Jon Osa, igerilaria: “AEBn txikitatik bultzatzen dituzte umeak kirola egitera”

Jon Osa, igerilaria: “AEBn txikitatik bultzatzen dituzte umeak kirola egitera”
2019/11/15 10:33
eta kitto!
Hainbat urtetan zehar etorkizun handiko igerilaria zela erakutsi zuen Jon Osak Eibar Igerixan taldean eta ozeanoa zeharkatu zuen abentura berria hasteko. Igerian ez, hegazkinean egin zuen bidaia, baina uretan maila handia duela erakutsi du Missouriko Unibertsitatean (AEB) daraman denbora gutxian. Igerian egiteaz gain, Bussines karrera ikasten dihardu, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza graduaren antzekoa.

Osa_J

- Nola sortu zitzaizun EEBB-ra joateko aukera?

Orain dela 2 urte nire bizitzarekin zer egin pentsatzen hasi nintzen, eta igeriketarekin eta ikasketekin jarraitu nahi nuela argi nuen. Horretarako, aukera onena AEBra etortzea zen, kirola eta ikasketak uztartzeko aukera onak daudelako. Orduan, agentzia batekin harremanetan jarri nintzen eta eurek lagundu zidaten hona etortzen.

- Zer moduz orain arte?

Oraingoz ondo moldatu naiz eta berdin jarraitzea espero dut. Hori bai, hemengo bizitza guztiz desberdina da Euskal Herrikoaren aldean.

- Alde handia somatu duzu?

Bai. Jendearen pentsaera, ohiturak, ikasketak... guztiz ezberdinak dira. Adibidez, egun normal batean 2 ordu inguru pasatzen ditut unibertsitatean. Euskal Herrian egongo banintz, 7 ordu egon beharko nintzateke. Bestetik, Eibarren baino ordu gehiago egiten ditut entrenatzen.

- Nolakoa da zure egunerokoa?

Orokorrean, goizeko 5:30ean esnatzen naiz, eta 6:00etatik 8:00etara entrenamendua egiten dut. 9:30-12:15 bitartean klaseak izaten ditut. 14:00etan uretara sartzen naiz berriz eta 16:00etan amaitzen dut jarduna. Arratsaldeak libre izaten ditut, baina martitzenetan eta eguenetan umeei eta helduei igerian egiten erakusten diet.

- Txapelketarik lehiatu duzu AEBn?

5 txapelketatan lehiatu naiz eta nahiko emaitzak onak izan dira, baina hemendik aurrera denbora horiek hobetzea espero dut.

- Zein disziplinatan aritzen zara erosoago?

Bizkarrekoan eta crawlean. Hona iritsi naizen momentutik entrenatzaileak beti distantzia motzak jarri dizkit: 50, 100 eta 200 metrokoak.

- Mailari dagokionez, aldaketa igarri duzu?

Aurkariak askoz hobeak dira hemen. Hemen txikitatik bultzatzen dituzte umeak kirola egitera eta garrantzi handia ematen zaio kirolari. Gainera, askoz igerilari gehiago dago eta, ondorioz, maila handiko igerilari gehiago.

Jon_Osa_3

- Zeintzuk dira zure helburuak AEBn?

Esperientziaz gozatzea, batez ere. AEBko estatu mailako txapelketara joatea nahiko nuke eta unibertsitateari ahal dudan gehien laguntzea.

- Nola moldatzen zara hizkuntzarekin?

Etorri nintzenean nahiko zaila egin zitzaidan jendearekin berba egitea, euren azentua nahiko arraroa delako, baina denborarekin nire ingelesa eraldatu da eta hobera joan dela esango nuke.

- Noiz arte egoteko asmoa duzu?

Oraingoz, 4 urte egingo ditut hemen. Karrerak irauten duena.

- Eibar Igerixanen jarduna jarraitzen duzu?

Bai, Gabonetan eta udan bueltatzen naizenean Eibar Igerixanekin entrenatzen eta lehiatzen jarraituko dut.

- Zein da zure ametsa igeriketa munduan?

Edozein igerilariren ametsa Olinpiar Jokoetara joatea da. Betidanik izan da nire ametsa, baina oso zaila izango da eskuratzea.

Jon_Osa_2