Joseba Tapia: “Aspaldiko gertaerak distortsionatuak iristen dira gure begi-belarrietara”
Aurtengo edizioan, domekan egin ohi izan den dantzaldia zapatuan egingo da eta aurtengoan maila goreneko musikariak izango ditugu dantzak girotzeko. Izan ere, Arkaitz Miner, Quico Puges eta Iraide Ansorena izango dira musika jotzen, gehienentzat oso ezaguna den artista batekin: Joseba Tapia. Hain zuzen ere, Lasarte-Oriako musikariak 2001. urtean kaleratutako ‘Agur Intxorta Maite’ diskoko kantak joko dituzte, Eibarko bonbardaketen 90. urteurrenean, memoria historikoari keinu eginez. Dantzan, ostera, Kezka, Haritz, Gure-Kai, Gorosarri eta Txindurri dantza taldeak arituko dira.
Euskal Jaiko dantzaldian musika egiten arituko zara Arkaitz Miner, Quico Puges eta Iraide Ansorenarekin. Nolako elkarlana sortu da lauren artean? Nolakoa da konexioa?
Urte askotan aritu naiz Arkaitzekin, bai erromerietan bai kontzertuetan. Nire bakarkako disko askotan parte hartu izan du, eta Tapia eta Leturiarekin hamar urtez elkarrekin aritu gara. Ondo ezagutzen dugu elkar. Quico ere ezaguna dut; ‘Tximela kapitaina’ jo izan dugu elkarrekin. Iraiderrekin ez naiz sekula aritu, baina askotan entzun dut bere izena. Gogoa dut oholtza gainean ezagutzeko.
Antolatzaileek aurreratu digute Intxortako diskoko kantak joko dituzuela. Nolako kantak dira? Nola egokitu dituzue Euskal Jaiko dantzaldian jotzeko?
Kasu honetan dantzariak egokitu dira gurera. Guk diskoan agertzen diren oso antzera kantatuko ditugu kantuak. Ikusiko dugu nola moldatzen diren dantzariak. Kantu hauek dantzatzeko ideia ez da oraingoa, baina lehen aldia hau izango dela esango nuke. Kantuak oso dantzagarriak dira halabeharrez. Doinua jarri nienean Elgeta nuen gogoan (Jacinto Rivas Sanz). Dueson preso hartu zuten 1937an eta bizi guztirako kartzela eman zioten. Duesotik Puerto de Santa Mariara eraman zuten. Handik bizirik irten zen eta soinu jotzen segitu zuen. Hark erakutsi zion nire osaba Eleuteriori soinu jotzen. Gero osabak niri erakutsi zizkidan hark erakutsitakoak. Dantza haien usainean sortutako doinuak dira.
Antolatzaileek esan digute memoria historikoari keinu egin nahi izan dela. Zergatik izan daiteke garrantzitsua gaur egun memoria historikoa musikaren bidez lantzea?
Ahaztu egiten direlako gertatutako ankerkeriak azkenerako eta gogorarazteko modu bat izan liteke. Belaunaldi berrientzat oso urruneko kontuak izan litezke eta komeni da haiek ere jakin dezaten hemen zer nolako bidegabekeriak gertatu ziren.
Euskal Herrian askotan kantatu izan dira gudari, erbeste edo memoriarekin lotutako piezak. Sentitzen duzu belaunaldi berriek oraindik lotura dutela kanta horiekin?
Ezetz esango nuke eta ez da harritzekoa. Teknologia modernoak eduki arren, ez gara datorren informazio uholdeari aurre egiteko gai, eta badakigu gezurra eta egia nola nahasten dituzten pantailetan. Kultura transmisio animalia dago, baina ez da guk nahiko genukeen bezalakoa. Aspaldiko gertaerak distortsionatuak iristen dira gure begi-belarrietara. Hiztegia bera ere bahitua daukate. Orain “askatasuna” hitza erabiltzen dute, hura kendu nahi dutenek. Jendea engainatzea erraza dago gainera. Erruki zakizkit…
Zure ibilbidean tradizioa eta berrikuntza sarri uztartu dituzu. Oreka hori naturalki ateratzen zaizu ala etengabeko bilaketa da?
Niri tradizioa asko gustatzen zait eta inspirazio iturri da, baina tradizioa berritzea ere garrantzitsua dela iruditzen zait. Ezin gara XVI. mendean bizi beti. Gaurko munduak ikuspegi berri bat eskatzen du, egokitze bat. Sortzen ez duen herri bat ez da inoiz biziko. Sortzeak askotan zikintzea esan nahi du. Zikindu ditzagun gure zapatak beldurrik gabe…
Gaur egungo euskal folk edo herri musikaren panoramari begiratuta, non ikusten duzu indarra? Eta zer sumatzen duzu faltan?
Gazteengan ikusten dut indarra, irudimena, bizitzeko gogoa… Gauza horiek konfiantza ematen didate. Enpresari handiak eta bankuek ematen didate beldurra. Hortik ez dator ezer onik. Horrela, sinplean esanik, hortxe bi muturrak.
Urte asko daramatzazu musikan eta, modu batean esatearren, inoiz baino freskoago ikusten zaitugu. Zerk eusten zaitu?
Oraindik maitemindua nago musikarekin eta edertasunarekin. Gustatu egiten zait nire ofizioa. Kantua eta musika dira nire mundu aldrebes honi eskaini diezaiokedan onena gainera. Jendea dantzan, kantuan eta gozatzen ikusteak ez dauka preziorik.