Igor Meltxor, kazetari eta ikerlaria: “Prekarietateaz, miseriaz eta heldulekurik gabeko biziaz baliatzen dira apostu-etxeak”

Igor Meltxor, kazetari eta ikerlaria: “Prekarietateaz, miseriaz eta heldulekurik gabeko biziaz baliatzen dira apostu-etxeak”
2018/11/26 09:05
eta kitto!
Apostu-etxeen gorakadaren aurrean kezka adierazi dute gizarteko hainbat sektorek. Herritarrek apostu-etxeen aurkako protestak egin dituzte hainbat tokitan eta Italian, adibidez, apostuei buruzko iragarkiak debekatuko dituzte 2019an. EH Bilduk ‘Apostu etxeak eta ludopatia’ izeneko hitzaldia eskainiko du azaroaren 27an, martitzenean, 19:00etan Bilgunean, eta Igor Meltxor (kazetari eta ikerlaria) eta Iñaki Izquierdo (adikzioetan aditua eta psikologoa) izango dira hizlariak.

 

- Krisialdi-ekonomikoak eztanda egin zuenean jarri ziren martxan kirol apostuen etxeak Euskal Herrian eta Espainian. Kasualitatea?

Ez dut kasualitatean sinesten, eta are gutxiago enpresen irabazi ekonomikoei buruz berbetan bagabiltza. Putreek sarraskia usaintzen dute eta horrelakoak dira mota honetako enpresariak, gizartearen sektore baten ahultasunari eta prekarietateari esker dirua irabazi nahi dutenak. Krisi momentuak erabiltzen ondo dakite eta horrelako jokoetan erortzeko arriskua handia duen jendea bizi den auzoetan kokatzen dira.

- Gamonal (Burgoseko auzoa), Azpeitia eta beste hainbat tokitako bizilagunak apostu-etxeen aurka mugitu dira. Zer aldarrikatzen dute?

Dinamika oso interesgarriak dihardute egiten arlo honetan. Aposturako joera normalizatzen ari da, eta gero eta gazteagoak dira apostuak egiten dituztenak. Apostuaren printzipioa denon aukera berdintasunean oinarritzen da, hau da, edozeinek irabaz dezakeela. Horrela harrapatzen dituzte, ahaleginik gabeko diru extra horren kimeran oinarrituz, irabaziak gure aukeran daudela esanez, baina jakina da aukera horien posibilitate erreala oso baxua dela eta galtzeko aukera ia guztiak ditugula. Horregatik, langileriak jasaten duen prekarietateaz, gazteen miseriaz eta heldulekurik gabeko biziaz baliatzen dira. Gamonal eta Azpeitia bezalako tokietan argi daukate apostuak eta jokoak euren miserian barneratzen direla auzo zein herrietako oreka eta elkartasuna hautsiz. Euren burua eta zentzua indibidualizatu nahi da, apostua eta jokoa diru iturri garrantzitsu bihurtuz. Garbi izan behar dugu zein den partida honen irabazle bakarra. Apostu-etxeek sortu dezaketen gaitz ekonomiko, psikologiko edo moralaren aurrean kontzientzia pizteko garaia dela aldarrikatzen dute Gamonal eta Azpeitiko taldeek.

- Italian debekatu egingo dituzte apostu-etxeen iragarkiak 2019an. Hemen ere horrelako neurriak hartzea komeni litzateke?

Neurri horrekin ados nago. Onartezina da telebistan etengabe ikusten ari garen apostu-etxeen iragarki kantitate handia. Euskal Herrian kirolari eta jokoari lotutako enpresari ezagunak azaltzen zaizkigu arlo horretan, perrexila gustoko duen sukaldari bat bezala edo iraganean txanpon-makinen kasuarekin lotutako beste hainbat.

- Apostuen kontua oso errotuta egon da historian zehar Euskal Herrian. Gauzak aldatu egin dira orain?

Bai. Pilota partidu batean edo estropada hasi aurretik apostuak egitea (gure lurraldean oso normala eta afizio eta sozializazio giroan gertatzen dena) gauza bat da, baina gaur egun telefono mugikorretatik egin daiteke apostu. Diru asko jokatu daiteke eta gazteek erabiltzen dute metodo hau batez ere, horrek dakarren arriskuarekin. Orain ez gara apostuekiko tradizioaz ari. Klik bat eginez edozein gauzaren gainean apostatu daiteke.

- Apostu-etxeen loraldiaren ondorio batzuk nabari ditugu gaur egun, baina apostu-etxeen hazkundea ikusita, zeintzuk izan daitezke ondorioak etorkizunea?

80. hamarkadan drogek izan zuten eragin suntsitzailearekin egingo dut konparaketa hitzaldian. Sasoi hartan drogaren enpresariek doako lehen ‘txutearekin’ egiten zuten bezala, apostu-etxeek ongi-etorri opariak, doako bonoak edo jokatzeko gonbidapenak eskaintzen dituzte. 1984an Donostiak zeukan munduko droga-mendekotasun tasa altuena eta orain dela gutxi irakurri nuen apostuekiko adikzioa asko hazi dela Gipuzkoan. Gogoeta egin behar dugu.