Marasmiak talde feministara batzeko deia luzatu die emakume eta genero-disidenteei

Irailak 30ean egingo dute bilera, 18:00etan, Arrate Kultur Elkartean.
Marasmiak talde feministara batzeko deia luzatu die emakume eta genero-disidenteei
Marasmia talde feministaren aurkezpena otsailean.
2026/09/25 10:51
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Marasmia talde feministak taldera batu eta parte hartzeko gonbidapena egin die Eibarko emakume eta genero-disidenteei. Taldeak irailaren 30ean egingo du bilera, 18:00etan, Arrate Kultur Elkartean.

Irailaren hasierarekin batera, talde feministak jarduerari eta borrokari berriro ekin diola azaldu du, eta Eibarren herri feminista baten alde lan egiteko interesa duten pertsonak taldera hurbiltzera animatu ditu.

«Eibarren asko gara herri feminista batekin amesten dugunak», azaldu dute Marasmiako kideek. Horregatik, «inguru eta ibilbide guztietako emakume eta genero-disidente guztiei» egin diete taldera hurbiltzeko gonbidapena.

Bilera irekia izango da, eta talde feministak herritarrak parte hartzera animatu ditu.

Talde feministaren sorrera

Marasmia otsailean aurkeztu zuten Eibarko talde feminista berri gisa.Taldea aurreko ikasturtean hasi zen eratzen, eta ikasturte hasieran egindako prozesuaren ondoren aurkeztu zuten jendaurrean. Indarkeria matxista ikusarazi eta publikoki salatzea da taldearen helburuetako bat, baita erasoen aurrean erantzuteko modu indibidual eta kolektiboak lantzea ere. Autodefentsa feministatik sistema zisheteropatriarkalari aurre egitea ere badu xede. Taldearen ateak belaunaldi guztietako emakumeei zabalik daudela azaldu zuten aurkezpenean, eta Matraka talde feministarekin elkarlanean aritzeko asmoa ere adierazi zuten.