Imanol Irizar: “Euskaratik sortu eta finkatutako autoritate bat behar dugu”

Imanol Irizar: “Euskaratik sortu eta finkatutako autoritate bat behar dugu”
2021/07/02 eta kitto!
Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VII. Bilkura egin zuten atzo Armeria Eskolan. Aurtengoan “Euskal Autoritateak finkatze bidean” gaia hartu dute. Imanol Irizar antolatzaile taldeko kideetako bat izan da eta Euskal Autoritatearen garrantziari buruz aritu dira berarekin UEUko prentsa arduradunak.

- Zeren baitan egiten dira liburutegietako dokumentuen katalogatzea?

Herrialde normalizatu guztietan biblioteka nazional bat dago. Biblioteka nazional horien lanetako bat da autoritateak finkatzea izaten da (izen baten forma onartuak definitzea). Ze gertatzen da euskal jatorria duten autoritateekin? Ez direla euskaratik egiten. Historikoki, gaztelaniatik edo frantsesetik egin izan dira. Adibidez: Juan Sebastian Elcano. Elcano, c-rekin idatzi izan da, euskaraz k-rekin idazten da. Horrek esan nahi du euskaratik sortu eta finkatuko den autoritate bat behar dugula. Lan hori egin edo ordezkatuko duen biblioteka nazionalik ez daukagu, hutsune hori ikusita eta horri erantzuteko sortu genuen Euskal Autoritateen Lantaldea.

- Nolakoa izan da Euskal Autoritateen Lantaldea sortzeko prozesua?

Oso interesgarria izan da, oso lantalde transbertsala izan delako. Ordezkaritza geografikoa mantentzen saiatu gara, zerotik abiatu garenez, metodologia lana egin ahala finkatzen joan gara. Duela lau urte lagin batzuekin hasi ginen, problematikak ikusten, xehetzen, zein arazo zeuden konturatzen, horiei aurre egin, erresoluzioak eta erabakiak nola bideratu eta horretan hiru urte eman ditugu. Horrekin metodologia, lan molde bat finkatu dugu eta hori oso garrantzitsua izan da. Araudi bat ere markatu dugu, horri guztiari erantzuna ematen joateko. Jaurlaritzarekin dugun harremanaren ondorioz ondare zuzendaritzatik ere bi ordezkarik parte hartzen dute. Jaurlaritzaren AUBI, Autoritate Elebidunen Katalogoan, guk erabakitzen ditugun autoritatea horiek inplementatuko direla ere erabaki da.

- Zeintzuk dira Bilkuraren helburuak?

Artxibo Liburutegi eta Dokumentazio zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) gonbidatu gintuen euskal autoritateen gaia jorratzera Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VII. topaketa honetan. Egiten ari garen lana gizarteratzeko, hedatzeko eta aurkezteko aukera polita iruditu zitzaigun. Gaia mahai gainean jartzeko helburua eta baita elkar eragina ere. Aurrera begira eragileekin zer egin dezakegun partekatzea da helburua.