Iñigo Susaeta, kriptodiruan aditua: “Kriptodiruen kontua ez da ke hutsa”

Iñigo Susaeta, kriptodiruan aditua: “Kriptodiruen kontua ez da ke hutsa”
2022/05/20 eta kitto!
Kriptodirua, Blockchaina, NFTak... Azken aldian hainbatetan entzun ditugun berbak dira eta, seguruenik, bati baino gehiagori buruak eztanda egin dio kontzeptuok ulertzeko saiakera eginez gero. Beraz, gaian argia emateko asmoz, Iñigo Susaeta eibartarrak ikastaroa emango du ekainaren 7tik aurrera.

Susaeta Blockchain For Future taldeko kidea da beste hiru lagunekin, eta ‘Kriptodiruen azterketa, aurrezpena eta inbertsioa’ izeneko ikastaroa eskainiko du, online. Gaian zerotik trebatu nahi dutenei zuzenduta dago, kriptodiruaren munduan modu errealistan murgiltzeko eta teknologia berri hauek ematen dituzten aukerak ahalik eta hobeen aprobetxatzeko.

 

Kriptodiruen mundua oso zabala da. Zertan espezializatu zara?

Kriptodiruen inguruan gauza asko daude eta, era berean, oso espezifikoa da. Mundu horri ikuspegi errealista ematen saiatu naiz. Beti entzun dugu kriptodiruarekin baten batek ez dakit zenbat diru irabazi duela, jendea aberastu egin dela... Promesa handiak egin dira, baina ez da ikuspegi errealista eman.

Zein ikuspegi errealista?

Inbertsioen munduan dabilen jendea, baina ez dena egunero horretan aritzen, dirua aurrezten saiatzen da eta, ahal bada, biderkatzen. Ez dabiltza kolpe handien bila. Orduan, Bilboko lagun batekin kriptodiruen inguruan zegoen ikuspuntua aldatzen saiatu nahian hasi nintzen, promesa handiak egin gabe teknologia hauen inguruan informazioa emateko. Informazioa hor dago, baina ikastaroak beharrezkoak dira informazio hori ulertzeko eta erabilgarria izateko. Bost hilabete daramatzagu ikastaroa prestatzen eta, horrez gain, gure esperientzia erabilgarria izan daitekeela uste dut.

Bitcoin, Ethereum... Zenbat kriptodiru daude?

20.000 inguru daude, asko. Gai honi eman nahi diogun ikuspegi errealista aurretik zikloak pasa dituzten kriptodiruetan oinarritzen da. Bitcoinek mugitzen du kriptodiruen merkatua. Bitcoin erortzen bada, merkatua erori egiten da; eta gora badoa, merkatua ere bai.

Hain zuzen ere, hori gertatu da orain dela gutxi. Bitcoina asko jaitsi zen eta demaseko eragina izan zuen kriptodiruen merkatuan. Zer gertatu zen?

Kriptodiruen aurrerapen logikoa balio erreserba izatea da. Hau da, urrearen antzeko zerbait izatea. Merkatuetan gauzak erortzen direnean, jendeak urrea erosten du, urrearen balioak antzekoa izaten jarraituko duelako seguruenik. Gaur egun, ostera, kriptodiruak merkatuari lotuta daude oraindik. Horrela, beldurra gailentzen denean, jendeak saldu egiten du; eta kriptodiruen mundutik kanpo geratzean arriskua ikusten denean, ostera, jendeak erosi egiten du. Bitcoinaren jaitsierari dagokionez, zenbait gauza. Batetik, munduko merkatuak asko jaitsi ziren. Eta bestetik, bost onenen artean zegoen kriptodiru bat erori egin zen eta horrek ere eragin handia eduki zuen. Kriptodiru hori bere sorkuntzatik kulunkatzen zen, baina, gainera, zenbait gertakizun egon ziren, sistemak huts egin zuen, sinesgarritasuna galdu zuen eta karta-gaztelu bat bezala erori zen dena.

Horrelako gorabeherekin, nola fidatu gaitezke kriptodiruaz?

Kriptodiruen kontu honek jarraipena izango duela erakutsi nahi dugu ikastaroan. Burbuila dago (20.000 kriptodiru daude eta hori ez da jasangarria), baina badaude merezi duten kriptodiru batzuk. Adibidez, Bitcoina erortzen denean, Bitcoinak dituen jendeak saldu egiten du, beldurragatik eta desinformatuta daudelako, baina kriptodiruetan milioiak inbertitzen dituztenak kriptodiruak erosten ari dira, ikuspegi hobea dutelako. Bestetik, banku batzuk kriptodiruan sartzeko aukera ematen ari dira. Zerbait progresiboa da. Kriptodiruen merkatuak hamar urte besterik ez ditu, haurtxo bat da, baina joera horri aurrea hartzeak etekina eman ahal dizu etorkizunean, estrategia egokia eramanez.

Gaian hasiberriak izanik, nola jakin zein estrategia eraman?

Orain dela urtebete gutxi gorabehera kriptodiruen inguruan boom-a egon zen, eta jendea horretaz aprobetxatu zen ikastaroak eskainiz eta bete ez diren promesak eginez. Ondorioz, jendea sumindu egin zen eta kriptodiruen mundua zikindu egin zen. Guk ez dugu promesik egiten, estrategia jasangarriak bultzatzen ditugu.

Ikastaroa nori zuzentzen zaio?

Kriptodiruen inguruan ideiarik eduki ez arren bertan inbertitu nahi dutenei. Azpimarratu behar da, gainera, hasierako fasean jende horren bidelagun izango garela. Izan ere, teoria ondo jakin arren, praktikan jartzeko beldurra eduki dezakezu.

Nola egituratuko duzue ikastaroa? Nolako gauzak irakatsiko dituzue?

Taldeko klaseak eta klase indibidualak uztartuko ditugu astero, parte-hartzaile bakoitzaren hazkundea ikusi ahal izateko. Klaseak online izango dira eta Power Point bitartez gauzak irakatsiko ditugu, baina gure esperientzia euren esku lagako dugu, bideo-tutorialak eskainiko ditugu... Ikastaroa lau bloketan banatu dugu. Lehenik, teknologiari buruz egingo dugu berba, ideia orokor batetik gaiari heltzeko. Bigarrenik, gaur egungo ekosistema aztertuko dugu (NFTak, metabersoak, ‘Play to earn’ jokoak, Web 3.0...). Hirugarren blokean inflazioari, KPI-aren edo gasolinaren igoerari eta horrelakoei buruz egingo dugu berba. Azkenik, kriptodiruen billete-zorroen, iruzurren eta abarren inguruan jardungo dugu. Ez da nik emango dudalako, baina horrekin guztiarekin hasi nintzenean jaso nahi izango nukeen ikastaroa da. Teknologia honek nolako ekarpena egin dezakeen erakutsi nahi dugu, gauza ez dela bakarrik dirua irabaztea. Kriptodiruen kontua ez da ke hutsa, teknologia bat dago atzetik eta geratzeko etorri da.

Kriptodirua da etorkizuna?

Etorkizunean izan daiteke kriptodirua gailentzea, ez dakigu, baina momentuz gaur egunera arte erabili dugun dirua eta kriptodirua elkarrekin bizi behar izango dira. Poliki-poliki jendeak aukera eman ahal izango dio kriptodiruari, baina ondo informatu behar da aurretik, desinformaziorik gabe. Prozesu luzea izango da, baina hoberako, eta poliki-poliki aurrera eginez gero, gauzak hobeto egingo dira.