Jone Arrazola (Emagin Elkartea): “Behar-beharrezkoa da gizonak inplikatzea zaintza-sistema eraldatu nahi badugu”

Jone Arrazola (Emagin Elkartea): “Behar-beharrezkoa da gizonak inplikatzea zaintza-sistema eraldatu nahi badugu”
ETA KITTO 2021, Mar 29

Martxoaren 8ko egitarauaren barruan,  “Zaintzaren demokratizaziorantz” hitzaldia eskaini zuen aurreko astean Emagin elkarteko Jone Arrazolak Eibarren. Zaintza-lanek, familian ematen direnak zein merkantilizatu egiten direnak, genero, klase eta arraza ikuspegitik zapalkuntza sustatzen dutela uste du. Hainbat ikerketa egin dituzte Euskal Herrian, eta horietaz eta gaur egungo zaintza-erregimena eraldatzeko beharraz egin dugu berba Jonekin

“Zaintzaren demokratizaziorantz” izenburua erabiltzen duzue Emagin elkartetik ematen dituzuen hitzaldi eta solasaldi askotan.  Zer dago esaldi horren pean?
Egia da titulu sugerentea dela. Zaintza-lanak ezinbestekoak dira. Neurri haundi batean eremu pribatuan, familian, ematen dira, eta bestela merkantilizatu egiten dira (sarritan batzuk aberasteko).  Emakumeak arduratzen dira zaintza-lanetaz: doan eta maitasunagatik familia barruan, edo oso soldata eskasen truke. Antolaketa-eredu honek  genero, klase eta arraza ikuspegitik zapalkuntzak sustatzen ditu. Hortaz, gure  proposamena zaintza-erregimena demokratizatzea edo berrantolatzea da.

Zein da zuen proposamena zaintzaren berrantolaketa horretan?
Emaginek hiru gako garrantzitsu bereiztu ditu.  Batetik, zaintza lanak sozialki eta politikoki aitortzea, hau da, lanen izaera, dimentsioa, tokian toki betetzen dituzten funtzioak ikustaraztea, ekonomian egiten duten ekarpena kontuan hartuz. Egoera prekarioetan egiten dute lan eta, orokorrean, ez da euren lana sozialki eta ekonomikoki aitortzen. Eta honetarako ekintza batzuk proposatzen ditugu, batzuk eremu sinbolikoarekin lotura dutenak. Bestetik,  zaintza-lanak modu justu batean banatzea: familia-eredu batean bizi gara, eta kasu askotan emakumeak dira zaintzaile nagusiak. Iruditzen zaigu eredu komunitario bateko joera hartu behar dugula, eta gizonezkoen papera funtsezkoa dela. Azken batean, gizonek ez dute gaur egun zaintza-lanetan jarduten emakumeok adina, eta ez dituzte ardura sozial asko bereganatzen. Eta, azkenik, zaintzaileen bizi eta lan baldintzak duintzea;  gatazkaz beteriko enplegu bat da, eta horretarako zaintzaileen arteko elkarguneak sortu behar direla hausnartu dugu, formazioa sustatu behar dela, lan-baldintzak hobetu behar direla….

Zaintzaren ikuspegi historikoaren gaineko ikerketa egin duzue Ataunen eta Oñatin eta, horrez gain, gaur egungo zaintzaren erregimena  aztertu duzue Beterri-Buruntzaldean.
Zaintzaileen oso  espektro zabala hartu dugu, ikuspegi historikoa ere kontuan hartuta.  Bi foko nagusi ezarri ziren. Lehenik zaintza-langileak dira, bai familia zaintzen dutenak, bai eta zaintza profesionalean jarduten dutenak ere, erresidentzietan, etxeetan, eguneko zentroetan, edo etxeko langile gisa. Eta bigarren fokoan daude adindunen edo helduen zaintzara dedikatzen diren horiek; azkenean iruditu zitzaigun errealitate gordina dela, zailtasunez betetakoa, gatazka asko metatzen diren eremu bat dela eta urgentziaz atenditu beharrekoa gainera. Azterketan ikusi dugu zaintza lanak nagusiki emakumeek egiten dituztela. Konturatu gara, gero eta arrazializatuagoa dagoen sektore bati buruz ari garela, merkantilizatzen denean lan-badintza okerrenak arrazializatutako emakumeek dituztelako.

Eraldaketa gertatzeko, sare komunitarioak indartzearen beharra ikusten duzue.
Logika hetereopatrialkaletik emakumeek maitasunagatik  egiten dute zaintza-lana familiaren baitan. Sare komunitarioak oso baliozkoak izan ahal dira. Sare komunitario horretan rol desberdinak behar dira: alde batetik, Udalak har dezake sare hori sustatzeko eta  antolatzeko ardura. Edo auzoetako merkatariek paper garrantzitsua izan dezakete laguntza behar duten pertsonak detektatzeko garaian. Talde feministen lehentasunetako bat  da, bestalde, zaintza-lanaren berrantolaketa hau. Baina sare komunitario hauetan behar-beharrezkoa da gizonak inplikatzea. Elkartasun elkateak, GKEak… emakumez josita daude. Gizonei euren ardura ere badela ulertarazi behar diegu.

Pandemian inoiz baino gehiago gelditu da agerian emakumeak direla haurrak eta nagusiak zaintzeaz arduratzen direnak.
Gizon eta emakumeen artean gertatzen den lan-banaketa horretan ulertzen dugu familiako emakumezkoak garela adinekoen edo haurren zaintza hobeto egiten dakigunak. Baina beti ez gara onenak, eta zaintza horiek beste batzuen esku uztea (gizonezkoen, sare komunitarioaren edo zerbitzu publikoen esku) emakumeentzako aukera bat  izan daiteke, euren emanzipaziorako. Egia da  zaintza merkaturatzen denean lan-baldintzak oso prekarioak direla; erresidentzietako emakumeek urteak daramatzate hori salatzen. Lan-merkatua oso prekarioa da, emakumeek egiten dutelako. Zaintza bigarren mailako lantzat  jotzen da, baina pandemiarekin ikusi da, dena gelditu denean, funtsezkoak diren lanak ez direla eten, are gehiago, areagotu egin dira: osasun-langileak, zaintzakoak, garbitzaileak… guztiz feminizatuak diren lan-esparruak dira eta, maskulinizatutakoekin konparatuz gero, lan-baldintzak ez dira ezta parekagarriak ere. Hori injustua dela esaten dugu.

Zer egin dezakete erakundeek alor horretan?
Emaginek egindako azterketaren arabera, erakunde publikoetan zerbitzuak eskaintzen dira, baina horien kudeaketan enpresa pribatuak daude, eta hori langile zein egoiliarren kalterako da. Etxeko langileetan ere, erantzukizuna dute erakunde publikoek, eta mekanismo gehiago jarri daitezke martxan horiek kontrolatzeko. Eta etxeko langileen lan-baldintzen hobekuntzarako bideak ere aztertu ditugu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »