Iker Narbaiza: “Energia berriztagarriak ezinbestekoak ikusten ditut etorkizunera begira”

Iker Narbaiza: “Energia berriztagarriak ezinbestekoak ikusten ditut etorkizunera begira”
ETA KITTO 2017, Ira 22

Iker Narbaiza 20 urteko eibartarra Energia Berriztagarrien Graduko ikaslea da Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Eibarko Unibertsitate Laboralean daukan egoitzan. Ingeniaritza hau nahiko berria da, eta estatu mailan oraingoz Eibarren besterik ez dago. Gizarteak ingurumenarekiko  duen gero eta sentsibilizazio handiagoa eta energia-eskaera gero eta handiagoa uztartzeko erronkari erantzute aldera sortu zuen gradu hau EHUk.

– Aurten Energia Berriztagarrien hirugarren ikasturtea egingo duzu. Nola joan da orain arte?
Ezin dut ezer txarrik esan! Oso giro ona dago irakasle eta ikasleen artean. Nik etxe ondoan daukat, Amañakoa naiz-eta, baina erresidentzian bizi direnak ere oso giro ona daukatela esan beharra dago. Karrera hau Espainian bakarra da, hortaz leku askotatik etorritako ikasleak daude: Bilbo, Donostia, Madril, Kanarietakoak… Iaz Cadizen bizi zen brasildar bat zegoen nire gelan, pentsa! Oso ondo konpontzen naiz denekin eta eurekin parrandak egiteaz gain, kirola egiteko ere elkartzen gara. Gainera, jende larregi ez gaudenez, maila guztietakoekin izaten dugu harremana.
– Zer ikasten duzue?
Lehenengo urtean industria ingeniaritzaren oinarrizko irakasgai komunak ikasten dira. Bigarren urtean energía berriztagarrien munduan sartzen hasten gara, bioenergia ikasten da, esate baterako, eta hirugarrenean guztiz murgiltzen gara energia berriztagarrien munduan: energia eolikoa, hidraulikoa, energia geotermikoa eta eguzki-energia…… 4 urtetako gradua da, eta gero masterra egin dezakezu. Hurrengo urtean Erasmus bitartez kanpora joateko aukera izango dugu.
– Zergatik dira hain garrantzitsuak energia berriztagarriak?
Energia berriztagarriak iturri naturaletatik sortzen diren energia motak dira, eta agortezinak dira. Mundu berdearekin, ekologiarekin lotzen dira energía berriztagarriak. Hori egia da, baina nik aurreztearekin ere lotuko nuke. Energia berriztagarriak garatuko bagenitu eta horiekin bizitzea lortuko bagenu, beste herrialdeetako petrolioa eta beste hainbat gauza ez genituzke behar izango, eta horrela daukagun dependentzia ekonomikoa eta horren ondorioak gaindituko genituzke. Etorkizunera begira energia alternatibo horiek ondo garatzea eta ondo erabiltzea ezinbestekoa ikusten dut. Formakuntza eta ikerketan inbertitzea eta lan egitea garrantzitsua da. Mundu berria da eta gauza asko daude oraindik egiteko.
– Kirolari sutsua zara baina gehienbat pilotan ibili zara urte askotan. Jarraitzen duzu pilota munduan?
Bai, jarraitzen dut entrenatzen eta baita partiduak jokatzen ere. Eibarren seniorretan jende gutxi gaude, baina esan beharra dago aurten  haur askok eman dutela izena, eta hau benetan pozgarria da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »