Jon San Vicente: “Zenbat eta pribilegio gehiago izan, orduan eta gehiago dekonstruitu behar zara”

Jon San Vicente: “Zenbat eta pribilegio gehiago izan, orduan eta gehiago dekonstruitu behar zara”
ETA KITTO 2020, Urr 09

Jon San Vicente eibartarrak Sevillan egin zen Mikromatxismoen V. Nazioarteko Kongresuan hartu zuen parte joan den astean, eta identitate homosexualaren eraikuntzan lengoaiak duen garrantziaren inguruan jardun zuen. Gaur egun doktoretza egiten dihardu Jaume I. unibertsitatean eta lantzen dituen gaien inguruko gogoetak ekarri ditu gurera.

 

Zertan datza egiten diharduzun doktoretzak?

Jaiotzen garen momentutik arau, itxaropen eta ideia ezberdinak inposatzen dizkigu-te nolakoak izan behar dugun ezartzeko. Tamalez, inposaketa horiek eragina dute gugan eta jaio aurretik ere grabatuta ditugu. Nola jantzi behar garen, nolako harremanak izan behar ditugun, nola egin behar dugun berba, nor desiratu behar dugun, nolako gorputzak eduki behar ditugun, zein espazio bete behar dugun, zeintzuk ez… Identitate itxiak dira eta ito egiten gaituzte, batzuei gehiago eta beste batzuei gutxiago. Beti jakin nahi izan dut hori guztia nondik datorren. Zergatik pentsatzen dut modu batekoa edo bestekoa izan behar naizela? Nola esan diezaioket beste bati nolakoa izan behar duen? Oso biolentoa da hori. Beraz, kooperazio eta garapenerako masterra amaitzen nengoenean, zuzendariak nahi nuen gaiaren inguruan doktoretza-tesia egitea proposatu zidan, eta gai hauen inguruan ikertzea eta hausnartzea berebizikoa zela ikusi nuen. Tesiak aztertu nahi duena da gizon cis homosexuala bezala identifikatzea prozesu erresilientea den edo ez. Hori bai, identitatea zerbait estatikoa eta biologikoa bezala ulertu gabe, baizik eta eraikuntza sozial moduan edo pertsona batek momentu jakin batean erabili dezakeen estrategia bezala.

 

Prozesuaren zein momentutan dago orain doktoretza?

Existitzen den informazio guztia batzen dihardut, gaur egun onartzen duguna onartzera (nola jantzi, nolako harremanak eduki…) nola iritsi garen jakiteko. Onarpen hori, berez ez daukan esentzia biologikoetan ematen dela uste dugu. “Hau horrela izan behar da eta, bestela, seinalatu eta behartu egiten zaitut”. Arau horiek nola sortu diren aztertzen dihardut.

 

Nola sortu dira?

XVIII. mendeaz geroztik Bioboterea bezala ezagutzen den momentua bizi dugu, non sistema berak identitate finkoak sortzen dituen. Hori kapitalismoarekin uztartu zen, kapitalismoak gorputz indartsu eta otzanak behar baitzituen. Eta, bestetik, sasoi horretan medikuntzaren garapena gertatu zen eta arauei mamia eman zien. Pertsona bat gizona bada ezaugarri jakin batzuk izango ditu (indartsua, etab.) eta heterosexuala izango da nahitaez. Kapitalismoaren eta medikuntzaren bitartez gorputzak nolakoak izan behar diren ezartzen du botereak. Cisheterosexualitatearen arau horren barruan gizona izatea heterosexuala izatea da eta, ondorioz, homosexualitatea arau horren kontrako aldean gelditzen da.

 

Sevillako hitzaldian aipatu zenuen maskulinitate heterosexuala eta homofobia berebizikoak izan direla identitate homosexuala eraikitzeko orduan. Beraz, identitate homosexuala testuinguru heterosexualaren parte da?

Bai, eta hori da tristeena. Arau bat sortzean alteritate bat behar duzu (hau da, arauaren beste aldean edo kontran dagoena), etengabe horrekin konparatzeko eta aldentzeko. Hori da sistema binarioak egiten duena: emakumezkoen eta gizonezkoen rolak kontrajarri. Beraz (beti ere gizon cis-ei buruz berbetan), araua heterosexualitatea bada, alteritatea homosexualitatea izango litzateke. Hala ere, homosexual batzuek arauari heldu nahi izan zioten, arau horrekin bat egin, eta heterosexualitatearen kontsumo dinamiketan sartu nahi izan zuten. Horrela, diskurtso heterosexualaz jabetu ziren eta beste alteritate edo bestetasun bat sortu zuten: emakume-jarrera duen homosexualitatea. Bestetasun hau ezarrita, horrek zehaztuko du gizona zein den eta zein ez. Hau da, jarrera femeninoagoak dutenak ez dira gizonak eta besteak bai. Hori kezkagarria da, datuek diotelako gizon homosexual cis-en %60 inguruk uste duela jarrera femeninoagoak duten gizonek kolektiboaren irudi txarra ematen dutela.

 

Lengoaiak eraikuntza identitarioan eta harreman homo-sexualetan duen garrantziaz ere jardun zenuen. Zergatik da hain garrantzitsua lengoaia?

Nire tesia queer teoriaren barruan kokatzen da eta teoria horrek lengoaia aztertzen du. Lengoaiaren bitartez boterea igortzen da, lengoaiak errealitatea eraikitzen eta izendatzen duelako. Egunerokotasunera eramanez, adibidez, lengoaiarekin pertsona bat seinalatu egin dezakegu eta, horrela, pertsona horri zer izan behar den zehazten diogu, mugak ezarriz. Norbaiti irain bezala maritxua dela esaten badiogu, berak zer ez den izan behar ikasten du. Beraz, lengoaia guztiz aldatu beharko genuke.

 

Medikuntza aipatu duzu identitateen eraikuntzaren gako bezala. Zergatik?

Zientzia edozein gauzaren gainetik jarri dugu, egiaren sortzaile bakar bezala, baina kritikoak izan behar dugu zientziarekin, kalte handiak sortu dituelako. Adibidez, gaixotzat jo zituen LGTBIQA+ kolektiboko pertsonak, baita emakumeak gizonen azpitik daudela esanez edota diskurtso arrazistak ahalbidetuz ere, beste hainbat gauzen artean.

 

Gizartean segurutzat ematen diren gauzak zalantzan jartzeko prest gaude?

Pertsonak sobera adimentsuak gara, baina askotan nahiago dugu gauzak esaten diguten modukoak direla pentsatzea guztia birplanteatzen hastea baino. Medikuntza, nondik gatozen, gure izaera nola eraiki den… Zaila da hori guztia birplanteatzea, ezarritako arauak eta logika apurtzea eta, gainera, energia asko eskatzen du, baina egin beharra dago. Ez dugu normaltasun berririk nahi, normaltasuna apurtu nahi dugu pertsonek euren identitateak esperimentatzeko.

 

Nola egin daiteke aurre gizartean eta pertsona bakoitzarengan ezarritako arauei?

Borroka asko dago egiteko. Kolektiboek espazioak, eskubideak, identitateak… aldarrikatu behar ditugu, baina ezin dugu egunerokotasuna ahaztu. Gure inguruan duguna edo gu geu nolakoak garen aztertu behar dugu. Zenbat eta pribilegio gehiago izan, orduan eta gehiago dekonstruitu behar zara. Horregatik garrantzitsua da gure egoeraz jabetzea eta ardurak hartzea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »