dit.

 

Lan handia hiru urtetan egiteko!

Hiru edo lau urte izan dira, baina maparen % 50-60 itxialdian egin dut. Zirt edo zart egiteko momentua izan da, proiektuarekin aurrera jarraitzeko edo bertan behera lagatzeko. Dena dela, aurreko ikasketa-prozesuak eta egindako lan guztiak ahalbidetu du maparen zati handi bat itxialdian azkar egin ahal izatea.

 

Pirinioak goitik behera ezagutzen dituzu?

Pirinioak ezagutzen ditut, baina pentsa litekeena baino gutxiago. Toki askotan egon naiz (Pirinioak errepideko bizikletarekin zeharkatu ditut, oinez Puigcerdaraino joan naiz, mendi batzuk igo…), eta beste askotan ez, baina toki horien inguruan asko irakurri dut, irudi asko ikusi ditut… Mapa egiten konturatu naiz oraindik toki asko ditudala ezagutzeko, batzuk ez nituen ezta entzunda ere.

 

Proiektua Pirinioekiko maitasunetik abiatzen da?

Bai. Mendia txikitatik gustatu zait, etxean jaso dudan zaletasuna izan da. Batzuek galdetu didate: “Zergatik Pirinioak?”. Euskal Herriko mendiak asko maite ditut eta asko ibili izan naiz haietan, baina txikitatik izan naiz elur-zale amorratua. Elurrak liluratu egiten ninduen eta Pirinioetako web-kamerak, eski-estazioen inguruko albisteak, eguraldiaren inguruko foroak… begiratu izan ditut betidanik. Elurrarengatik Pirinioetara begira egon izan naiz beti. Bestetik, txikitan gurasoekin Puigpedros mendira joan nintzen behin eta GR11 bidearekin egin genuen topo. “Pirinioak alderik alde gurutzatzen ditu”, esan zidaten eta esaldi hori buruan iltzatuta geratu zitzaidan, egunen batean egin behar nuela pentsatuz. Orain dela lau urte GR11 egiten hasi nintzen eta maparen proiektuaren hasierarekin bat egin zuen. Elkarrekin joan dira.

 

GPSen eta mugikorretako aplikazioen sasoian mapa paperean egiteko apustua egin duzu. Zergatik?

Nahiko konektatuta bizi den pertsona naiz, baina balioa ikusten nion mapa paperean egiteari. Mapak ikustea, ukitzea… gustatzen zait eta mendia horrekin lotzen dut. Gainera, euskarri fisiko batean egiten duzuna beti gelditzen da hor eta aparatu digitalekin beti zaude bateriaren menpe. Horrela mapa eskurago dago, zerbait markatu dezakezu, egunero ikusten duzu eta zerbait egitera motibatu ahal zaitu. Internet hain da zabala, galdu egiten zarela. ‘Piriniar’ justu kontrakoa da, informazio multzo handi horretatik filtratuta dagoen zerbait.

 

Erromantikoagoa ere bada?

Bai. Ukitu daitekeen zerbait beti da epelagoa. Balio gehiago ematen diot ukigarria den zerbaiti.

 

Hala ere, euskarri fisikoak eta digitalak osagarriak dira, ezta?

Horrela da, bai. ‘Piriniar’ erreferentziazko mapa bat da, Pirinioak ezagutzeko motibazioa emango dizuna. Gero, mapan agertzen den ibilbide jakin bat egin nahi baduzu, mapa osatuago bat erosi edo ibilbide zehatza mugikorrean deskargatu dezakezu.

 

Diseinuari garrantzia eman nahi izan diozula esan duzu. Zergatik?

Egongelako paretan jarriko nukeen zerbait sortu nahi nuen. Estetikoki zerbait ederra egiten saiatu naiz, baina era berean funtzionala izan behar zuen.

 

Verkami plataforman proiektuaren babesleak bilatzen diharduzu. Nolako harrera izan du orain arte?

Nire asmoa mapa bat egin, inprimatu eta etxean jartzea zen, baina hainbeste xehetasun dituen mapa bat inprimatzea nahiko garestia da, eta, gastuak partekatze aldera, mapa jende gehiagori eskaini nahi izan diot. Verkami-n eman dut proiektuaren berri eta 40 egunez nahi duenak ekarpenak egin ditzake. Ekarpenen arabera, mota ezberdinetako sariak jaso daitezke (mapak, mugikorretako pantailetarako horma-irudiak, mapak egiten ikasteko ikastaroa…). Nire helburua 1.500 euro lortzea zen gastuekin parra egiteko, baina demaseko harrera izan du (ekarpenak egiteko epea amaitzeko 26 egunen faltan 12.000 euro inguru batu ditut), eta asko poztu nau.

 

Hain erantzun positiboa jasota, zerbait gehiago egiteko asmoa duzu?

Bigarren pauso hori ez nuen buruan, baina izan duen harrera ikusita ‘Piriniar’ markaren barruan sartu daitezkeen beste produkturik egon daitekeen pentsatzen hasi naiz. Bi aukera ikusten ditut hor. Batetik, beste toki batzuetako mapak egitea. Baina horrek Pirinioen izaera hori galduko luke eta ez ninduke horrenbeste beteko. Eta, bestetik, argazkilaritza ere asko gustatzen zaidanez, arlo biak uztartzea gustatuko litzaidake. Momentuz, webgune bat egingo dut Verkami-n hasitako kanpainarekin jarraitzeko.

 

Sarien artean maparen ‘Ugatz’ bertsioa dago. Zer da?

Maparekin zerbait gehiago eman nahi nuen eta Pirinioen inguruan dauden fundazioak begiratzen hasi nintzen. Ugatzaren Babeserako Fundazioarekin egin nuen topo eta kontserbazio programaren barruan 114 ugatz markatuta dituztela ikusi nuen. Orduan, ugatz bakoitzeko mapa bat sortu dut edizio mugatuan, kolore gorria erabilita, eta mapa bakoitzarekin ugatz bakoitzaren izena eta ezaugarriak jasotzen dituen lamina bat emango dut. Gainera, jasotako diruaren zati bat emango diet.

Piriniar_VerkamiPort_baja