Idoia Iturbe: “Startupen kultura hedatu nahi dugu eta formakuntza berebizikoa da horretarako”

Idoia Iturbe: “Startupen kultura hedatu nahi dugu eta formakuntza berebizikoa da horretarako”
2023/03/17 eta kitto!
BPTD-k ‘Inbertitu startupetan zure negozioa handitzeko’ izeneko ikastaroa emango du hilaren 22an, 09:00etatik 11:00etara, Debegesan, Unai Carmona eta Idoia Iturberen eskutik. Hemen eman daiteke izena.

Idoia Iturbe eibartarrak urteak daramatza nazioarte mailako negozioak garatzen, ekiten eta startup digitaletan inbertitzen. Orain dela gutxi El Referente hedabideak Espainiako 100 emakume inbertsoreen zerrendan sartu du eta Unai Carmonarekin sortu zuen Coben Groupen dihardu lanean, besteak beste.

 

Zer da startup digital bat?

Normalean, merkatuko sektore edo prozesu batean disrupzioa eman behar delako sortzen dira startupak. Beste ezaugarri bat da startup digitalek eskalabilitate handia dutela. Hau da, teknologia erabiliz, negozioaren tamaina handitzeko gaitasuna. Hasieran inbertsio handia egin behar da teknologian, baina momentu bat heltzen da eskaintza handitzen doala zuk inbertsio gehiago egin beharrik izan gabe.

Inbertsioari dagokionez, nolako bizitza dute startupek?

Startupek inbertsio-fase asko dituzte eta, normalean, fondoko lasterketak egin behar izaten dituzte. Hasieran inbertsio handiak egin behar dira eta salmentek ez diete inbertsio horiei eusten. Lehenengo bi-hiru urteetan balantzea negatiboa izango da (gorrian egongo dira). Beraz, hazten jarraitu behar duzu (teknologia garatzen ez bada, merkaturik ez duzulako), baina nola? Inbertsoreak sartuz joko horretan.

Zenbateko inbertsioa behar izaten dute startupek?

Aipatutako balantze negatibo horrek startupen beharra zehazten du eta hori da finantzatzen joaten direna. Normalean, finantzazioa hurrengo 12-18 hilabeteetara begira egiten da. Beraz, gorrian zenbat egongo zaren ikusi behar duzu eta, horren arabera, inbertsio-errondak altxatzen joan. Hasieran, hiru F-ek inbertitzen dute (family, friends & fools, hau da, familia, lagunak eta inozoak) eta business angels-ak sartzen dira (inbertitzaile aingeruak). Gu geu, Coben-en, business angels bezala ibili gara eta ikusi dugu Euskal Herri mailan ez dagoela horrelako kulturarik. Badago inbertsore kultura indartsua produktuak ukigarriak diren kasuetan, baina business angel digitalak oso gutxi. Kultura hori hedatu nahi dugu eta horretarako formakuntza berebizikoa da.

Euskal Herrian baldintza egokiak ematen dira startupak sortzeko eta garatzeko?

Oso baldintza onak. Ekintzaile asko dago, baina Valentzia edo Madrilekin alderatuz, adibidez, askoz ere gutxiago softwareen munduan. Inbertsioen aldetik, ostera, onura fiskal asko dago EAEn. Ikusten da legeak eta arauak aldatzen ari direla inbertsio gehiago egoteko, baina legeak egokitu arren, ez badakizu business angel bat izan zaitezkeela eta hori izatea ere zer den, zaila da mundu horretan sartzea.

Zer behar da business angel bat izateko?

Ez duzu demaseko kapitala behar. Startupek 150.000 euro inguruko beharra izaten dute lehenengo errondan eta batzuren artean batzen da dirua (10.000-20.000 eurotik aurrera inbertsioak egin ditzakezu, eta badaude plataformak 500 euroko inbertsioak egiteko). Dibertsifikazioa da gakoa. Estatistikek diote hamar startupetik bakarrak biderkatzen duela hamar aldiz bere balorazioa. Beraz, helburua izan beharko litzateke bost urteko tartean behintzat hamar proiektutan inbertitzea. Guk hasierako fase horretan sartzeko aukerak eman nahi ditugu eta, era berean, komunitatea sortzea eta proiektuak partekatzea.

Inbertsoreekin bakarrik egiten duzue lan ala baita ekintzaileekin ere?

Biekin egiten dugu lan, fasearen arabera. Batzuetan, salmentarik ere ez duten enpresetan sartzen gara. Inbertsore xerpak garela esaten dugu, asko laguntzen diegulako fase kritiko horietan. Normalean, profil teknologikoa duen jendea izaten da eta ahulago daude negozio-ereduari dagokionean.

Euskal Herrian startupen inguruko kultura falta dela diozu. Era berean, horrek erakutsi dezake aukera asko dagoela, bide asko dagoelako egiteko, ezta?

Aurrean ozeano urdin bat dugula diogu, nitxo bat, baina lan asko egin behar dugu oraindik mundu hori gerturatzeko. Ez da Euskal Herrian dirurik ez dagoelako, pila bat dago, baina batzuetan startupetan ez da oso modu onean inbertitzen eta proiektuak hil egiten dira, sektoreari fama txarra emanez (besteak beste). Horregatik da hain garrantzitsua inbertsoreek ere formakuntza edukitzea.

Startupekin asko arriskatzen dela, atzean ezer ez dagoela eta horrelakoak esaten dira.

Guk eskarmentua dugu mundu horretan eta badakigu nola jokatu behar den. Jakin egin behar da eta beti ez da irabazten; baina, galtzen bada ere, ez dago zertan gehiegi galdu, denborarekin konturatzen zarelako galduko duzula, eta esperientzia guztietatik ikasten da zerbait. Hemendik kanpo asko baloratzen da porrot egiten dutenen figura. Pentsa, inbertsore batzuek aurretik porrot egin duten pertsonengan bakarrik inbertitzen dute. Porrota ikasteko era bat da. Batzuetan saiatu egin behar zara, arriskatu eta, agian, ez da ondo irtengo, baina ez da ezer pasatzen. Lotsa gabe porrota onartu eta aurrera egin behar duzu. Kultura hori falta da hemen.

Debegesako hitzaldian hortik joko duzue?

Startupez asko hitz egiten da, baina gero ez da ezer egiten. Batzuei bidea euren kabuz egiteko esaten diete eta ez da gomendagarria, hobe da bidelagunak edukitzea. Beraz, mundu hau aurkeztuko dugu eta interesa dutenei inbertsio aukerak azalduko dizkiegu.