Jorge Arregi, odol-emailea: “Ospitalean odola egoteko, norbaitek eman behar izan du”

Jorge Arregi, odol-emailea: “Ospitalean odola egoteko, norbaitek eman behar izan du”
ETA KITTO 2020, Aza 27

Jorge Arregik urte asko daramatza odola ematen. “Ez dakit zenbat urte diren, ez ditut kontatu”, dio zintzo. Hilean birritan egoten da odola emateko aukera Eibarren. Emaileentzat gauza xamurra izan daitekeena, hil ala bizikoa izan daiteke odol horren beharra dutenentzat. Aspaldiko beharra da hori eta COVID-19aren sasoi honetan emaileek garrantzi berezia izan dezakete, Jorgek bezala.

 

Zergatik zara odol-emailea?

Etxean izan dudan eredua izan da eta etxean ikasten duzuna errepikatu egiten duzu. Aita odol-emailea zen, nire arreba ere, eta anaiak sasoi batean hepatitisa izan zuen eta ezin izan zuen odola ematen jarraitu, baina ikerketa berriei esker hepatitisa pasatu duten batzuek ere eman ahal dute, hepatitis klasearen arabera. Askok ez dakite odola eman dezaketela.

 

Urtean zenbat aldiz eman dezakezu odola?

Emakumeek urtean hiru aldiz eman dezakete eta gizonezkoek lautan. Saio batetik bestera bi hilabeteko tartea egon behar da gutxienez, eta hori urtean behin bakarrik egin daiteke. Bestela, hiru hilabete pasa behar dira gutxienez. Oso zorrotzak dira kontu horrekin. Gero, ezin duzu 50 kilo baino gutxiago pisatu, arteria-presio egokia izan behar duzu eta baita burdin-maila ere. Odola ematera zoazen momentuan neurtzen dizute hori eta ez dago emaileari ezer txarrik gertatzeko arriskurik. Gainera, nik odola emateari esker jakin nuen presio altua nuela, horrelako gauzak antzemateko balio duelako. Orain pilulak hartzen ditut eta odola eman dezaket.

 

Odol-emaileen kopurua jaitsi egin dela aipatu dute telebistan berriki. Odol-emaile gehiagoren beharra dago?

Beti egon da ekimen hau zabaltzeko beharra. Mila aldiz entzun dugu hedabideetan odol-emaile berriak behar direla, baina kontzientziazio kanpaina bat behar da. Nik adibide bera jartzen dut beti: baten bat ospitalera badoa ebakuntza bat egitera, bere buruari galdetzen ote dio ebakuntzarako behar den odola, plasma edo plaketak nondik ateratzen diren? Ez da supermerkatura joatea eta beti bertan aurkitu dezakegun zerbait hartzea. Agian uste dugu ospitalera goazela eta odola nahieran dagoela, baina ez da horrela. Ospitalean odola egoteko, norbaitek eman behar izan du. Inork ez balu odolik emango, zer gertatuko litzateke ospitaletan? Zenbat jende hilko litzateke? Zenbat ebakuntza egin daitezke odol gabe? Mezu gogorragoak eman behar ditugu odola emateko kontzientzia gehiago zabaltzeko.

 

Beraz, deialdia egiten duzu odol-emaile gehiago lortzeko?

Eibarren badago odola emateko kultura. Nik urteak daramatzat odola ematen, baina badago askoz ere urte gehiagotan odola ematen ibili direnak. Gainera, lehen Eibarren ez zegoen odola emateko aukerarik eta Bilbora joaten ziren. Jose Mari Lupeñak urte askoan antolatu du janariaren eta edariaren kontua, hutsik egin gabe. Orain jubilatuta dago eta zereginean erne eta tinko jarraitzen du. Jende honi behar den garrantzia eman behar zaio.

 

Orain COVID-19a dugu tartean eta gaitza pasatu dutenen plasma lagungarria izan daiteke koronabirusa dutenentzat. Zuk zeuk gaixotasuna pasa zenuen. Nola laguntzen duzu orain?

Sendagile batek hobeto erantzungo lioke galdera horri, baina azaltzen saiatuko naiz. Martxoan COVID-19a izan nuen. Hilabete egon nintzen etxetik irten gabe, gelan bakartuta, baina pasatu nuen. Sasoi hartan ez genuen koronabirusari buruz gauza asko ezagutzen. Nahiko makal ibili nintzen, baina gaixotasunak nolako ondorioak izan ditzakeen ikusita, gaitzerdi. Gripe arruntarekin eta tuberkulosiarekin gertatzen den bezala, gaixotasuna pasatzen duten pertsonek antigorputzak sortzen dituzte eta zenbat eta karga biral gehiago izan, antigorputz gehiago izango dituzu. Hori odol-plasman aurkitu dezakegu eta, Galdakaoko ospitalean egiten diharduten ekimen baten bitartez, COVID-19a pasa dutenen plasma koronabirusarekin gaixorik daudenei jartzen zaie. Honekin gaixoak ez dira berehala sendatzen, baina abiagailu moduan erabiltzen da euren sistema immunitarioa martxan jartzeko. Ikusi da prozesu honek nahiko eragin makala duela larri dauden gaixoengan, baina gaixo berriengan eragin handia du. Hau da, gaixotasunaren lehen faseetan daudenek odol-plasma hori jasotzen badute, asko laguntzen die.

 

Odol-plasmak nola laguntzen die?

Joan den egunean Galdakaon esan zidatenez, adibidez, COVID-19arengatik pertsona bat normalean hilabete egon ohi bada ospitalean, odol-plasmarekin astebetera murriztu daiteke epe hori. Ez da panazea, baina lagungarria da.

 

Prozesuari dagokionez, odola ematea bezalakoa da?

Ez da gauza bera. Hasteko, Galdakaoko ospitalekoek ematen dizute txanda. Nik bost aldiz eman dut dagoeneko eta abenduan berriz emango dut. Gero, odol-plasma emateko orduan, makina berezi bat erabiltzen dute. Odola makinara doa, filtro batetik pasatzerakoan odol-plasma (odolaren osagai likidoa) bereiztu eta hartzen dute, eta beste guztia bueltan datorkizu. Hori ziklo bat da eta lau aldiz errepikatzen dute. Odola ematerakoan baino denbora gehiago behar da, baina esku-oheak oso erosoak dira, wifi-a dago, telebista, kafea, jatekoa… Etxean bezala!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »