Jol Igartua (abeltzaina): “Proiektu on bat izanez gero, baserritik bizi daiteke”

Jol Igartua (abeltzaina): “Proiektu on bat izanez gero, baserritik bizi daiteke”
2021/12/03 eta kitto!
Gazteak baserria laga eta kalera lanera joaten ikustera ohituta gauden garai honetan, kontrako bidea hartu duenik bada. Kalean jaio eta hazi den Jol Igartua Iriondo eibartarra da horietako bat. Mandiola auzoko Itturria Goiko baserrian bizi den gazteak, Andoni Barandika bazkidearekin batera, txahalak zaindu eta loditzen ditu, gero horien okela saltzeko. Orain artekoa nola joan den ikusita, etorkizunean ere baserrian irudikatzen du bere burua.

Nolatan animatu zinen kaletik baserrira joaten?

Kasualitatez izan zen. Orain dela urte batzuk, 2012an, lagun batzuekin batera Ixuako baserri batera joan nintzen, alokairuan. 25 urte nituen, etxetik irteteko sasoia zen eta, beraz, aukera sortu eta horrela joan nintzen. Hasieran bizitzera baino ez ginen joan baserrira, baina poliki-poliki ortuarekin hasi ginen, gero txerri batzuk hartu genituen, ikastaroak egiten hasi... Baserria gero eta gehiago gustatzen zitzaidan eta horrela animatu nintzen baserria erostera, 2015ean.

Sasoi hartan zu industrian ari zinen beharrean, baserriarekin eta abeltzantzarekin zerikusirik ez duen lana egiten. Nolakoa izan zen aldaketa?

Hasieran probatzeko behi batzuk ekarri genituen. Eta ikastaroak egiten hasi ginen, EHNE Bizkaiarekin, Biolur elkartearekin... Ikasten joan eta, haien laguntzarekin, martxan ipini ginen. Gaur egun 14 behi, idiskoa eta txahalak dauzkagu eta azken hauen okela da saltzen duguna.

Nolako behiak dauzkazue?

Aberdeen Angus arrazakoak dira denak, eskozesak, ganadu txikia da eta ondo moldatzen dena hemen ditugun aldapetara. Txahalak ere ondo hazten dira, horregatik aukeratu genuen arraza hau, gure baldintzetara ondo egokitzen zelako. Kanpoan egoten dira, oso eguraldi txarra dagoenean kenduta, belarra jaten. Bakoitzak 10-15 kilo jaten ditu egunero.



Beraz, ekologikoan hazitakoak. Uste duzu kontsumitzaileek horrek zer esan nahi duen ondo dakitela?

Denetarik dagoela uste dut, batzuek beste batzuek baino argiago daukate. Azken aldi honetan oso modan ipini da ekologikoa, naturala...

Non eta nola saltzen duzue okela?


Guk hemen txahalak hazi eta, hamalau bat hilabeterekin, hiltegira eramaten ditugu, Oñatira. Bertan hiltzen dituzte, hamar bat egun kanalean izaten dituzte eta, ondoren, guk ontziratuta jasotzen dugu okela, zuzenean bezeroei etxera eraman eta saltzeko. Hasi ginenean hiru hiletik behin hiltzen genuen txahala, baina orain hilean txahal bat eramaten dugu hiltzera. Gure bezeroek badakite noiz izango duten prest okela, eta guk etxeraino eramaten diegu.

Eta nola ailegatu zarete bezero horiengana?


Eibar eta inguruko 30 bat familiarekin berba egin eta, interesa zutela ikusita, horiei saltzen hasi ginen. Eibarren, Elgoibarren eta Soraluzeko kontsumo talde batean erosten digute okela eta oso pozik daude. Ahoz ahozkoari esker geroz eta bezero gehiago ditugu.

Bestela, zaila da saltzea?

Gu txikiak gara, badakigu zenbat behi ditugun eta zenbat okela produzitu dezakegun. Marka handiek ustialeku handiak eskatzen dituzte, gehiago produzitzera derrigortzen zaituzte eta menpekotasuna gero eta handiagoa da. Okela supermerkatu eta horrelakoetan salduz gero, esnearekin eta beste produktu guztiekin gertatzen den bezala, guri gutxi ordainduko ligukete, gero eurak garesti saltzeko. Gurea bestelako eredua da, guk kontrolatzen dugu zenbat eta nola produzitu. Gure moduan, zirkulu osoa zuk kontrolatzen baduzu, bitartekariak albo batera lagatzen badituzu eta proiektu on bat badaukazu, besteengandik bereizten zaituen zerbait badaukazu eskaintzeko, orduan bai, posible da baserritik bizitzea. Bestela, jai dago.

Zeuena moduko proiektuei nahikoa laguntzen zaie?

Dirulaguntzak ematen dituzte, gaztea izateagatik niri ere eman didate, Diputaziotik, baina hori baino gehiago behar da, nekazaritzaren sektoreari eta baserriari benetan laguntzeko plan on bat martxan ipintzea. Eibarrek 27.000 biztanle ditu eta bakarrik sei baserri daude martxan, hortxe daukazue adibidea. Gaur egun soldata baserritik hartzen dut nik, eta Andoni nire bazkideak ere hala egingo luke, handitzeko aukera izango bagenu.

Eta zein da ba arazoa?

Ez digutela ukuilua handitzeko baimenik ematen. Baserriarekin batera lurrak ere erosi nituen, eta ukuilua nireak diren lur horietan dago, baina Eibarko Hirigintza Plan Nagusian, hori aisialdiko gune bezala izendatuta dago. Plana orain dela 25 urte egin zuten eta, urte hauetan guztietan, ez da aisialdirako proiekturik egon toki horretarako. Baina, horrela izendatuta dagoela eta, ezin dugu ukuilua handitu edo hobetzeko lanik egin, gauzak aldatu eta horretarako baimena jaso arte. Hiru urte daramatzagu zain eta inork ez digu konponbiderik eman. Bestela, gure baserrian bi soldata ateratzeko moduan egongo ginateke, bakarra ateratzen egon beharrean.

Askotan entzun dugu baserrian lan asko egin behar dela, jairik ez dagoela... Hala da benetan?

Gaur egun hori topikoa dela uste dut, gauzak asko aldatu dira, baita baserrietan ere. Lehen eskuz egin beharreko lan asko makinek egiten dituzte eta badaude alternatibak oporrak, asteburuak... libre izateko. Hasieran lotura handiagoa izan daiteke, abiatzen dagoen beste edozein enpresatan bezala, baina ez du zertan horrela izan beti. Ni pozik nago, naturarekin harremanetan, sasoian sasoikoari jarraituz eta beti gauza berriak ikasten.