Kilometroak baino gehiago: Korrikaren atzean dagoen herri lana

Debabarreneko hainbat herri eta auzotan hilabeteak daramatzate 24. Korrikaren etorrera prestatzen. Elkarteak, eskolak, euskaltegiak eta herritarrak elkarlanean ari dira egitarauak antolatzen, kilometroak saltzen, euskararen aldeko jaia kaleetara ateratzeko.
Kilometroak baino gehiago: Korrikaren atzean dagoen herri lana
2026/03/13 13:29
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Martxoaren 19tik 29ra egingo da aurten 24. Korrika. Hamaika egunez, lekukoak 2.175 kilometro egingo ditu Euskal Herrian barrena, Atharratzetik Bilbora, euskara(z) izateko aldarria herriz herri eramanez. Guztira 3.436 lekuko hartze inguru izango dira ibilbidean.

Debabarrenean bi egunetan igaroko da: martxoaren 25ean Itziar, Deba eta Mutrikutik pasatuko da; martxoaren 28an, berriz, Elgoibar, Soraluze, Eibar eta Ermuan barrena egingo du bidea.

Baina Korrika ez da egun bateko ekitaldia soilik. Herri askotan hilabeteak daramatzate prestaketa lanetan: bilerak, egitarauak, kilometroen salmenta eta herritarrak mobilizatzeko ekimenak egin dituzte. Antolakuntzan dabiltzanek argi dute: Korrika herri osoaren lana da.

Antolakuntza lan handia

Elgoibarren, AEK euskaltegiko langileek hartzen dute Korrikaren antolakuntzaren ardura nagusia, nahiz eta herriko eragile askoren laguntza izan. Amaia Elgoibarko AEK euskaltegiko zuzendari eta irakasleak azaldu duenez, prestaketa lan handia eskatzen duen egitasmoa da.

“Korrika antolatzea, batez ere, AEK euskaltegiko langileon artean egiten dugu eta ardurak hainbat izaten dira; hau guztia ganoraz antolatzeak demaseko erantzukizuna eta lana eskatzen du”, dio. Lan hori, gainera, eguneroko jardunarekin uztartu behar izaten dute: “Gure zeregina euskara eskolak ematea da, eta Korrika antolatu behar izan arren, eskolen jarduna ez da eteten; beraz, lana ikaragarri areagotzen da”.

Hala ere, azpimarratu du antolakuntza ez dela AEKren lana bakarrik. Elkarteek, eskolek, erakundeek, enpresek eta udalak ere parte hartzen dute prestaketan. Koordinazioaren zati handi bat teknologia bidez egiten bada ere, aurrez aurreko harremanak ere ezinbestekoak direla dio.

Korrika iritsi aurretik, Korrika Kulturala ere antolatu dute Elgoibarren, euskararen inguruko kultur ekitaldiekin. Lasterketa egunean bertan, berriz, herriko hainbat eragilek giroa prestatuko dute. Besteak beste, Mauxitxa txarangak ongietorria egingo dio Korrikari Txarridunaneko rotondan.

Amaiaren arabera, momentu berezienetako bat euskaltegiaren aurretik igarotzen den unea da: “Gure euskaltegi aurretik pasatzen denean ere oilo-larrua jartzen zaigu”. Hala ere, Korrikaren funtsa argi dauka: “Ez dezala inork pentsa hau kirol kontua denik; konpromiso eta maitasun kontua baizik”.

Elgoibarko AEK euskaltegian euskara ikasi duten bi herritar

Herritarren elkarlana

Itziarren ere hainbat eragile ari dira Korrika prestatzen. Antolakuntzan parte hartzen dute, besteak beste, Itziarko auzoek, Lizarbe guraso elkarteak, Itziarko eskolak, Izarraitz Bizirik elkarteak, gazte asanbladak eta Andutz dantza taldeak.

Itziar Borda Itziarko Auzo Udaleko juntakidearen arabera, dagoeneko hiru bilera egin dituzte egitaraua eta antolaketa lotzeko. Bilera horietan, Korrika Kulturala antolatzeaz gain, lekuko hartzeak zein taldek erosiko dituzten erabaki dute, ibilbidea landu dute eta materialaren salmenta ere antolatu dute.

Martxoaren 25ean igaroko da Korrika Itziartik. Aurretik, eskolako umeek Korrika Txikia egingo dute arratsaldeko 15:00etan, eta 18:15 aldera igaroko da Korrika ofiziala.

Bordak gogoan du aurreko edizioetako momentu berezi bat ere: duela bi Korrika, gauez igaro zen auzotik eta lehen aldiz lortu zuten lasterketa Itziarko erdigunetik pasatzea.

Korrikarekin lotutako oroitzapen pertsonal berezi bat ere badu. Unibertsitate garaian hasi zen parte hartzen, Gasteizen, eta 2022an lagun baten ezkontzarekin lotutako momentu hunkigarria bizi izan zuen: unibertsitateko lagunek lekuko hartzea erosi zioten Korellan, Nafarroan, eta ezkontzekotan zen lagunak kilometro osoa egin zuen lekukoa eskuetan, lagunen artean korrika eginez.

Giroa auzoetan

Eibarko Ipurua auzoan Korrika Egunerako antolatu duten egitaraua.
Eibarren ere egitarau zabala prestatzen ari dira, aurten Korrika martxoaren 28an, zapatuan eta iluntzean igaroko baita herritik. Maltzagatik sartuko da 21:00 aldera, eta ordubete inguru egingo du kaleetan barrena Ermura bidean.

Egunari hasiera emateko eta giroa auzoetatik bertatik sortzeko, hainbat taldek egitarau propioa antolatu dute. Horien artean dago Ipuruako Merkatu Plaza elkartea, Ipuruako Jai Batzordearekin eta Gautena elkartearekin batera.

Igone Lazpita elkarteko arduradunak azaldu duenez, AEK-k proposatu zien auzoetan jarduerak antolatzea: goizean giroa sortzea eta ondoren herritar guztiak erdigunean elkartzea zen helburua.

Horren ondorioz, Ipuruako Merkatu Plazan 10:00etatik aurrera tailerrak egingo dituzte, eta 12:30ean Korrika Txikia egingo dute Argatxan. Lazpitak dioen bezala, asmoa argia da: “Guk nahi duguna da jendea familian etortzea, ama-aita, izeba… denak elkartzea elkarrekin ondo pasatzeko”.

Bere ustez, Korrika “jai oso polita” da, eta euskararen inguruko mezu argia du: “Gure hizkuntza zaindu, landu eta maitatu behar dugu denon artean”.

Musika eta harrera

Ermuan, Korrika iristen denean, Alboka Musika Eskolako ikasleek musikaz girotuko dute pasabidea eskolaren atarian. Maite Askasibar musika eskolako bozeramailearen hitzetan, Korrikak beti uzten ditu oroitzapen onak: “Korrika egin dugun guztietan oroitzapen politak izan dira guretzat”.

Bere ustez, momentu bereziena lasterketa eskolaren paretik igarotzen denean izaten da: “Gure kaletik, eskolaren pare-paretik, Korrika pasatzen denean”. Parte hartzeko arrazoia ere argi dauka: “Euskarari bultzada ematea ezinbestekoa da”.

Ermuako Korrika batzordea.

Mallabian ere urteetako esperientzia dute. Maribi Carrillok 30 urte inguru daramatza Korrika antolatzen, Ermuko AEK-rekin elkarlanean. Urte askotan lanean aritu ondoren lortu zuten Korrika herritik igarotzea, eta une berezia izan zela gogoratzen du.

Harentzat, Korrikak badu esanahi berezia: “Euskararen aldeko jaialdi bat da; egun askotan jende asko batzen den ekintza zoragarria”.

Mallabiako Korrika batzordea.