ITSASO ARRIETA: “Musikak umeen giza-abileziak garatzen laguntzen du”

ITSASO ARRIETA: “Musikak umeen giza-abileziak garatzen laguntzen du”
2012/03/30 eta kitto!

-Ikastaroaren txostenean agertzen denez, musika da irakasteko bide unibertsalena, jakinduria transmititzeko tresnarik garrantzitsuenetakoa. Zergatik?
Herri kantuak eta musika, orokorrean, herri baten bizitzeko modutik eta urteetan zehar egokitu zaizkion egoerei emandako erantzunetatik sortzen direlako. Musikaren bidez sentimenduak, pentsamoldeak, sentsazioak… adierazten ditugu; nork bereak, baina baita herri moduan, gizarte moduan ere. Herri kantuak ezagutzean zabalago egiten gara, eta inguruko herrien kultura baloratzen eta errespetatzen laguntzen digu, bakoitzarena ezagututa gehiago baloratzen baita besteena ere. Eta hori oso gauza inportantea eta baloratzeko modukoa da irakaskuntzan eta heziketan; orokorrean, mundu globalizatu honetan.
-Galtzen ari da kantu eta jolas bidezko transmisioa?
Bai, neurri handi batean. Azken aldian, umeen heziketa eta baloreen transmisioa eskolaren esku uzten ari gara eta eten argia dago familia barruko transmisioan. Baina hezkuntzak oinarri bat baino gehiago dauka; eskola ez da oinarri bakarra, familia baita nire ustez beste oinarri sendoa.
-Trasmititzeko gain, zertarako balio dezake musikak?
Gozatzeko edo disfrutatzeko, lehenengo eta behin, baina beste onura asko dauka musikak umeen garapenean, adibidez: memoriaren kapazitatea eta kontzentrazioa lantzeko, imajinazioa areagotzeko, zentzumenak estimulatzeko eta abar luze bat. Umeak kantatzen duenean sentitu eta pentsatu egiten du, martxan jartzen ditu alde emozionala, kognitiboa, soziala eta motorra. Taldean kantatzen dutenean lotsa ahaztu egiten dute eta euren jarrera espontaneoa izaten da. Horrek, giza-abileziak garatzen laguntzen die.
-Imaginatzen duzu musika bariko mundu bat?
Ez, inondik inora.
-Transmisioaren kontura bueltatuz, euskal musikak badu berezitasunik beste toki batzuetako musiken aldean?
Herri musika guztiek dute berezitasunen bat, lehen esan dudan moduan, herri bakoitzak bere bizipenak dituelako. Hala ere, gehientsuenak hari beretik doaz, pertsonen kezkak oso antzekoak direlako herri guztietan.
-Euskal Herria herri musikaria dela esango zenuke?
Bai. Egoera guztiak kantatu izan ditu gure herriak: jaiotzak eta heriotzak, poztasunak eta tristurak, maitasuna eta maitasun eza, jaiak, urte sasoiak, …
-Irrati, telebista eta interneten kanpotik datorren musika asko jasotzen dugu, gero eta gehiago teknologien garapenari esker. Horrek eragina du euskal hizkuntza eta kulturaren transmisioan?
Bai, danak dauka eragina, baina horrek ez du esan nahi txarrerako denik, garapenak onurak ere ekartzen dizkiolako kulturaren transmisioari. Ona da iturri guztietatik edatea, nor garen jakinez gero.
-Nolakoa izango dira ikastaroaren saioak? Zer da egingo duzuena?
Ordu biko saioak izango dira, guztira 20 ordu. Oso ikastaro praktikoa eta erraz eramatekoa da. Kanta asko, kateatu eta lo kanta ikasiko dugu, bakoitzaren testuingurua, zertarako diren, noiz erabili eta euren onura umearengan aztertu. Umea jaiotzen denetik 8 urtera bitartekoak dira kantu gehienak.