Iñaki Izquierdo: “Drogen kontsumoa beste arazo baten sintoma bezala ulertzen dugu”

Iñaki Izquierdo: “Drogen kontsumoa beste arazo baten sintoma bezala ulertzen dugu”
ETA KITTO 2020, Abe 22

Iñaki Izquierdo Izan fundazioak Hernanin duen Gizakia Helbururen (Proyecto Hombre) komunitate trinkoko zuzendaria da. Eibarren bizi den psikologo pasaitarrak Hernaniko komunitatean pandemia sasoian bizi duten egoeraren berri eman digu. Horrela, egoera honetan drogen kontsumoa nolakoa diharduen izaten kontatu digu.

 

Pandemiak nola eragin du drogen kontsumoan?

Gure komunitateko datuen arabera, aurten igo egin da arreta jasotzera etorri direnen kopurua. Kokainarekin arazoak zituztenen portzentajea %23,9tik %26ra igo da, heroinarekin arazoak zituztenak %2,1etik %2,8ra, speedaren kasuan %1,3tik %3,6ra eta haxisarekin %1,6tik %2,2ra. Alkoholaren kontsumoan ere gorakada atzeman dugu, eskuragarri dagoelako, legala delako eta gizarteak onartzen duelako. Datuetan egoiliarrek kontsumitzen duten droga nagusia apuntatzen dugu, baina droga bat baino gehiago kontsumitzea da ohikoena, hau da, polikontsumoa.

 

Zein profileko jendea dago zentroan?

Klase sozial guztietako 20 eta 45 urte arteko egoiliarrak ditugu. Azarora arte 702 lagun jaso ditugu, 520 gizon eta 182 emakume. Alde handia dago, emakumeen kasuan drogen kontsumoa ez ohi delako publikoan egiten. Gehienek alkoholarekin dituzte arazoak eta ezkutuan edaten dute. Emakumea eta kontsumitzailea izatearen estigma dute, eta zailagoa egiten zaie laguntza eskatzea. Orokorrean 50 urtetik gorakoak izaten dira eta zaila egiten zaie etxekoei arazoa dutela esatea.

 

Nola moldatu zarete konfinamendu sasoian?

Martxotik ekainera arte ezin izan dugu jende berria zentroan jaso. Hala ere, batzuei telefono bidezko laguntza eskaini diegu eta ondo joan da. Gero, gurekin zeudenekin modu telematikoan jarraitu dugu lanean eta, aurretik harremana genuenez, ondo moldatu gara. Dena dela, Donostia, Lasao eta Hernaniko zentroetan erresidentzia-fasean zeuden egoiliarrek bertan pasa zuten konfinamendua. Izan ere, komunitatea segurtasun eta lasaitasun gunea da. Guzti-guztiak dinamika berean gaude han eta, etxean espazio hori galdu egiten denez, berrerortzeko beldurra dago. Pandemian zehar, ordea, kontsumo eta berrerortze gutxiago egon dira.

 

Terapeuta eta langileentzat zailagoa izan da etxetik aritzea?

Nik nahiago dut zuzeneko hartu-emana izatea, ez birtuala. Egoiliarrekin egiten ditugun terapietan emozioak azaleratzen dira eta pantaila baten atzean bazaude, zailagoa da hori kudeatzea. Ezin zara berarengana hurbildu eta besarkada bat eman.

 

Zenbat lagun zaudete Hernanin?

30 lagun gaude komunitatean, baina Gizakia Helburuk sei tratamendu ezberdin eskaintzen ditu sei zentrotan: Ibilbide Tradizionala, Ibilbide Intentsiboa, Programa Irekia, Alkohol Programa, Eraiki Programa eta Jokaera Adikzioak.

 

Orokorrean, zer egiten duzue programa horietan?

Batetik, terapia egiten dugu: psikoterapia, bakarkako terapiak eta terapia familiarrak. Taldeko saioak egunero egiten ditugu, terapia familiarrak astero eta bakarkako terapiak 15 egunetik behin. Bestetik, egoiliarrak komunitatean elkarbizi behar dira eta etxeko-lanak egin behar dituzte (garbitu, kozinatu…), paseatzera joaten gara, erosketak egitera, bisitak… Drogen kontsumoa beste arazo baten sintoma bezala ulertzen dugu. Beraz, erlazioak entrenatzen saiatzen gara.

 

Tratamenduek nolako iraupena izaten dute?

Bi urte inguruko tratamenduak izaten dira. Azken etapa, ordea, birgizarteratze etapa izaten da eta guk jarraipena egiten dugu. Azken finean, guregana datozen pertsonek euren bizitzarekin jarraitu behar dute, gizartera itzuli moduren baten. Gizarteak adikzioen inguruko ikuspegi okerra du, zerbait intimoa dela uste dugulako, baina ez, arazo soziala da. Orduan, tratamenduekin ez ditugu guregana datozenen arazo guztiak konponduko, baina erramintak emango dizkiegu aurrera egiteko.

 

Drogak kontsumitzen dituen pertsona batek noiz pentsa dezake arazo bat duela?

Drogen adikzioarekin bi fenomeno nagusi gertatzen dira: tolerantzia eta ohitzea. Hau da, efektu bera lortzeko droga gehiago kontsumitu behar izatea. Une batean konturatzen dira gero eta gehiago kontsumitzen dutela, eta droga kantitate gehiago behar dutela drogaren efektua igartzeko. Orokorrean kanpoko elementuen ondorioz jabetzen dira drogekin arazoak dituztela: demaseko positiboa eman dutelako polizia-kontrolean, bikoteak banatu nahi duela esaten dielako, lanetik bota dituztelako… Ez da zuzenean drogen kontsumoarekin izandako zerbait izan behar (gaindosia izatea, adibidez), beste arlo batean gauza hunkigarri bat gertatzeagatik baizik.

 

Drogekin arazoak dituenak zer egin behar du zuengana jotzeko?

Esan bezala, guregana etortzeko erabakia berak hartu behar du, ezin da behartuta etorri. Gipuzkoako Gizakia Helbururen telefonoa da 943 27 39 00 da eta e-maila proyectohombre@izan.org.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »