Idoia Argotia (Eibarren AKEBAI): "Euskaraldia arrakastatsua izateko herri-batzordeak indartu nahi ditugu”

Idoia Argotia (Eibarren AKEBAI): "Euskaraldia arrakastatsua izateko herri-batzordeak indartu nahi ditugu”
2022/06/03 eta kitto!
Badator Euskaraldia! Entitateen izen-ematea zabalik dago eta norbanakoena irailean hasiko da. Euskaraldiaren helburua da gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea. Eibarren eta beste herrietan ekimena arrakastatsua izan dadin herri-batzordeak indartzea ezinbestekoa dela dio Idoia Argoitia Eibarren AKEBAI-ko koordinatzaileak.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da ariketa soziala; 15 egun izango dira, aurreko edizioan bezala. Herritarrek ahobizi eta belarriprest moduan hartuko dute parte, eta aurreko edizioan egin zen bezala, entitateek ere (denda, taberna, enpresa, elkarte, zerbitzu...)  parte hartuko dute.

Zer lortu da aurreko bi edizioetan?
2018ko Euskaraldia euskararen erabilera bultzatzeko inoiz egin den ariketa masiborik handiena izan zen; ilusioa eta konplizitatea sortu zuen herritarren artean. Hizkuntza ohiturak aldatzeko urrats berriak emateko 225.000 lagunek eman zuten izena lehen Euskaraldian Euskal Herri osoan. Eibarren 3.825 lagunek eman zuten izena ahobizi, belarriprest edo bihotzgoxo moduan. Baina parte hartu zutenen kopurua bezain garrantzitsua da, prozesuan zehar, herrietan egitasmoa aurrera eramateko antolatu ziren talde edo batzordeen lana; euskaltzaleak, gizarte eragileak eta erakundeak aritu ziren elkarlanean. Eibarren, AKEBAIko mahaietako hainbat kidez osatutako batzordea eratu zen, eta beste eragile batzuen lankidetzarekin antolatu zen Euskaraldia gure herrian.

2020ko Euskaraldia pandemia betean izan zen. Nola baldintzatu zuen osasun-egoerak?
Guztiz baldintzatu zuen bai herrietako batzordeen aktibazioa eta lana, bai ariketa bera. Herritarren parte-hartzean eta giroan eragin handia izan zuen COVID-19ak. 2. edizioaren berrikuntza entitateen parte-hartzea izan zen, horretarako aurretik adostutako ariguneak izendatuz. Izen-emateari dagokionez, 178.184 norbanakok eman zuten izena Euskal Herrian, eta parte hartu zuten entitateek 24.363 arigune sortu zituzten. Eibarren, 2.377 herritarrek eman zuten izena eta entitateetan 343 arigune osatu ziren. Baina, ez zen egon giro egokirik herrietako batzordeak osatzeko eta kide berriak erakartzeko; 2018ko Euskaraldirako sortutako taldeen jarraipenak izan ziren 2020ko edizioko herri-batzorde gehienak. Horietako batzuk dagoeneko sortuta zeuden euskara talde edo batzordeetatik abiatutakoak izan ziren. Eibarko kasuan, AKEBAIko Ekipora mugatu zen ia-ia Euskaraldia antolatzeko batzordea.

Zer diote emaitzek? Euskaraldia bezalako ekimenak eraginkorrak dira euskararen erabilera bultzatzeko?
Garbi dago 2018ko edizioak eragin zuela aldaketarik handiena; 2020koaren inpaktua txikiagoa izan zen, jakina. Baina, eragozpenak eragozpen, ikerketa-lanak garbi erakutsi du ekimena eraginkorra dela, eta herritarrek Euskaraldiaren bitartez euskarazko portaerak indartzen jarraitu nahi dutela. Ikusi da ahobizi/belarriprest dinamikak eta entitateetan ariguneak adosteak laguntzen dutela hizkuntza ohiturak aldatzen. Izan diren bi edizioetan, Euskaraldian zehar igoera bat egon da euskararen erabileran eta jaitsiera bat ondoren, baina ez igoeraren parekoa. Txapak erabiltzeak laguntzen du ariketa erosoago egiten, eta gune babestuetan eta taldearen adostasunarekin errazagoa da euskaraz aritzea. Beraz, hel diezaiogun ilusioz eta gogotsu 3. Euskaraldiari!

Zein da aurtengo erronka nagusia?
3. edizioa izanik, aurreko bietan egindakotik ikasi eta herritarrek hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenean ilusioz eta modu egokian parte har dezaten lortzea da, berez, nahi dena. Eta badago hobetzeko margena, jakina; bai antolaketan, bai zabalkundean, bai elkarlanean, bai ariketa ulertzeko eta egiteko moduan, bai parte-hartzaile eta arigune kopuruan... Baina lorpenak ere izan dira, eta ez gutxi; eta horiek ere erakutsi egin behar dira.

Eta lan-ildo eta helburu nagusiak?
Alde batetik, Euskaraldian parte hartzen duten norbanakoek eta entitateek euskarazko praktikak hedatzeko urrats berriak ematea. Eta, bestetik, parte-hartzea handitzea: ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago izatea. Helburu horiek betetzeko azpi helburuak ere zehaztu dira: parte-hartzaileen lorpenak bistaratzea; ahobizi, belarriprest eta arigune kontzeptuak zabaltzen jarraitzea; entitateetan ariguneak hedatzea; ariketa ikusgarri egitea (banderolak, lonak, muralak, ekitaldiak...), kalea hartzea...  Baina helburu eta azpi helburu horiek beteko badira, ezinbestekoa da herri-batzordeak indartzea, eragile sozial eta instituzionalak, zein herritar euskaltzaleak lankidetzan arituta. Horixe da orain Eibarren eta beste herri askotan egin behar duguna: ekimena arrakastatsua izan dadin, bakoitzak ahal duen neurrian laguntzeko eta lankidetzan aritzeko eragile eta herritar euskaltzale talde anitza eta indartsua osatzea. Beraz, laguntzeko prest bazaudete, jarri gurekin harremanetan: eibarrenakebai@gmail.com. Tel.  943 708426 . Portalea. Bista Eder 10 (2. solairua)

Oraingoan ere norbanakoek eta entitateek parte hartu ahal izango dute, ezta? Entitateek garbi dute zer diren ariguneak?
Bai; herritarrek (norbanakoak) ahobizi edo belarriprest moduan hartuko dute parte Euskaraldian, eta aurreko edizioan egin zen bezala, entitateek ere parte hartuko dute ariguneak osatuz. Ariguneak entitateetan (denda, taberna, talde, elkarte, erakunde, zerbitzu, enpresa...) euskaraz lasai aritzeko identifikatzen diren guneak dira. Arigune batzuk entitateko pertsona taldeek osatzen dituzte, eguneroko harremana daukatenak. Kide guztiek ulertzen dute euskara eta ariketa egitea erabakitzen dute ahobizi edo belarriprest moduan. Taldean sortutako ariguneak dira horiek. Beste arigune batzuk entitateak eta herritarrak harremanetan egoteko espazioetan edo dinamiketan sortzen dira: harrera-guneak, salerosketa-puntuak... Gune horietan herritarrei harrera egiten dieten ahobizi eta belarriprestak egongo dira; bat, gutxienez, uneoro. Arigune batzuek bi motatako ezaugarriak izaten dituzte; denda batean langile bat baino gehiago dagoenean batera, adibidez.

Izen-ematea noiz izango da?
Entitateen izen-ematea zabalik dago, eta urriaren erdialdera arte aukera izango da horretarako. Norbanakoena, berriz, irailaren erdialdean hasiko da. Aurten, izen-ematea errazagoa izan dadin, aurreko edizioren batean parte hartu zuten herritarrek eta entitateek mezu bat jasoko dute koordinazio orokorretik izen-ematea berresteko, hala nahi badute behintzat. Entitateen kasuan hasi dira mezu horiek bidaltzen eta parte-hartzea berresteko jarraibideak ematen.  Joango gara informazioa zabaltzen, bai koordinazio orokorretik, bai herri-batzordetik. Izen-ematea Euskaraldiaren webgunearen bidez ere egin daiteke (www.euskaraldia.eus)

Zeintzuk dira Eibarren emango diren hurrengo urratsak?
Eibarren ekainerako Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia antolatu nahi dugu; laster emango dugu horren berri. Dena dela, edozelako zalantzarik izanez gero, jarri gurekin harremanetan. Eta gogoratu: Hitzez ekiteko garaia da!