Iker Eizagirre, Ernai: “Eibarko etxebizitzen %15 bakarrik dago alokairuan”

Iker Eizagirre, Ernai: “Eibarko etxebizitzen %15 bakarrik dago alokairuan”
2023/02/24 eta kitto!
Eibarko EH Bilduk ‘Etxebizitzaren problematikari alternatibak eraikitzen’ izeneko hitzaldia eskainiko du martxoaren 1ean, eguaztena, 18:00etan, Bilgunean (Bista Eder, 2). Hizlariak Iratxe Delgado LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko kidea, Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkidea eta Iker Eizagirre Ernaiko kidea izango dira.

Delgadok ikuspuntu sozialetik landuko du gaia, Saez de Egilazek erakundeen ikuspuntutik eta Eizagirrek gazteek egoera nola bizi duten azalduko du, besteak beste. Gainera, bertaratzen direnek ekarpenak eta galderak egiteko aukera izango dute.

 

Zein da, zehazki, etxebizitzaren inguruan dagoen problematika?

Arazoaren muina etxebizitzak eskuratzeko aukeretan dago. Izan ere, merkatutik kanpo ez dago etxebizitzarik lortzeko aukerarik, eta alokatzea edo erostea da geratzen zaigun aukera bakarra. Teorian, etxebizitza eskubide bat da, baina merkatu kapitalistak baldintzatzen du hori lortu dezakezun ala ez. Salerosteko merkantzia denez, zailtasun handiak aurkitzen ditugu eskuratzeko. Erakunde pribatuek, funts-putreek eta bankuek etxebizitzarekin espekulatzen dute, eta erakunde publikoek eta gobernuek ez dute neurriak hartzen hori ekiditeko. Prezioei dagokienez, 2008. eta 2016. urteen artean beherakada egon zen, baina harrezkero hazi egin dira.

Jabetzaren ala alokairuaren aldeko joera dago Euskal Herrian?

Hego Euskal Herrian etxebizitzaren jabetzaren kultura dago, baina merkatuak jartzen dituen baldintzen araberakoa da hori. Etxebizitzen salneurrian gorakada egon da, erosi edo alokatu nahi izan, baina etxebizitza gutxi dago alokairuan: Hego Euskal Herrian %16 eta Ipar Euskal Herrian, ostera, %40. Gainera, metropolietan gentrifikazio prozesuak gertatzen ari dira eta horrek gehiago zailtzen du hiriguneetan etxebizitzak eskuratzea.

Gazteek nola bizi duzue egoera hau?

Kasua bereziki kezkagarria da gazteontzat. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, EAEn emantzipatzen direnen batezbesteko adina 30 urtekoa da (Ipar Euskal Herrian 23 urtekoa eta Europan 26koa). Bestetik, 15-29 urteko gazteen %55ek emantzipatu nahi du, baina ezin du. Laboral Kutxak egindako ikerketa batek dio 26-35 urtekoen %55 gurasoekin bizi direla oraindik. Arazoa oso handia da.

Zeintzuk lirateke horren arrazoi nagusiak?

Aipatutako etxebizitzaren egoera (prezioa, aukerak…) eta gazteen lan-baldintza prekarioak.

“Gure aldarrikapen nagusia etxebizitza eskubide subjektiboa izatea da ”

Urteak daramatzagu entzuten gazteentzat zaila dela etxebizitza duina edukitzeko aukera izatea, eta abar, baina azkeneko urteetan egoera okertu edo hobetu egin dela esango zenuke?

Egoera okertzen joan dela esango nuke. Eibarren agian ez da hainbeste igarri, baina Donostia moduko hiri baten argiago ikusten da. Adibidez, ikusi da nola gaztez bete diren inguruko herriak. Bestetik, esanguratsua da Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak, ‘Gazte Lagun’, 35 urtera arte luzatzen direla. Ez dakit lehen zein zen gazte izatearen muga, baina sentsazioa da gero eta gehiago luzatzen dela, eta azkenean 40 urte edukitzera iritsiko garela gazte izaten. Jaurlaritzaren datuen arabera, gazteok soldataren erdia bideratu behar izaten dugu etxebizitzaren alokairua ordaintzeko (emakumeen kasuan gehiago); baina bestetik, Jaurlaritzaren helburua da soldataren %30 bideratu behar izatea etxebizitza ordaintzeko. Helburu hori lortzeko, Gipuzkoan, gazteen soldatak %100 igo beharko lirateke.

Eibarren nolako egoera bizi dugu etxebizitzari dagokionez?

Eustat-en arabera, Eibarko etxebizitzen %15 bakarrik dago alokairuan eta 1.018 etxebizitza hutsik daude. Bestetik, Eibarko 900 lagunek eman dute izena Etxebiden (Babes Ofizialeko Etxeak eskuratzeko Jaurlaritzak ematen duen zerbitzuan). Orduan, herrian 1.018 etxebizitza hutsik badaude eta 900 lagunek behar bat badute, modu batean edo bestean arazoa konpondu beharko litzateke. Etxebizitza huts guztiak agian ez daude bertan bizitzeko moduan, baina asko bai ziurrenik.

Hitzaldia eskaintzeaz eta aldarrikapenak egiteaz gain, alternatibak proposatuko dituzue?

Gure aldarrikapen nagusia etxebizitza eskubide subjektiboa izatea da eta gizarte guztiak etxebizitza duina lortzeko aukera ziurtatuta edukitzea. Hori da ideala, baina epe motzean gutxienez neurri batzuk hartu beharko lirateke. Alde batetik, alokairurako gehienezko kopurua zehaztu beharko litzateke (Ernairen iritziz, diru-sarreren %15 bideratu beharko litzateke). Izan ere, kolektibo zaurgarrienak dira gehienbat alokairuan bizi direnak. 2019an, EAEn, adibidez, 1.400 etxegabetzetik, 1.068 alokairuekin lotuta zeuden. Ikusten da hor arazoa badagoela. Bestetik, parke publikoa handitu beharko litzateke, hau da, etxebizitza publiko gehiago egon beharko lirateke. Eta gero, ikasle-pisuen kontua aztertu beharko litzateke. Izan ere, gazte askok kanpora joateko beharra izaten dute ikasketak egitera eta, nahiz eta gutxieneko nota eta ikasketak egiteko baliabide ekonomikoak eduki, etxebizitzen kostu altuengatik batzuek uko egin behar izaten diote ikasketa horiek egiteari.

etxebizitzaren problematika bildu kartela