Jon Alegria, esataria: “Esatari batentzat garrantzitsuena kirola ezagutzea da”

Jon Alegria, esataria: “Esatari batentzat garrantzitsuena kirola ezagutzea da”
2019/07/12 eta kitto!
Kirol-probak gustoko badituzue, Jon Alegriaren ahotsa ezaguna egingo zaizue. Triatloi probak kontatzen hasi zen, kasualitatez, baina era askotako kirol-probetan ibiltzen da esatari moduan gaur egun. Azkoitin bizi da aspalditik, baina eibartarra da. “Amañakua”, berak dioen bezala.

 

- Zer izan zen lehenengo gauza: triatloia edo esatari lana?

Triatloia. Gipuzkoako eta Euskadiko triatloi federazioetako sortzaileetako bat naiz, eta epaile lanak egiten nituen probetan hasieran, triatloiaren hastapenetan (80. eta 90. hamarkadan). Nazioarteko epailea izatea lortu nuen eta Europan zehar ibili nintzen hainbat lasterketatan. Sasoi hartan jendeak ez zuen triatloia ondo ezagutzen eta mikrofonoa hartzen nuen azalpen batzuk emateko. Antolatzaile askok hori ikusi zuten eta probatan esatari lanak egiteko esan zidaten. Horrela hasi nintzen. Gaur egun, triatloian ez ezik, kirol askotan egiten ditut esatari lanak. Urtean 45-50 probetan egoten naiz (triatloian, duatloian, igeriketa zeharkaldietan, piraguismoan, estropadetan, txirrindularitzan, motokrosean, freestylean...). 2007an hasi nintzen beste kirol batzuetako probetan esatari moduan eta antolatzaileek nire izena dutenez, handik eta hemendik deitzen didate.

- Ez da gauza bera izango triatloi proba bat edo motokros proba bat kontatzea, ezta?

Esatari batentzat garrantzitsuena kirola ezagutzea da. Kontua ez da mikrofonoa hartu eta jendaurrean berba egitea. Aldez aurretik lan handia dago: dokumentatzea, informatzea, kirolariak ondo ezagutzea...

- Berezko estiloa duzula esango zenuke?

Bai, esatari bakoitzak bere estiloa dauka. Esatari guztiengandik zerbait hartzen duzu, zuretzat erreferenteak diren esatariak dituzulako, baina gero zure modura egiten duzu lana. Triatloian ez nuen inor ezagutzen eta nire kabuz zera pentsatu nuen: “zer da ikusleek ezagutu behar dutena?”. Oso kirol konplexua da, hiru zatitan banatzen delako (igeriketan, bizikletan eta antxitxiketan). Beraz, publikoari gauzak argi azaltzeko asmoz, nire modura sortu nuen esatari estiloa.

- Autodidakta izan zara edo formakuntza berezirik jaso duzu?

Autodidakta izan naiz. Gainera, orain dela 7 urte Gipuzkoako Foru Aldundiko euskeraren arloak kirol-probetan euskal esatariak egoteko ikastaro batzuk antolatu zituen eta bertan egon nintzen irakasle moduan (filologo eta kazetari artean). Esatarien mundua nahiko gauza mugatua da. Euskal Herrian 3-4 esatari ibiltzen gara eta estatu mailatik beste 4 esatari etorri ohi dira hemengo probetara.

- Triatloietan, adibidez, nolakoa izaten da zure lana?

Berez asko mugitzen den pertsona naiz eta nire mikrofonoak estaldura handia izan behar du. Lehian ibiltzen naiz soinua jartzen duten enpresekin (barreak), baina enpresa onak daude eta ondo ezagutzen naute. Donostiko triatloian, adibidez, Kontxa guztia kubritu behar du nire mikrofonoaren estaldurak eta arazoak izaten dira. Igeriketa zeharkaldietan, bestetik, itsasontziek duten frekuentziekin arazoak izaten ditugu. Zarauzko triatloian bi esatari ibiltzen gara eta bakoitzak bere atala dauka. Mikrofonoak onak izan behar dira, baina baita megafonia ere. Potentzia handia izan behar dute.

- Nahiz eta probak aldez aurretik prestatu, zuzenean gertatzen dena kontatu behar duzu. Urduri jartzen zara?

Proba hasieran tentsioan jartzen naiz, kirolari bat bezala. Eurek buruan duten zalantzak eta ezbaiak zuk ere dituzula pentsatu behar duzu, euren tokian jarri, eta azalpen horiek parte-hartzaileei eman behar dizkiezu. Proban zehar, bestetik, ikusle bilakatu behar zara eta proba jarraitzeko ikusleak behar duena azaltzen saiatu behar zara. Horrelakoetan mikrofono atzean izkutatuta egoten naiz, entzun bai baina ez nautelako ikusten, baina jendaurrean eszenatoki batean aurkezpenak egitea egokitzen zaidanean bai jartzen naiz urduri. Esatariok gidoia izaten dugu, baina nahiko irekia izaten da eta asko inprobisatu behar izaten dugu.

- Kirol-probek hainbat ordutako iraupena izaten dute. Esatariak (kirolariak moduan) nekatu egiten zarete?

Bai, ahotsa asko zaindu behar da. Proba luzeetan ia ahots gabe geratu izan naiz. Esprai berezi bat eramaten dut, baina normalean ahotsa asko zaintzen dut. Proba ondorengo orduetan ez dut berba egiten eta hurrengo egunean ere isilik egoten saiatzen naiz, ahotsa izorratu egiten zaidalako. Horregatik oso garrantzitsua da mikrofono eta megafonia onak egotea, eztarria ez behartzeko.

- Baduzu kirol-proba kuttunik?

Bai, baditut batzuk, baina ez zait bereiztea gustatzen. Proba guztiak oso garrantzitsuak dira niretzat. Jende asko biltzen dituzten probak bereziak izaten dira eta hor bai jartzen zarela urduri, egun batzuk lehenagotik.

- Zein hizkuntzatan egiten duzu berba probetan?

Euskeraz batez ere, baina baita gazteleraz ere. Kontuan izan behar da kanpoko jende asko etortzen dela probetara, eta oharrak eta informazioa hizkuntza bietan eman behar izaten dut. Bestetik, herriaren edo probintziaren arabera hizkuntza biekin jokatzen dut. Gipuzkoan, adibidez, %90 euskeraz egiten dut. Euskal Herritik kanpoko probetan, bestalde, gazteleraz egin behar dut nahitaez.

- Euskal triatloilariek maila handia erakutsi izan dute historian zehar (Eneko Llanos, Virginia Berasategi...), baina nola ikusten duzu oraina eta etorkizuna?

Eibartarra izanik, hor dugu Pello Osoro. 27 urte ditu eta etorkizun handia duela uste dut. Oraindik ez da Ironmanean estreinatu, erdi distantzian ibiltzen da, baina Ironmanean etorkizuna duela esango nuke. Bestetik, gazte mailan Irene Loizate durangarra dugu. Europako eta Espainiako duatloi txapelduna izan da eta etorkizun handia du. Emakumezkoetan maila handiko triatloilariak ditugu Euskal Herrian. Adibidez, Ainhoa Murua zarauztarra, lau aldiz olinpikoa izan dena, eta berak entrenatzen duen Helene Alberdi zumaiarra, Espainiako triatloi txapelduna.

- Pello Osororen garaipen handi bat kontatzea gustatuko litzaizuke?

Kontatu ditut bere hainbat garaipen! Baina bai, asko gustatuko litzaidake. Ondo ezagutzen dut, Eibarko igerilekura elkarrekin joaten garelako. Igerilekura batera sartzen gara, baina gero bakoitza bere erritmora joaten da (barreak).