Iñaki Alfageme, sukaldaria: “Egonaldia amaitzean etxera gatoz, baina errefuxiatuek han gelditzea beste aukerarik ez dute”

Iñaki Alfageme, sukaldaria: “Egonaldia amaitzean etxera gatoz, baina errefuxiatuek han gelditzea beste aukerarik ez dute”
2021/03/18 eta kitto!
Greziatik iritsi berri, Iñaki Alfagemek Lesbosen bizitakoa digeritzen dihardu. Sukaldaria ogibidez, Zaporeak egitasmoak Lesbosen dituen sukaldeetan egon da errefuxiatu-esparruetan daudenentzat jatekoa prestatzen eta inoiz ahaztuko ez duen esperientzia bizi izan du. Orain, Eibartik, ezagutu duen beste errealitate hori aldatzeko lanean jarraituko du.

 

Zergatik erabaki zenuen Lesbosera joatea?

Aspalditik ibili naiz Zaporeaki laguntzen hemen inguruan egin dituen ekimenetan, baina orain, ERTEn nagoenez, Lesbosera joateko denbora izan dut. Probetxukoa naizela sentitzeko beharra nuen, eta laguntzeko gogoa. Gainera, pandemiaren ondorioz Zaporeakekoek jendea behar zuten Lesbosen. Beraz, joateko momentu aproposa zen.

 

Orain dela astebete itzuli zinen. Han duzu burua oraindik?

Oroitzapen asko etortzen zaizkit burura. Zaila izan da agur esatea. Sukaldean hainbat errefuxiaturekin egiten dugu lan eta harreman estua sortu zen gure artean. Nongoak diren, zer bizi izan duten, nola iritsi diren, euren etorkizuna zein den… kontatu zidaten. Kontua da gu, gure egonaldia amaitzen denean, etxera itzultzen garela, baina eurek han jarraitzen dute. Eurek ezin dute aukeratu. Han daude norbaitek zer egin dezaketen erabaki arte. Joko diplomatikoaren erdian daude eta kontuan hartu behar da pertsonetaz ari garela berbetan. Erakundeek demaseko astakeriak egiten dituzte: familiak banatu, seme-alabak gurasoengandik aldendu… Batzuek betirako agur esan behar diote elkarri.

 

Nongoak dira Lesbosen dauden errefuxiatuak?

Lesbosen dauden gehienak Siriatik etorri dira, baina Afganistango eta Irango lagun asko daude, eta baita Asia Erdialdeko beste herrialde batzuetakoak ere. Afrikako hainbat kolektibo ere badaude.

 

Errefuxiatuak berba abstraktua dirudi, baina pertsonetaz ari gara. Nolakoa da euren errealitatea?

Oso gogorra. Batetik, iraganean gauza latzak bizi izan dituzte (homosexualak izateagatik herrialdea laga behar izan dutenak daude, gerratik ihes egin dutenak, jazarpen politikoagatik edo erlijiosoagatik alde egin dutenak…). Bestetik, esparruetan bizi duten orainaldia oso gogorra da. Infernua da euren berbetan. Gure sukaldean lan egitea infernutik irteteko aukera bat izaten da eurentzat, arnas gunea. Pilatuta bizi dira, ur barik, ondo elikatzeko aukera barik… Izugarria da. Eta azkenik, esan bezala, euren etorkizuna nahasia da, ez dago euren esku.

 

Nolako zerbitzua eskaintzen du Zaporeakek?

Ezin ditugu esparru osoaren beharrak asetu, baina orain gauza gehiago eskaintzen ditugu. Batetik, egunero 2.000 errazio inguru eskaintzen ditugu, menu orekatuak (lekaleak, pasta, barazkiak, fruta, ogia…). Eta bestetik, hilean behin janari-poltsak banatzen hasi gara esparru guztiko familientzat (garbantzuak, arroza, atuna, patatak, atuna…), eta astean behin esnea eta fruta. Oinarrizko produktuak dira, baina eurek ez dute lortzeko aukerarik. Kanpotik heltzen zaiena besterik ezin dute eskuratu, eta horregatik da garrantzitsua Zaporeakek hemen egiten dituen ekimenetan parte hartzea eta laguntzea. Hemengo materiala Lesbosera heltzen denean asko dela dirudi, baina berehala amaitzen da, zerbitzua egunero eskaini behar dugulako.

 

Sukaldaria izanik, zure esperientzia baliagarria izan da hango sukaldeetan?

Han beste laguntzaile bat gehiago izan naiz, baina gauza batzuk hobetzen saiatu naiz. Adibidez, antolakuntzan. Ogia egiteko orduan, lehen egunero bi masa egiten baziren, pertsona bat hemen eta beste han jarriz, hiru masa egin zitezkeela ikusi nuen. Hango sukaldeak ez dira apartekoak, baina beno, ondo daude. Demaseko kazola erraldoiak ditugu eta indar handia behar da janaria mugitzeko eta ez erretzeko. Ea Fagor Industrial edo beste norbait eskuzabala den eta sukalde semiprofesionala lagatzen digun!