Iker Oyarbide (berbalaguna): «Euskara erabiltzeko aukera ezinhobea eman dit Berbetan-ek»

Iker Oyarbide (berbalaguna): «Euskara erabiltzeko aukera ezinhobea eman dit Berbetan-ek»
ETA KITTO 2017, Mai 12

Iker Oyarbide 18 urteko eibartar gazteak …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen Berbetan egitasmoan parte hartzen dihardu. Astean behin elkartzen da bere taldekideekin Deporren, eta ordubete inguru ematen dute euskaraz berba egiten. Ikasketak beti egin ditu euskaraz Ikerrek, baina lagunekin eta etxean euskaraz hitz egiteko aukerarik ez duenez, mintzapraktika taldean eman zuen izena. Ez da damutzen, oso gustora dago eta gainera lagun berriak egin ditu.

– Nola izan zenuen Berbetan-en berri eta zergatik eman zenuen izena?
Udal Euskaltegian ikasten dihardut, EGA prestatzen. Egun batean Berbetan-en berri ematera etorri ziren …eta kitto!koak, eta horrelako talde baten sartu ezkero euskara hain teknikoa ez den egoera batean praktikatzeko aukera izango nuela iruditu zitzaidan. Ez daukat euskara praktikatzeko beste lekurik. Lagunek euskara lanarekin erlazionatzen dute, badaude euskaraz hitz egiten duten kuadrilak, baina nire ingurukoek ez. Beraz, oso aukera ona ikusi nuen. Gainera, euskaltegian beste berbalagun bat dago nirekin, eta joateko gomendatu zidan. Ezagutza badaukat eta idazteko ez daukat arazorik, ikasi beti euskaraz egin dut-eta, baina hitz-jarioa landu nahi dut, eta ondo hitz egiteko behar-beharrezkoa da praktikatzea.

– Nolakoa da zure taldea? Non eta noiz elkartzen zarete?
Hasieran lau ginen eta orain beste bat sartu da. Lagunartean egoten gara. Batzuk oso ondo hitzegiten dute, “euskaldun zaharrak” dira, eta beste batzuk gure euskara maila hobetzeko beharra ikusten dugulako gaude hor. Deporren elkartzen gara, eguenero. Ordubete edo gehiago ematen dugu elkarrrekin.

– Zertaz egiten duzue berba?
Gauza arruntetaz, astean zehar egin dugunari buruz, herrian gertatzen diren gauzei buruz, anekdotak, umeei buruz (batzuk ume txikiak dauzkatelako)… Danetik apurtxo bat. Mahai baten inguruan jartzen gara eta modu oso naturalean jarduten dugu. Lagun kuadrila bihurtu gara. Ni naiz taldeko gazteena.

– Zergatik ikusten duzu beharrezkoa euskara hobetzea?  
Euskara gaitasuna sendotu nahi dut. Batzutan trabatu egiten naiz eta ez zait esaldia ateratzen. Gizarte Langintza ikasi nahi dut datorren ikasturtean. Lanerako, batez ere toki publikoetan lan egiteko, beharrezkoa da euskara. Eta, horretaz aparte, nik neuk ondo hitz egin nahi dut, erreztasunarekin, eta ez kostata.

– Zuretzako esperientzia positiboa izan dela diozu. Nola animatuko zenuke jendea?
Lehenengo pausua ematea eta norberaren konfort ingurunetik ateratzea ez da erraza izaten. Hasieran denak ziren ezezagunak… Baina  zortea izan dut taldearekin eta euskara praktikatu nahi duten guztiak animatuko nituzke. Oso giro ona dago, eta gainera… doan!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »