Itziar Herrera eta Jon Baranguan: “Langile klaseak sortzen duen aberastasuna ez da langileen artean modu justuan banatu”

Eibar gune garrantzitsua izango da martxoaren 17rako deituta dagoen greba orokorrean, eta eguerdian zein arratsaldean egingo dira ekintzak
Itziar Herrera eta Jon Baranguan: “Langile klaseak sortzen duen aberastasuna ez da langileen artean modu justuan banatu”
2026/03/13 09:47
Ekhi Belar Errasti

Martxoaren 17an Hego Euskal Herriko langileak greba egitera deituta daude. Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) 1.500 euroan ezartzea da helburua eta, lanuzteez gain, mobilizazioak eta manifestazioak egingo dira Euskal Herriko hainbat herritan eta hiriburuetan.

Egun biziak dihardute izaten Eibarko Greba Batzordearentzat. Grebaren mezua gizarteratzen eta ekintzak prestatzen dabiltza, besteak beste, egunaren garrantzia ere berebizikoa delako. Martxoaren 17a mugarri izan dadila nahi dute, gizartearen beharretara egokitutako neurriak har daitezen.

 

Zein testuingurutan kokatzen da greba hau? Zergatik ikusi duzue greba deitzeko beharra?

BARANGUAN: 2020ko greba orokorrean hainbat aldarrikapen egon ziren, tartean gutxieneko pentsioak eta gutxieneko soldata. Beraz, urteetako prozesua izan da eta azken urte eta erdian bi bide landu ditugu sindikatuen artean. Horietako bat izan da bai Nafarroan bai Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) patronalarekin lanbide arteko akordioa negoziatzen saiatzea, non akordio horren bitartez Hego Euskal Herrian lan egiten duten langile guztiek gutxieneko soldata izateko eskubidea izango zuten. Greba honekin 1.500 euro gordineko gutxieneko soldata eskatzen dugu. Egia da sindikatuek kalkulu ezberdinak egiten ditugula, baina Europa mailan badago aholku bat esaten duena gutxieneko soldata batezbesteko soldataren % 60a izan behar dela. Hori horrela balitz, eskatu beharko genukeen kopurua 1.500 euro baino gehiago izan beharko litzateke, baina negoziatzeko orduan, lehenengo pauso bezala, 1.500 euroko gutxieneko soldata nahi dugu ezarri. Bestalde, herri ekimen legegilearen (HEL) bidea ere landu dugu. Sinadura bilketa egin dugu eta 138.000 sinaduratik gora bildu dira EAEn eta Nafarroan. EAEn, EAJ-PNVk eta PSEk ez dute eztabaidara eraman, aurrez pentsiodunen HELarekin egin zuten moduan; eta Nafarroako Gobernuak ez du ezta tramitera onartu ere. Uste dugu HEL hori ez eztabaidatzea eta ez onartzea antidemokratikoa dela, hori baita gizarte zibilak duen aukera bat lege berriak egitera iristeko. Patronala ez da eseri ere egin eta Gobernuek ez dute eskumena lortzea nahi. Beraz, heldu gara puntu batera non aukera bakarra kalera ateratzea den.

Grebaren aldarrikapen nagusia gutxieneko soldata 1.500 euroan ezartzea da. Zergatik?

HERRERA: Gaur egun, Hego Euskal Herrian 260.000 langile inguru daude 1.221 euroko soldata jasotzen dutenak. Soldata hori ez da nahikoa bizi-kalitate duina edkitzeko (1.500 eurorekin ere malabarak egin beharko lirateke). Beraz, euskal langileriaren parte batek behar hori duela ikusten dugu eta sindikatu bezala mobilizazio hau beharrezkoa da pertsona horiei laguntzeko, gehienetan gazteak, emakumeak eta migratuak direnak. Hau oinarrizko zerbait da eta hortik abiatuta hobera joango litzateke dena. Gainera, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea ezarriko litzateke, eta langileriaren beharrak parlamentuari eta patronalari helarazteko balioko luke.

BARANGUAN: 2013 eta 2023 artean industriako enpresen irabaziak % 53,4 igo dira eta KPIa % 24,4, baina soldatak % 16. Beraz, langile klaseak sortzen duen aberastasuna ez da langileen artean modu justuan banatu. Azken finean, sistema kapitalistan bizi gara eta kapitalak nahi duena da ahalik eta irabazi handiena izatea. Gutxieneko soldata ez igotzea da ez dituztela euren irabaziak galdu nahi. Guk aberastasun hori disputatu nahi dugu eta langile klasean onura batzuk edukitzea, eurek sortzen duten aberastasun hori modu justuan banatuz.

Gutxieneko soldata igotzeak nolako eragina izango luke gizartean?

BARANGUAN: Egun hauetan komertzioetan eta tabernetan egon gara informazioa banatzen, eta jendeak guztiz ulertzen du zer den eskatzen duguna. “Eta denda txikiak zer?”, galdetu izan da. Guk planteatzen duguna da jendeak diru gehiago baldin badu gastatzeko, gure herriko dendetan egiten den gastua handiagoa izango dela. Merkataritza-gune handien kontrako irakurketa egiten dugu. Herrian nahi dugu bizi, herrian kontsumitu. Uste dugu denontzat izango dela onuragarria. HERRERA: Langile klase bezala aukera gehiago edukiko dugu herrian parte hartzeko eta herriko dendetan erosi ahal izateko, bestela zaila egiten da.

Nolako ekintzak egingo dituzue greba egunean bertan eta horren inguruan?

HERRERA: Orain, herrian grebaren inguruko mezuak eta abar ari gara sozializatzen. Komertzioak eta tabernak bisitatu ditugu, baita auzoetan ere, merkadilloan egon gara jendea informatzen, eta gaur, barixakua, kalean egongo gara herritarren artean mezua zabaltzen eta ahalik eta jende gehiagorengana heltzen saiatzen.

BARANGUAN: Infogunea jarriko dugu Untzagan baflearekin eta greba egunerako berotzen joan nahi dugu.

Grebaren inguruan nolako giroa antzematen duzue Eibarren?

BARANGUAN. Greba orokor batean helburua mundu guztia enteratzea da eta pentsatzen dut mundu guztiak dakiela greba dagoela. Greba orokor baten aurrean bi aukera daude: greba egitea edo eskirola izatea, ez dago erdibiderik. Sindikatuek ordezkaritza duten tokietan asanbladak nahiko txukun ari dira irteten. Adibidez, gaur bertan (eguaztena), Eibarko ‘Arizaga, Bastarrica y Cia’ (ABC) enpresan bozketa egin da eta 95 langilek esan diote baietz grebari eta seik ezetz. Beste datu batzuk ematearren, Euskal Herrian 1.700 enpresa batzordek babestu dute greba orokorraren deialdia, 136 herritan sortu dira greba batzordeak, 100 kolektibo politiko-sozialetik gora eman diote babesa grebari... Jende asko dago deialdi honekin lanean, enpresetan sindikatuak demaseko lana egiten dihardute hau guztia aurrera ateratzeko eta herrietan sozializazioa egiten ari gara, argi lagaz zeintzuk diren grebaren zergatiak egon badaudelako.

Eibar gune garrantzitsua izango da greba egunean. Zein ekintza egingo dira hemen?

HERRERA: Eibarren bi mobilizazio egingo dira. Lehenengoak, eguerdikoak, Euskal Herriko hiriburuetan eta Tuteran egingo diren mobilizazioekin egingo du bat, potentea izango da; eta arratsaldean ere mobilizazioa egingo da. Goizean, 11:45ean, Urkizutik eta Hezkuntza Esparrutik (UNI) zutabeak irtengo dira eta 12:30ean Untzagan hasiko da manifestazioa.

BARANGUAN: Gainera, goizean industriaguneetan piketeak egongo dira, herrietan pikete informatiboak egiten pasako gara... Batzuetan gertatzen da toki askotan jendeak beldurra diola greba egiteari. Ez du beldurra piketeengatik, baizik eta greba egiteak izan ditzakeen ondoriengatik.

Zentzu horretan arazoa egon da AGME enpresan. Zer gertatu da?

BARANGUAN: AGME enpresan asanblada deitu dugu eta askotan sindikatuko kideak joaten gara eurekin asanblada horietan parte-hartzera, baina zuzendaritzak erabaki du baimena ez ematea bertako langileak ez diren pertsonak sartzeko. Orain dela bi hilabete sartu ginen beste gai bat lantzeko, beraz, uste dugu hau jazarpen sindikala dela. Askatasun Sindikalaren Lege Organikoak argi uzten du, ondo komunikatuta badago, sartu ahal garela, eta ondo komunikatuta egon da.

Greba eta gero, zer? Honek guztiak jarraipena izango du?

BARANGUAN: Nafarroako Gobernuan lege tramitazioa egon da eta ikusiko dugu PNVk eta PSEk euren posizioak mugitzen dituzten. Greba egin eta astebetera konbokatu zaio patronalari sindikatuekin bilera egiteko. Beraz, oso garrantzitsua da greba oso ondo irtetea eta patronalak ikustea herri bat eta langile klasea duela aurrean. Gutxieneko soldata negoziatzera behartu behar ditugu.

HERRERA: Langile klasearekiko errespetua edukitzea eta, gutxienez, gurekin esertzea, eseri ere ez baitira egin. Herriak eskatzen duena da, herriak behar duena.