Jaione Yeregi (nutrizionista) “Jaten duguna kontuan hartu behar dugu birusa biderkatu eta ugaritu ez dadin”

Jaione Yeregi (nutrizionista) “Jaten duguna kontuan hartu behar dugu birusa biderkatu eta ugaritu ez dadin”
ETA KITTO 2020, Mar 18

Koronabirusaren hedapenak eragindako egoera berezi honetan, zalantza asko sortzen zaizkigu denoi, eta horietako asko janariarekin lotuta daude. Zer komeni da jatea konfinatuta gauden bitartean? Berdin jan behar dugu, edo aldaketak egin behar ditugu eguneroko errutinan? Nola indartu dezakegu gure organismoa? Nola egin erosketak? Jaione Yeregi nutrizionista eibartarrak zalantza horiek argitzen lagundu digu.

– Lau egun daramatzagu etxean eta ez dakigu noiz arte egongo garen horrela. Batzuk lanera ateratzen gara, baina beste batzuk guztiz konfinatuta daude. Orokorrean nolako aholkuak emango zenituzke?
Hasteko, esan beharra dago bizitzen ari garen egoera hau berria dela denontzat. Lehenik eta behin, lasaitasunez hartu behar dugu egoera. Alarmismoa eta histerismoa alde batera utzi behar ditugu, ez gaituztelako inora eramango eta gure buruari kalte besterik ez digutelako egingo. Gure barneko ahotsak entzuteko une ona da hau. Beti bizi gara presaka eta ezertarako astirik gabe. Orain gelditzea tokatzen zaigun honetan gure pentsamentuak antolatu, ordenatu eta maitasunez emozioak armonizatzeko momentu paregabea dugu. Gure osasunak eskertuko digu, horrela inmunologi-sistema indartzen baitugu.

– Berdin jan behar dugu? Edo egoera berriak bultzatzuta beste pauta batzuk jarraitzea komeni da?
Sedentarismoari aurre egin behar diogu. Telebista, internet, aldizkariak… ondo daude eta entretenigarri izango zaizkigu egun hauetan, baina, aldi berean, aukera ona da beti gerorako uzten ditugun etxeko lanak egiteko. Egunak ordu asko ditu eta gauza asko egiteko denbora emango digu. Lehenengo eta behin, garrantzitsuena antolaketa da. Onena eguneko edo asteko planing bat egitea da. Planing horretan, besteak beste, ariketa fisikoa, erlajazioa edo meditazioa, irakurketa, musika, etxeko garbiketak, erosketak eta janari prestaketa azaldu behar dira batez ere.

– Ahalik eta gutxien irtetzeko esan digute eta momentu puntual batzuetan agian baliteke elikagairen baten faltan izatea. Zer gomendatzen duzu? Gutxieneko nutriente batzuk behar ditugu?
Erosketak egitera joan aurretik, ezinbestekoa da zerrenda bat egitea. Era horretan beharrezko elikagaiak besterik ez ditugu erosiko. Ez gaitezen gehiegizko eta alferrikako erosketetan erori. Gure osasuna mantentzeko eta indartzeko, odol kalitate on bat izatea beharrezkoa dugu. Horretarako odola azidifikatzen duten elikagaiak ekidin eta alkalinizatzen dituztenak jan behar ditugu. Ekidin beharrekoak: alkohola, kafeina, teina, azukre eta gasdun edariak, azukreak, txokolatea, pastel  industrialak, esnekiak, solanazeak, jaki eta edari hotzak, haragi gorri eta koipetsuak, elikagai gordinak (ensalada eta fruta gordinak). Azken hauek barne hezetasuna eta barne hotza sortuko dizkigute eta une honetan barne lehorra eta beroa behar ditugu birusa biderkatu eta ugaritu ez dadin.

– Eta zer jan dezakegu orduan gure organismoa Indartzeko eta osasuntsu mantentzeko?
Zereal integralak, lekariak, berdura guztiak orokorrean ( sustraidunak eta borobilak bereziki), misho sopa, haziak, algak, fruitu lehorrak, haragi zuria eta arraina. Defentsak altxatzeko echinacea, artemisa annua…, eta infekzioentzat propoleoa edo oregano olioa gomendatuko nizueke. Egunero nahi beste edan dezakegu Kukicha infusioa, jengibre, ezti eta limoi zukuarekin eginiko edaria. Bestalde, eztarria garbi izateko gargarak egin ditzakegun: ura eta “árbol de te” olioaren tanta batzuekin; edo ezkai (tomillo) infusiari limoi, gatza eta bikarbonatoa nahastu eta gargarak egin.

– Umeekin, denbora bete nahian edo, sukaldean sartzen bagara, nolako gauzak egin ditzakegu? Zer komeni da?
Une paregabea eurekin ekintza ezberdinak egiteko. Parte har dezatela etxeko lanetan eta bereziki lagun dezatela sukaldean. Beraiek ere baliagarri senti daitezen. Eguneroko janaria prestatzen parte har dezatela: berdurak garbitu, sutan jarri… bei ere eure adina kontuan hartuta, jakiña. Gero arratsalde luzeetan errezeta bereziak ere presta daitezke eurekin: olo malutadun gailetak, fruta lehor hazi eta egositako frutekin snack eta konpotak, pudinnak… Denon laguntzarekin aurrera joko dugu eta normaltasunera itzuliko gara. Animo eta aurrera!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »