Zaporeak Debabarrenak boluntarioen bilera egin du erronka berriari hasiera emateko
Zaporeak Debabarrena taldeko boluntarioek bilera egin zuten atzo arratsaldean, otsailak 19, 18:30ean, Untzaga Gizarte Zentroko erakusketa aretoan, martxoaren 9an hasiko den erronka berria prestatzeko. Topaketan, hurrengo asteetan egingo diren ekintzak antolatu eta boluntarioen parte-hartzea bultzatzeko deia egin dute.
Bileran, lehenengo errifa-sortak banatu dizkiete boluntarioei, Debabarreneko erronkaren baitan bildutako material guztia bidaltzeko beharrezkoak diren gastu logistikoak estaltzeko helburuarekin. Antolatzaileek jakinarazi dute errifak saltzen lagundu nahi dutenek Zaporeak Debabarrenako taldearekin harremanetan jarri ahal izango dutela.
Martxoaren 9an hasiko den erronkari begira, hezkuntza-zentroei ere parte hartzeko gonbita egin diete. Ikastetxeek sentsibilizazio-saioak antolatu nahi badituzte, Zaporeakek horretarako prestatutako kideak dituela azaldu dute; kide horiek zuzenean proiektua lantzen duten eremuetan bizitako esperientzia dute. Ekimenaren helburua da ikasleen eta beste kolektibo batzuen artean munduko egungo errealitatearen inguruko kontzientzia piztea.
Ekimenaren aurkezpen ofiziala martxoaren 4an, asteazkenean, egingo da, 18:30ean, Eibarko Udalako udalbatzar aretoan, eta herritar guztiak gonbidatuta daude.
Horrez gain, hitzordu berezia jarri dute jada egutegian: martxoaren 14an, zapatua, Errebal Plazian egingo den “tupper solidarioaren jaia”. Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.