Jesus Maria Olmedo ‘Kata’: “Jende falta badago, Amañako danborrada desagertzeko arriskuan egongo da”

Jesus Maria Olmedo ‘Kata’: “Jende falta badago, Amañako danborrada desagertzeko arriskuan egongo da”
2019/06/18 eta kitto!
Amañako danborradak lehen entseguak egin ditu, baina jende gehiago behar dutela dio Jesus Maria Olmedo ‘Kata’, Amañako danborradako zuzendariak. Normalean 60 umek eta 60 nagusik hartzen dute umeen eta nagusien danborradan, hurrenez hurren. 27 urteetan hainbat oztopo gainditu dituzte eta ‘Kata’ ziur da jendearen falta ere konponduko dutela, baina konponbidea auzokide guztien esku dagoela azpimarratzen du.

 

- Zer moduz Amañako danborradako lehen entseguak?

Nahiko jende gutxi etorri da. Lau entsegu egin ditugu eta beste lau geratzen zaizkigu oraindik. Jende gehiago etortzea espero dugu. Amaña nahiko auzo partikularra da eta auzoan bizi diren ume kopurua kontuan hartuta nahiko gutxik hartzen dute parte tanborradan, Amaña eskolakoek batez ere. Horregatik, auzoan bizi diren ume guztiak danborradan parte hartzera animatu nahi ditugu, berdin da non ikasten duten, eta baita familia edo laguntasunagatik Amañarekin erlazioa dutenak ere. Nagusien danborradara, adibidez, Amañakoak izan barik auzoko batzuen lagunak diren neska pare bat etortzen dira. Agian gauzak gaizki egin ditugu, baina inork ez digu ezer esan. Edozein aholku edo proposamen jasotzeko prest gaude. Bestela, jende falta badago, Amañako tanborrada desagertzeko arriskuan egongo da. Auzokide berriei ere parte hartzeko gonbitea egiten diegu, Babes Ofizialeko Etxeetakoei adibidez, auzoan integratzeko modu polita dela uste dugulako.

- Garrantzitsua da entseguetara joatea?

Askotan leporatu digute zortzi entsegu jartzea, gehiegi direlakoan, baina parte-hartzaile askok konpromisoak dituztela kontuan hartzen dugu eta zortzi entsegu programatzen ditugu gutxienez laura etorri ahal izateko. Entsegu gutxiago egitea ez da komenigarria, are gutxiago pieza berri bat jo nahi badugu.

- Aurten pieza berririk jotzeko asmoa duzue?

Iaz Jose Antonio Alberdi ‘Goma’-ren omenezko pieza bat estreinatu genuen, baina behin bakarrik entseatu genuen eta gehiago praktikatu behar dugu aurten jotzeko.

- Nolakoak izaten dira entseguak?

Umeen entsegua 19:00etan izaten da eta nagusiena 20:00etan. Gehienek badakite zer egin behar duten, urteak daramatzatelako danborradan. Ordubeteko iraupena izaten dute eta danborradako pieza guztiak jotzen ditugu, kaskarren jotzen ditugunak errepikatuz.

- Jende berriari kostatu egiten zaio erritmoa hartzea?

Ez, tanborra jotzea ez da hain zaila. Pentsa, ni naiz zuzendaria... (barreak).

- Nola bizitzen duzue tanborrada eguna?

Tanborrada Amañako jaiak barrutik bizitzeko aukera da. 27 urtetan hainbat oztopori egin behar izan diogu aurre danborrada egin ahal izateko. Adibidez, hasieran Sanjuanetako danborradako batzuek ez ziguten materiala hartzen uzten, material hori herrikoa bada ere. Bestetik, Miguel Angel Blanco hil zutenean danborradaren eguna aldatu behar izan genuen eta ez zen erraza izan berriz antolatzea. Hainbat aldiz euriari aurre egin behar izan diogu eta, adibidez, autotxokoetan jo duen lehen umeen danborrada egin genuen. Amañako danborradan jotzea berezia da. Urte asko badaramatzat ere, jo aurretik begi bat dardarka jartzen zait, urduri.