JAVIER FERNANDEZ: “El Cordobes izan da toreatzaile fotogenikoena”

JAVIER FERNANDEZ: “El Cordobes izan da toreatzaile fotogenikoena”
2012/05/07 eta kitto!

-Zer suposatzen du zuretzat Peña Taurina Pedrucho Eibarresaren aldetik omenaldia jasotzeak?
Zuzendaritzako Jaime Lopez de Guereñu etorri zitzaidan esanez omenaldia egingo zidatela eta nik erantzun nion, “omenaldia zergatik? Egongo da omenaldia merezi duen jende gehiago bada”. Egindako lanarengatik omenduko nindutela esan zidaten, beraz, pozik. Hala ere, badaude omenaldia merezi duten beste asko ere: Tarifeño, Roberita, Gallito...
-Nola hasi zen zugan zezenenganako afizioa?
Gurasoengandik ez behintzat. Nire aitak Valentziako zezen-plazan egin zuen debuta, baina preso politiko bezala 1936an. Teruelen gerra amaitu, preso hartu zuten eta Valentziako zezen-plazara eraman zuten. Pasodoblearen musika, zaldien dantza, zezenak… beti gustatu izan zaizkit. Sasoi hartan, Legarren Gallito deitzen genituenak zeuden, beti toreatzen, eta txikitan horretan jolasten genuen (zezenetan, pelotan, foballean eta ia ezer gehiagotan jolasten genuen txikitan). 60. hamarkadan zezen-plaza berritu zuten eta saio asko egoten zen.
-Gogoratzen duzu zezenaren aurrean jarri zinen lehen aldia?
Peñakoek esan zuten toreatzaileak falta zirela eta ni jarri nintzen. Behi zahar bat zen, orduan zezenketan behiak hiltzea posible zelako, eta Asuncioneko serorentzat zen zezenketa. Soraluzek, Elgoibarrek, Ermuak eta Eibarrek toreatzaile bana aurkeztu behar genuen, eta herri bakoitzeko musika-bandaren laguntza geneukan harmailetan. Gaur egun gauzak asko aldatu dira arlo horretan. Beste batean gogoratzen dut nola Andoni Amaña boxeatzailea eta Enrique Vidarterekin DYAren aldeko zezenketa egin genuela, eta irabaziekin anbulantzia bat erosi zuen DYAk. Hala ere, ez zuten aipatu dirua zezenketatik zetorrenik.
-Pentsatu zenuen, noizbait, zezenketak ofizio bihurtzea?
Ez. Pentsatuko banu, etxe handia izango nuke Eibar erdian (barrean).
-Argazkilaria izan zara urte askotan zehar. Zein izan da toreatzaile fotogenikoena?
Nire sasoiari begira, El Cordobes esango nuke. Cordobes gazteak zezen bat eskaini zidan hemen egon zen azken aldian. Venezuela eta Mexikon egon izan naiz berarekin zezenketak ikusten. Mexiko aldean asko ibili izan naiz, batez ere Mexiko DF eta Veracruz aldean.
-Eztabaida dago Eibarko zezen-plazaren erabilera eta berrikuntzaren gainean. Zein iritzi duzu?
Nik ez nuke botako. Harmaileen azpian lurra dago, eta hori ustuz gero, tabernak, dendak… egin ahal dira. Botatzen dena, gero ez da egiten. Berrtiu egin behar da eta balio anitzeko instalazioa egin.