Javier Gabantxo, pentsioduna: “Jendea greba egiteko ilusio eta gogoarekin ikusten dugu”

Javier Gabantxo, pentsioduna: “Jendea greba egiteko ilusio eta gogoarekin ikusten dugu”
2020/01/28 10:32
eta kitto!
- Zergatik erabaki da Greba Orokorra deitzea?

Grebarako deia egiteko arrazoi nagusia honakoa da: elkarretaratzeak, manifestazioak eta bestelakoak egiten bi urte daramatzagu eta orain arte lortu ditugun emaitzak ez dira gure borrokarekin lortzea espero genituenak. Ez dute lan erreforma bertan behera laga behar, ez da lortu 1.200 euroko gutxieneko soldata, ezta kopuru horretatik behera kobratzen duten pentsiodunentzat 1.080 euroko pentsioa ezartzea ere. Azken horren inguruan uste dut hainbat baldintza ezarri beharko liratekeela. Hau da, kontua ez da pentsioduna izateagatik eta kopuru horretatik behera kobratzeagatik zuzenean 1.080 euro horiek jasotzea, badaudelako bestelako errentak etab. dauzkaten hainbat eta hainbat eta, beraz, bi baldintza horiek bete arren, horrelakoei 1.080 euroko pentsioa ematea ez litzateke bidezkoa gainontzeko guztientzat. Gauzak horrela, greba sindikatuek erregistratu dute eta deialdia, berriz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egin du. Azken horren baitan Euskadin gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuak eta 100 kolektibo baino gehiago (gazte mugimenduak, talde feministak…) daude. Hala ere, gutxienez badira sei hilabete pentsiodunen mugimenduen ekimenez greba prestatzen hasi zela eta, grebak aurrera egiteko hilabete hauetan sindikatu eta beste kolektiboekin izan ditugun hartuemanei esker, azkenean lortu dugu sindikatuak mugiaraztea.

- Zeintzuk dira grebarekin lortu nahi dituzuen helburu nagusienak?

Europako Karta Sozialak ezartzen duen bezala, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Eta hori orain lortzeko arazorik izanez gero, kopuru horretara ailegatu arte egokien ikusten duten moduan konpentsatzeko. Horrekin batera, Gipuzkoako beste toki batzuetan ez bezala, Eibarren alarguntza-pentsioa %100ekoa izatea onartu dugu. Eta eskatzen ditugun beste hainbaten artean pentsioen jasangarritasun faktorea kentzea, 2011. eta 2013. urteetako lan harremanetarako legeak bertan behera lagatzea, lan arloan emakumeen kaltetan ematen den soldata arrakalarekin amaitzea eta pentsio pribatuak ez saritzea daude, besteak beste.

- Urtarrilaren 30erako deitu den greba eguna nolakoa izatea espero duzue?

Ez gara igarleak eta, beraz, ezin asmatu zer gertatuko den eguna ailegatu eta ikusi arte. Hala ere, jendeak ilusioa eta gogoa baduela ikusten ari gara. Gu pentsiodunak garenez ezin dugu lanuzterik egin, baina horrek ez du esan nahi ezin dugunik greba egin, beste modu batzuk badaude eta: egun horretan egiten diren manifestazio eta mobilizazioetan parte har dezakegu, informazioa banatzen lagundu dezakegu… Horrez gain, kontsumo greba egin dezakegu, hau da, egun horretan ezer ez kontsumitu. Greba dela eta, gizarteko sektore atzerakoienen aldetik eraso orokorra ematen ari da, ez noa izenik ematera denok badakigulako zeintzuk diren. Eta klase-etsaien eta berriki horiei gehitu zaizkien beste hainbaten aldetik ere erasoa dago. Hasi dira esaten greba politikoa dela, soberanista… Gutxieneko 1.080 euroko pentsioak, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta horrelakoak eskatzen ditugu, guztiak eskaera sozialak dira, baina hala ere greba politikoa dela esaten jarraitu nahi badute, ba segi dezatela esaten! Espainian nagusi diren alderdi politiko eta sindikatu batzuk ere, tartean CC.OO., grebari kontra egiten ari dira zuzen-zuzenean. Eta gauza bera egiten dihardu COESPE pentsioen sistema publikoaren aldeko estatu mailako koordinakundeak, baina denok dakigu horien atzean nor dagoen. Gainera, langileen, gizartearen, gu guztion kontrako neurriak onartzea… ez al da hori politikoa? Horrelakoen aurrean borrokatzen jarraituko dugu. Izan ere, gaur egungo jubilatuok dauzkagun ezaugarri nagusiak aniztasuna, batasuna eta mobilizazioa, hiru horiek dira.

Greba Orokorra Eibarren!


05:30: Pikete informatiboa. Azitaingo industrialdean.


09:00: Greba gunearen irekiera. Untzagan.


12:30: Manifestazioa. Untzagatik.


14:30: Bazkaria. Bakoitzak berea ekar dezala.


16:30: Pikete informatiboa. Untzagatik.


18:00: Manifestazioa.